Hondakinak ikertzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko zentro bat sortuko dute

Hondakinak ikertzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko zentro bat sortuko dute

​Bizkaiko Foru Aldundiak oraintsu bidali du Hiri Hondakinen Plan berria Batzar Nagusietara, eztabaidatu eta onartzeko. Hark zehaztuko ditu datozen urteetarako Europako Batasunak eta foru aldundiak berak ezarritako helburuak eta horiek lortzeko estrategiak. Horretarako tresna berri bat izango du herrialdeak udazkenetik aurrera: WLB Waste Lab Bizkaia —hondakinen laborategia, euskaraz—. Bizkaiko parke teknologikoan egongo den hondakinen kudeaketarako eta herritarrak sentsibilizatzeko ikerketa eta berrikuntza zentroa izango da. Herenegun aurkeztu zuten Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak, Bilbon.

Etxanoberen esanetan, «ekonomia zirkular eta hondakin gutxi baterantz aurrera egiten jarraitzeko asmoagaz» sortutako proiektua da. «Hondakin gutxiago sortzen dituen lurralde moduan jarraitu behar dugu, eta hori denon eginbeharra da. Sortzen ditugun hondakinak hobeto kudeatu behar ditugu, badaukagu-eta horretarako aukera». Eraikina bera ere birziklatutakoa izango da, Atutxak nabarmendu duenez: parke teknologikoan ikerketari eta zientziari eskainitako interpretazio gune bat egon zen bere garaian, eta haren egoitza egokituko dute. Horretarako 400.000 euroko inbertsioa egingo dute. Aurki adjudikatuko dituzte lanak.

Hiru maila, hiru gune

Zentroa elkargunea izango da, han topo egingo dutelako ikertzaileek, herritarrek eta tokiko erakundeek. Hiru gune izango ditu: Kalea, Plaza eta Auzoa ipini diete izena. Bakoitzak bere erabilera izango du, baina elkarren osagarri izango dira, Atutxaren arabera.

Kalea zentrorako sarbidea izango dela azaldu du: «Herritarren gunea izango da. Bizkaian minutuero sortzen ditugun 1.285 hondakin kiloen simulazio batetik sartuko dira. Pasabide horretatik pantaila handi baten inguruko harmailetara ailegatuko dira. Txirrista batetik birziklatutako plastikozko botilez betetako igerileku batera jaitsiko dira. Erakusketa gune bat ere izango du, eta han ikasiko dute zelan tratatzen diren hondakinak. Azken batean, sentsibilizazioa eta dibulgazioa izango ditu oinarri. Scape room bat ere izango da han». Bilboko Artigasko Ekoparkean dagoen Ingurumen Interpretazio Zentroaren osagarria izango da, Atutxaren esanetan. Bilboko zentroan urtero 7.000 bisitari izaten dituzte, hondakinen kudeaketa bertatik bertara ezagutzeko.

«Sortzen ditugun hondakinak hobeto kudeatu behar ditugu, badaukagu-eta horretarako aukera»
ELIXABETE ETXENOBE Bizkaiko ahaldun nagusia

Gorengo mailan dago Kalea, beraz, eta beherengoan Auzoa. «Lanerako gune zabala da, ikerketarako eta esperimentaziorako. Hondakinei balio berri bat ematea izango da han egindako lanaren helburua, hondakinen kudeaketa arloan materialak, produktuak, zerbitzuak eta politika berritzeko», Atutxa diputatuaren esanetan. Ikerlari egoiliarrak han egongo dira beharrean. Dokumentazio zentro bat eta lanerako erabilera askotako aretoak izango dituzte. Haien arteko harremana eta elkarlana sustatuko dira, ezagutzak partekatu eta proiektu berriak martxan jartzeko. Diputazioak egindako aurreikuspenen arabera, 28 ikerlari egoiliar eta zazpi lantalde arituko dira han beharrean. Hala ere, beharren arabera lekuak egokitu ahal izango dira.

Kalea-ren eta Auzoa-ren artean, azkenik, Plaza egongo da. «Hemen elkartuko dira Kalea-koak eta Auzoa-koak, eta baita tokiko erakundeak ere, proiektu honen parte garrantzitsu dira eta. Jardunaldiak, topaketak eta eztabaidak egingo dira. Ezagutza partekatzeko eta dibulgatzeko gunea da, amateur eta adituentzat», azaldu du Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak.