Geologia Zientzien Nazioarteko Batasunak ondare harri izendatu du Ereño gorria izeneko kareharria. Joan den barikuan egin zuten ekitaldia, Gautegiz Arteagako Andrabide harrobian, eta, besteak beste, han izan zen EHUko Geologia Saileko ikerlari Laura Damas Molla (Barakaldo, 1978). Kareharri honen inguruan egin zuen tesia Damasek, eta hark sustatu du izendapena eskatzea.
Zer da Ereño gorria? Zerk egiten du berezi?
Apaindura harri bat da, Ereñoko marmola ere esaten zaio, baina izatez ez da marmola, kareharria baizik. Kolore gorri oso bizia du, eta zuriak diren formak ditu, biribilak edo v formakoak, mozketaren arabera. Kontraste horrek ematen dio harri apaingarri gisa duen balioa.
Bilbo gorria izena ere badu, ezta? Zergatik?
Bilboko Zazpikaleetako eta Zabalguneko eraikin eta elementu arkitektoniko askotan dagoelako. Hala ere, nik gurago du Ereño gorria izena erabili, hangoa delako harria.
Nola sortu zen?
Duela ehun milioi urte baino gehiago sortu zen. Gaur egun Ereño eta Gautegiz Arteaga diren ingurua sakonera txikiko eta plataforma karbonatatuko itsaso batek estaltzen zuen. Behe Kretazeo garaia zen, giro subtropikala zuen, eta han moluskuak zeuden; batez ere, errudista izenekoak. Bibalbioak ziren; hau da, muskuiluek eta ostrek bezala, bi maskor zituzten. Baina gaur egungo moluskuen aldean bestelako morfologia bat zuten: beheko maskorra zoruari lotuta zegoen, eta kukurutxo forma zuten gehienek, eta tapaki bat, kamioien ihes-hodiek bezala. Molusku horietako ehunka bizi ziren elkarrekin, bioeraikuntza erraldoiak sortuz. Bioeraikuntza handi horiek dira kontserbatu direnak; hau da, Ereño gorria kareharrian topatzen ditugun zati zuri horiek. Mozten dugun moduaren arabera, forma bat edo beste izango du: goitik begiratuta, zirkulu bat ikusiko dugu, donuts bat bezalakoa; luzetara mozten badugu, v formako zati zuria izango dugu.
«Erromatarrak izan ziren apaindurarako duen garrantzia aitortzen lehenak, haientzat gorria oso garrantzitsua baitzen»
Nondik datorkio kolore gorria?
Itsas hondo hartan lokatz karbonatatua zegoen. Hori hala izan da Euskal-Kantauriar Arroa deitzen dugun horretako kareharri guztietan. Lokatz hori harkaitz bihurtzen denean, kolore grisa izaten du. Baina Ereño eta Gautegiz Arteaga inguruan badago eremu bat non basa hori burdina oxido ultrafinez tindatu zen. Burdina oxido horiek hematitak dira. Oso gutxirekin nahikoa dute lohia tindatzeko. Sakoneko isurietatik ailegatu ziren oxido horiek. Ez zuten lortu fosiletan sartzea, ordurako muskuiluak osatzen zituzten mineralak zigilatuta zeudelako; horregatik geratu ziren zuri.
Beste nonbait badago horrelako kareharririk?
Kareharri gorrixka gehiago badaude, eta ikertzen ari gara, baina Ereño gorriak dituen fosilak oso adierazgarriak dira, eta erraz identifikatzen dira.
Zergatik da hain estimatua?
