Mendiak zaintzeko konpromisoa hartu dute

Mendiak zaintzeko konpromisoa hartu dute

​Ona da gero eta mendizale gehiago aritzea korrika mendian, baina horrek kalteak ere eragin ditu zenbait arlotan. «Ohartu gara gaur egungo mendi probek beste bide bat hartu dutela, eta, sarritan, alde batera uzten direla mendizaletasunaren balioak», esan du Gotzon Idirin korrikalariak. Egoerak kezkatuta, Etiketa Berdea egitasmoa garatu dute hainbat korrikalarik, mendizalek eta antolatzailek elkarlanean, eta, kiroletik harago, jasangarritasunean, elkartasunean eta berdintasunean jarri dute arreta.

[articles:2130307]

Hausnarketa kolektibo bat izan zen proiektuaren abiapuntua, Idirinek kontatu duenez: «Gutako asko korrikalariak izandakoak gara, antolakuntzan eta ibilitakoak, eta ikusi genuen egungo lasterketek bide merkantilistago bat hartu dutela, negozio bilakatu direla, eta kontu etiko asko ez direla errespetatzen». Denen ekarpenak bilduta ondu dute Etiketa Berdearen dekalogoa. Ingurumenaren babesa da oinarri nagusietako bat, baina, horrez gainera, badira gehiago: elkartasuna, aniztasuna, berdintasuna, inklusioa eta errespetua, kasurako. «Dekalogoa da Etiketa Berdearen oinarria. Puntu batzuk marra gorri gisa ezarrita daude, eta beste batzuk aholku baino ez dira».

Puntu horiek errespetatzen dituen edozein mendi lasterketak eskura dezake Etiketa Berdea. «Gu ez gara epaileak; berbazko kontu bat da. Konpromisoa hartzen duenari ematen zaio Etiketa Berdea», argitu du Idirinek. Hala ere, berme batzorderako taldea osatzeko bidean dabiltza, «nolabaiteko kontrol edo jarraipen bat» egiteko. 

Dagoeneko 50 mendi lasterketek egin dute bat egitasmoarekin, eta, aurrera begira, euren filosofia zabaltzen jarraitzeko asmoa dute. «Gure helburua ez da izan lasterketa kopuru jakin bat lortzea inondik inora ere, baizik eta filosofia hau gizarteratzea, jendeak kontzientzia har dezan».

DEKALOGOAREN ZENBAIT PUNTU

Parke natural batetik, naturagune babestu batetik edo ekologikoki kaltebera den ingurune batetik pasatzen diren partaide kopurua gehienez ere 500 pertsonakoa izango da.

Parte hartzaileren batek inguruneari kalte egiten badio —zaborren bat botaz, esaterako—, dortsal zenbakia hartu eta jarraian probatik kaleratuko da. 

Ez dute diruagatik korrika egiten. Sariek, orotara eta maila guztiak kontuan hartuta, ez dute 3.000 euroko langa gaindituko. 

Korrikalari guztiek egoera larrian edo beharrizanean dauden beste korrikalariei sorospena emateko betebeharra izango dute. Sorospena, abisua ez emateak edo laguntza eskeari entzungor egiteak zuzenean kaleratzea eragingo du.

Gaur egun sailkapenak era binario batean —hau da, gizon eta emakume— banatuta dauden arren, ez da identitate horietatik kanpo sentitzen den inor baztertuko. Parte hartzaile bakoitza identifikatzen den generoaren kategorian parte hartzea izango da helburua. Hala eskatuko balute eta posible balitz, ez litzateke gaizki ikusiko sailkapen bi horietatik kanpo legokeen beste sailkapen bat izatea.