Diktadoreak lagunduta jan zituen

Diktadoreak lagunduta jan zituen

​Joan den barikuan, Begoñako Amaren erromeria aprobetxatuta, Bilboko udalbatzak Begoñako elizateko armarria inauguratu zuen basilika alboan. Han egon zen elizateko udaletxea. Yosu Meabebasterretxeak egin du eskultura, 1639ko grabatu batean oinarrituta. 2022an beste horrenbeste egin zuten Deustuko elizateko armarriarekin: Done Petri plaza berrituan ipini zuten, udaletxea egondako lekuan. Juan Mari Aburto alkateak kontatu duenez, abuztuaren 15eko meza nagusira Begoñako azken alkatearen aginte makila eroan ohi du Bilboko alkateak. Ondoren, elizateko aurreskua dantzatzen du, Begoñako alkateak jaurerriko zaindariaren jaia ospatzera joaten ziren bizkaitarren omenez egiten zuen legez. Bilboko udal protokoloan, bada, lekua dute anexionatutako herri bion ohiturek. Baina duela ehun urte bestelakoa izan zen elizateon eta hiribilduaren arteko harremana; batez ere, agintarien artekoa. 

[articles:2132099]

Begoñako portuan sortu zuen Diego Lopez Harokoa Bizkaiko jaunak Bilboko hiribildua, 1300ean. Mendeak pasatu ahala, haziz joan zen, eta lekua behar zuen. XIX. mendean, inguruko elizateetako lurrak bereganatzen hasi zen. 1870ean, Begoñarekin mugan zituen hainbat arlo bereganatu zituen, eta, batez ere, Abandoko elizateko zatirik handiena, lehen zabalgunea egiteko. 1890ean anexionatu zituen Abandoko gainontzeko lurrak, bigarren zabalgunekoak —2010ean ipini zuten oroigarria Abandon, 120. urteurrenean—. Aritz Ipiña historialariak azaldu duenez, orduan ere Bilboko Udala saiatu zen Begoña osoa eta Deustu bereganatzen, baina Espainiako Gobernuak eragotzi zuen.

«Deustun eta Begoñan indarkeria barik borrokatzea erabaki zuten: erresistentzia administratiboa egingo zuten»
ARITZ IPIÑA Historialaria

Bilbo itota zegoen. «Hiri indartsua eta aberatsa zen. Sekulako immigrazioa zeukan, eta lekua behar zuen bizirauteko. Leku hori Abandon eta Deustun zeukan. Lurra lortu aurretik, dagoeneko pentsatuta zeukaten non joango zen Casilda Iturrizar parkea, non eraikiko zuten Foru Jauregia», gogoratu du Ipiñak. «XXI. mendeko hirigintza-espekulazio kasu bat zen, baina XIX. mendean». Horregatik, 1910eko urteetan, Federico Moiua Bilboko alkateak Deustu eta Begoña eskuratzeko beste saio bat egin zuen. 

Industria ere bazuten arren, nekazari herriak ziren biak, eta biztanle gutxi zituzten: 8.200 Deustuk, 11.100 Begoñak; Bilbok, 100.000tik gora. Handiak irentsiko zituen beldur ziren, eta elizateetako udalek galdeketa bat eskatu zuten, bazekitelako emaitza beren aldekoa izango zela. Espainiako Gobernuak ez zuen onartu. «Deustun eta Begoñan indarkeria barik borrokatzea erabaki zuten: erresistentzia administratiboa egingo zuten, prozesua moteltzeko». Jesus Gaztañaga eta Jose Mendezona Deustuko eta Begoñako udal idazkariak arduratu ziren horretaz; Marcos Orueta eta Ernesto Allende ziren alkateak.

Bilboko udalbatzako kideak, 2022ko ekainaren 7an, Deustuko Done Petri plazan, Deustuko elizateko armarriaren inaugurazioan. BILBOKO UDALA

1920an, beste eskaera bat egin zuen Bilbok. Elizateek berriro trabak ipini zituzten, helegiteak jarrita eta txostenak eskatuta. «Bilbo nekatzea nahi zuten, amore eman zezan, baina ez zuten lortu». 1924an, Moiua berriro joan zen Madrilera. Oraingoan, Miguel Primo de Rivera diktadorea zegoen buru Espainiako Gobernuan. «Akabo: Deustun eta Begoñan bazekiten ez zutela zer eginik. Hala ere, estrategiari eutsi zioten». 

Ipiñak kontatu duenez, udalak babes bila hasi ziren. Bilbokoak txostena eskatu zion Guardia Zibilari: horrek esan zuen anexioa onuragarria zela, «segurtasuna indartzeko». Begoñako nekazarien kooperatiba aurka agertu zen, «hobeto kudeatzen delako herri txikietatik». Deustuk Bizkaiko herrien eta diputazioaren babesa bilatu zuen, baina ez zuen topatu.  

Gobernua nekatzen hasi zen, eta, 1924ko abuztuan, funtzionarioek osatutako batzorde bat eratu zuen, anexioa gidatzeko, Bizkaiko gobernadorea buru zela. Hiru udalerrietara bisitak egin zituzten. Bilbok Deustuko eta Begoñako lekurik okerrenetara eroan zituen, anexioa onuragarri izango zela pentsarazteko. Deustuk eta Begoñak ere Bilboko auzo baztertuenetako higiene falta erakutsi zuten. Dena izan zen alferrik: 1924ko urriaren 29ko errege agindu batek onartu zuen Deustu, Begoña eta Erandioko Lutxana auzoa Bilbora batzea. 1925eko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean. Lutxana 1983ko urtarrilaren 1ean desanexionatu zen, Erandioko gainontzeko zatiarekin eta Txorierriko herriekin batera —Francisco Francoren diktaduran anexionatu zituen Bilbok—. Begoñak eta Deustuk, ostera, Bilbon jarraitu zuten.

Herriak hiltzen utzi

Urte gogorrak izan ziren Deusturentzat eta Begoñarentzat. «Bilbokoak autoan joan ziren Lutxanara, Deustura eta Begoñara, bilbotar berriek alkatea ezagutu zezaten. Herritarrek probokaziotzat hartu zuten». Ipiñaren arabera, Bilbok hiltzen utzi zituen herri moduan. 36ko gerran, 1937an, bonba bat erori zen Deustuko udaletxera; eskolak ere han egon arren, osorik eraitsi zuten. Begoñakoa ere bai, 1957an. «Elizateen ikur ziren guztiak desagerrarazi zituzten, jaiak izan ezik; herritarrek mantendu dituzte bizirik». Berehala hasi ziren obrak egiten, betiere Bilboren interesak lehenetsiz. Esaterako, 1925ean bertan, Bilboko burgesiak Uribe Kostako oporlekuetara joan ahal izateko errepidea eraiki zuten — gaur egungo Agirre lehendakariaren etorbidea—. Eraikuntza lanak egiteko, Bilboko enpresak eroaten zituzten, Deustun eta Begoñan bertan kontratatu ordez.