Desadostasun bat piztu da Zornotzan, udalak Martzel do Nascimento artistak (Bilbo, 1997) margotutako murala ezabatu duelako. Inori abisu eman barik, uztailaren 9an, 05:00etan, Heldu izeneko margolana margo grisez tapatu zuten udal langileek. Do Nascimento azalpen eske dabil, eta hainbat herritarrek ere erakutsi dute desadostasuna udalak hartutako erabakiarekin. «Udal gobernuari eskatzen diot kultura errespetatzeko, nire lana errespetatzeko eta zentzuz jokatzeko. Kultura beharrezkoa da», aldarrikatu du Do Nascimentok.
Artistak azaldu duenez, margotutako horma banketxe bateko kanpoko aldea da. Orain dela hamar bat urte eraikin horretan gizarte eragile batzuen proiektua egon zen: errefuxiatuentzako etxebizitza moduan erabili nahi zuten. Hori dela eta, errefuxiatuei lotutako mural bat margotu zuten han. 2017an, Do Nascimentori deitu zioten beste mural bat egiteko, eta egin zuen artistak, eta hilabete honetan berritu egin du.
«Murala 2017tik egon da gaur egun arte, eta inork ez du kexarik agertu. Pintura altxatuta zegoela eta, berritzera joan nintzen», esan du Do Nascimentok. Kultur zinegotziari eman zion abisua. «Zornotzako Udalaren webgunean dagoen helbide elektronikora idatzi nuen, esanez aste horretan hasiko nintzela murala berritzen eta aste osoan ibiliko nintzela horretan». Artista lau egunez egon zen han, murala berritzen, goizetik gauera. «Udalak bazekien eta mundu guztiak bazekien ni han nenbilela margotzen, eta inork ez zidan ezer esan».
«Udalak bazekien eta mundu guztiak bazekien ni han nenbilela margotzen, eta inork ez zidan ezer esan»
MARTZEL DO NASCIMENTO Artista
Joan den uztailaren 4an bukatu zuen murala Do Nascimentok, eta uztailaren 9an ezabatu zuen udalak, inolako azalpenik eman barik, argudiatuz artistak abisua emateko erabili zuen bidea ez zela ofiziala. Muralaren egileak adierazi duenez, udalak bi ordenantza erabili ditu argudio moduan murala ezabatzeko. Alde batetik, esan dute muralak ez duela garbiketari dagokion ordenantza betetzen, baina Do Nascimentok kontatu du hori ez zaio zentzuzkoa iruditzen: «Murala zazpi urtez egon da hor, eta orain arte ez dute ezabatu. Ordenantza betetzen zuen lehen?».
Bestaldetik, udalak esan du muralak azterketa bat gainditu behar duela. «Esan zidaten nik interbentzio artistikoa egiten dudan bakoitzean eurei abisatu behar diedala, filtro bat pasatu behar dela eta». Artistak erabateko desadostasuna erakutsi du neurri horri dagokionez. «Haiek esaten dute zer bai eta zer ez, eta nik ez dut uste horrek horrela izan behar duenik; ez nik, ez beste inork».
‘Heldu’ kontzeptua
«Hilabeteak neramatzan proiektu honetan pentsatzen, heldu kontzeptuari bueltak ematen». Do Nascimentok murala sortzeko prozesua ezagutzera eman du. Haren ustez, migratzeko eskubidea «berriro arriskuan» dago, eta «guztiz beharrezkoa» zen horrelako mural bat egitea, hortik pasa daitekeen migratzaile batek sentitzeko «leku ziur batean dagoela». «Murala ez da inoren kontrakoa: giza eskubideen aldeko mural bat da, ez du inor iraintzen», ziurtatu du Do Nascimentok.
Artistak uste du migratzaileentzako herri seguru bat dela Zornotza: «Nik nire herria horrela ikusten dut, horrela ikusten dugu, eta ikusi da herriak erantzuna eman duela». «Oso eskertuta» dago jaso duen babesarekin. «Irainduta, minduta, triste eta haserre dago herria, hori ikusten dut nik. Inplikazioa eskertzen da pila bat; ez naiz inoiz bakarrik sentitu eta hori oso eskertzekoa da».
Do Nascimentok azalpen bat nahi du, edo, behintzat, Ainhoa Salterain Zornotzako alkatearekin elkartu eta hitz egin nahi du. Kexatu da udaleko inor ez dela berekin harremanetan jarri. Hori dela eta, bera arduratu da alkateari batzar bat eskatzeaz: «Alkateari idatzi diot batzar bat eskatzeko, nire egoera azaltzeko, eta haiek niri azalpenak emateko, niri ez didatelako ezer esan pertsonalki». Bilera abuztuaren lehenengo egunetan egitekoak dira. Bizkaiko Hitza udalarekin hitz egiten saiatu da, baina ez du lortu.
Muralgilearen ustez, bazeuden moduak egoera beste era batean konpontzeko: «Zure jabetzakoa den zerbait margotzen badute, eta ez bazaizu gustatzen, sala dezakezu, baina ez da hori gertatu. Urteotan inork ez du ezer egin muralaren aurka». Udalaren erantzuna, Do Nascimentok plazaratu duenez, bera «kriminalizatzea» izan da.