Ehun milioi urteko jauzia egin behar dugu horretarako. Erromatarrak izan ziren apaindurarako duen garrantzia aitortzen lehenak, haientzat harriaren kolore gorria oso garrantzitsua baitzen. Esaterako, Erromatar porfidoa erabiltzen zuten gizarte estatusa adierazteko. Hemen, Foruko aztarnategian, aldare harri erromatar bat topatu zen, eta baita hileta zipo bat ere; Bilboko Arkeologia Museoan daude. Ustiatzen hasi ziren lantzeko ona delako; filigrana asko egin daitezke. Haitz ona da eraikuntzarako ere. Ereñora edo Gautegiz Arteagara joan besterik ez dago hori ikusteko. Ezagun egin zen eta modan bihurtu zen. Oso arin hasi ziren esportatzen. Iruña-Veleiako aztarnategian ere topatu dute, Araban.
Non gehiago ikus daiteke?
Espainian Diputatuen Kongresuan, Toledoko katedraleko sakristian eta Murtziako Parlamentuan; urrunago, Buenos Airesko Colon antzokiko alargunen palkoan, Vatikanoko Done Petri basilikan…
«Geologia Zientzien Nazioarteko Batasunak esan du babestu behar dela, baina agintariek baino ezin dute babestu»
Hainbeste zabaldu bada, asko ustiatu da, ezta? Zelan dago harrobia gaur egun?
Harrobi bat baino gehiago dago. Mende askotan ustiatu da. Lehengo familiek martxan ipinitako harrobi txikietan; batez ere, Ereño aldean. Ustiaketa handiena egin duena Andrabide harrobia izan da; guk harrobi gorria deitzen diogu. Gautegiz Arteagako Udalarena da. Hura da handiena eta handik atera da harri gehien. Bizkaiko Ondare Historiko izendatuta dago, eta Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak interes geologikoa aitortu diote.
Oraindik ere ustiatzen da?
1980ko hamarkadaren bukaeran utzi zioten harrobia ustiatzeari. Horregatik uste dugu garrantzitsua dela zaintzea eta babestea. Tokiko haitzek identitatea ematen diote hiri paisaiari. Horregatik gu tokiko haitzen aldekoa gara. Moden ondorioz, askotan tokiko haitzak kentzen dira eraikuntzetatik eta kanpotik ekartzen dira modan dudenak. Ondorioz, hiri guztiak antzekoak bihurtzen dira. Alde zaharretako koloreari asko erreparatzen diot. Zein erabiltzen zuten? Eskura zutena, gertu zegoena. Bilboko Zazpikaleetan paseoan, Ereño gorria kareharria askotan topa daiteke. Askotan nahikoa da atarietan eta merkataritza lokaletan burua altxatzea harribitxiak topatzeko.
Eraikin horiek babestuta daude Ereñoko harria kendu eta beste bat jartzea eragozteko?
Batzuk bai, baina, oro har, ez. EHUko Prozesu Hidro-Ingurumenekoen Ikertaldekook urte asko daramagu ikertzen, eta ikusi ditugu horrelako obrak. Ezagutzen ez dena ez da balioesten. Balioa nazioarteko aitortzek ematen diote.
Ondare harri izendatu izanak harria bera eta eraikinok babesteko balioko du?
Izendapen honek ez du babestuko, berez. Geologia Zientzien Nazioarteko Batasuneko Ondare Batzordeak esan duena da harri garrantzitsua dela eta babestu behar dela, baina gure agintariek baino ezin dute babestu. Balioko du ezagun egiteko, garrantziaz ohartzeko. Izendapena oso garrantzitsua da. Prozesu luzea izan da, lan handia eskatu digu. Batzordeko kideak mundu osoko hainbat unibertsitatetako eta ikerketa zentrotako irakasle eta ikertzaileak dira. Gehiengoa ados egon behar da izendapena onartzeko.
Harrobia ondo jagonda dago?
Ikertzaile moduan eta geologo moduan, eskertzekoak dira Gautegiz Arteagako Udalak harrobian egiten dituen garbitze eta mantentze lanak. Duela urte batzuk utzita zegoen. Jendeak hondakinak botatzen zituen hara. Orain ezin da edozer egin. Sartzeko baimena behar da.