1980ko urriaren 23a ez dute ahaztuko Ortuellako herritarrek. Egun hartan, 50 haur eta hiru heldu hil ziren herriko Lehen Hezkuntzako eskola batean izandako gas leherketa baten ondorioz. Urte batzuk pasatu ostean, auzia artxibatu egin zuen justiziak. Aurtengo apirilean, Fernando Aranburu idazle donostiarrak El niño liburua argitaratu du, Ortuellako tragedi horretan oinarrituta, eta uztail hasieran Netflix streaming plataformak iragarri du haren liburua film bihurtuko dutela. Ortuellako Udalak, adierazpen instituzional baten bitartez, Netflixi «enfatikoki» eta «errespetuz» eskatu dio «ekoizpenari uko egiteko». Udalean ordezkaritza duten lau taldeek sinatu dute ikus-entzunezko enpresari zuzendutako gutuna: EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-Borobil-Ezker Anitzak.
Leherketaren egunean bederatziehun ikasle inguru zeuden ikastetxean, Marcelino Ugalden. Propano gasaren ihes bat zegoen eraikineko sotoan, eta iturginak piztu zuen pospolo batek eragin zuen eztanda. Leherketaren ondorioz, ikastetxeko lehen solairuko bi ikasgelak erori egin ziren, eta 53 lagun zeuden han. Biktima gehienek 5 eta 6 urte bitartean zituzten.
El Niño liburuan, Aranburuk astero hilerrira joaten den erretiratu baten istorioa kontatzen du. Erretiratuak bisitatzen duen hilobia harena bilobarena da; ikastetxeko ezbeharrean zendu zen. Nobelak Ortuellan bizi izan zuten mina ekartzen du gogora, eta biktimen familiek kontatutakoan oinarritzen da.
«Ezin gara egon egunero gertatutakoa gogorarazten. Gurasoek nahi hori adierazi dute»
SAULO NEBREDA Ortuellako alkatea
Mariano Barroso katalanak idatzi eta zuzenduko du Netflix plataformako filma, eta Rafa Portelarekin batera ekoitziko du. Lanari buruzko xehetasun askorik ez dagoen arren, Ortuellako Udalak «aho batez» adierazi du ekoizpenaren aurka dagoela. Joan den astean, udaleko ordezkariek agerraldia egin zuten, adierazpen instituzionala aurkezteko, eta esan dute errespetatu egin behar dela herriak bere historia eta intimitatea babesteko duen eskubidea. «Gure egoeraren sentsibilitatea eta gure historiaz eta hedapen publikoaz erabakitzeko dugun eskubidearen garrantzia kontuan hartzeko eskatzen dugu», diote EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-Borobil-Ezker Anitzak.
Gurasoen mina
Saulo Nebreda Ortuellako alkateak eta lau alderdietako ordezkariek aurkeztu dute adierazpena. Alkateak aurrera egiteko beharra nabarmendu du, ezbehar hura iraganean utzita. «Ortuellak egoera hau bizi izan du, sufritu izan du, eta gure memorian jarraituko du. Orrialdea pasatzeko beharra dago. Ezin gara egon egunero gertatutakoa gogorarazten. Gurasoek nahi hori adierazi dute».
Ainhoa Molinuevo EH Bilduko zinegotziak familien mina lehenetsi du, eta, beste ordezkariekin bat eginez, azpimarratu du biktimak eta haien familiak errespetatu egin behar direla. «Historia ezagutzen baldin badugu, ezagutzen dugu sortzen duen mina, eta familiek sentitzen dutenaren alde egongo gara, beti. Uste dugu muga bat dagoela, eta, kasu honetan, muga familien minak jartzen du, hori da garrantzitsuena».
Asier Rodriguez Elkarrekin Podemos-Borobil-Ezker Anitza koalizioko hautetsiak esan du gertaera gogoratzeak mina berpiztu dezakeela: «Familia bakoitzak modu ezberdin batean bizi izan du, eta historia gogora ekartzea mingarria da, beti». Haren ustez, ikastetxean gertatutakoa berriz ere komunikabideetara eramatea ez da egokia: «Familiarekiko eta bizi izan genuen egoerarekiko errespetua izan behar da, mediatikoa izango da eta. Ez da egokia historia hainbeste zabaltzea eta Ortuellaren izena eta tragedia hedabideetan ipintzea».
Jagoba Portillo EAJko zinegotziak adierazi du familien pribatutasuna zaintzea beharrezkoa dela. «Oso larria izan zen; batez ere, familientzat. Bere garaian kontua intimitatean eramatea erabaki zen, eta uste dut hori errespetatu behar dela».