Reggaezaleen urteroko topaketa

Reggaezaleen urteroko topaketa

​Beste urte batez, reggaearen hiriburu bilakatuko da bihar Lemoizko Armintza auzoa: Txapel Reggae jaialdiaren 34. aldia egingo dute. Armintzako Jai Batzordeak egun osorako egitaraua prestatu du, eta Euskal Herriko zein nazioarteko artista andana igoko da oholtza gainera. Batik bat, kultura beltzaren aldeko aldarrikapena egingo dute aurten.

Eguerdi partean hasiko da jaialdia, 12:00etan. Batukale Samba perkusio taldeak kalejira bat egingo du herrian barrena. Ordu berean, afrodance ikastaroa ere egingo dute skate pistan, AfricanVibes Dance taldearekin. Josu Gurtubai jaialdiko antolatzailearen hitzetan, goiza «girotzeko eta alaitzeko aukera ezin hobea» izango dira bi ekinbideak.

«Herriaren eta jaialdiaren arteko oreka bati eusten saiatzen gara, iraunkortasuna bermatze aldera».
JOSU GURTUBAI Lemoizko Armintza auzoko Txapel Reggae jaialdiaren antolatzailea

Alabaina, egitarauan musika emanaldiak izango dira nagusi: askotariko kontzertuak entzuteko eta ikusteko aukera izango da. Dub Corner guneko emanaldiak 15:00etan hasiko dira, eta sound system-a, rapa eta binilozko saioak entzuteko aukera izango da, besteak beste. Biobizz Portua Stage espazioan, berriz, sei kontzertu antolatu dituzte: 21:00etan hasiko dira, eta Macka B, Askala Selassie, Ashraff 30, Lion Sitte, Emeterians eta Pagasarri Ska All Stars taldeak igoko dira oholtza gainera.

Musikaz gain, bestelako esperientzia bat ere eskaini nahi izan dute antolatzaileek, eta, horretarako, mahai inguru bat antolatu dute Diversity Enea gunean, txosnetan. «Uste dugu jendea kontzientziatzeko modu polita dela», adierazi du Gurtubaik. Iaz antolatu zuten lehenengoz, eta, arrakasta izan zuela ikusita, aurrerantzean ere egingo dutela uste du antolatzaileak: «Askotariko gaiak lantzeko aukera ematen du». Aurten ere, Betto Snay eta Marra Junior musikari eta aktibistak arituko dira solasean arrazakeriaren inguruan, 13:00etan. «Joan den urtean jende asko etorri zen hitzaldira, eta askotariko errealitateak ikusarazteko aukera izan genuen». 

Betto Snay musikaria arrazakeriaren inguruko mahai inguru bat ematen, Armintzako joan den urteko jaialdian. TXAPEL REGGAE

Urtero-urtero, ildo edo ideia nagusi bat lantzen du jaialdiak. Aurreko aldietan, esaterako, emakume artistak edota hizkuntza aniztasuna jorratu izan dituzte. Biharko aldiak Black and Beltza izango du lelotzat. Gurtubaik azaldu du egungo egoerari kritika egiteko modu bat dela: «Ingurura begiratuz gero, nabaria da ultraeskuinaren gorakada eta haiek zabaltzen ari diren diskurtsoa. Horri kontra egiteko edo, itzalean geratzen ari den kultura beltza aldarrikatu nahi izan dugu». Horren erakusgarri izango dira Ashraff 30, Askala Selassie edo Emeterians taldeen kontzertuak. Nazioarteko artistez gainera, euskal artistek ere lekua izango dute jaialdian: Bomb Bass Hifi, Soinu Beltzak, Ziztada & Rlantz eta Pagasarri Ska All Stars arituko dira, hain zuzen ere. 

Emeterians taldeko kideak, artxiboko irudi batean. TXAPEL REGGAE

Herri izaera oinarri

Era xumean sortu zen Txapel Reggae, 1990. urtean, baina urterik urtera jaialdia handituz joan da, Gurtubaik kontatu duenez: «Hasieran, oso jaialdi herrikoia zen, baina gorakada itzela izan zuen berehala». Hazkundearen eraginez, urte batzuetan ez zuten jaialdirik antolatu. «1998ko jaialdia lar handia izan zen. Bi egun iraun zituen, eta desoreka handia egon zen jaialdiaren eta herriaren artean. Herri izaera hori galdu egin zuenez, bertan behera uztea erabaki genuen». 2004an antolatu zuten ostera ere, eta, gaur egun, tradizio bihurtu da: ehunka zale biltzen dira urtero herriko portuaren inguruan. 

Antolatzailearen hitzetan, baina, armintzarren egunerokoa gehiegi ez aztoratzen ahalegintzen dira aldi guztietan: «Herriaren eta jaialdiaren arteko oreka bati eusten saiatzen gara, iraunkortasuna bermatze aldera». Hori lortzeko, bidea itxiko dute, eta herrian bizi diren eta baimena duten ibilgailuak baino ezin izango dira sartu Armintzara. Era berean, autobus zerbitzua jarriko dute ordu erdiro Plentziatik Armintzara, eta, aurreko aldietan bezala, kanpaldi gune bat ere prestatu dute.

Hasiera-hasieratik, autogestioa eta doakotasuna izan dira jaialdiaren ildo nagusiak, eta horren aldeko apustua egin jarraitu dute egun ere. Izan ere, Gurtubaik azpimarratu duenez, «oso gutxi» dira balio horiek errespetatzen dituzten jaialdiak gaur egun: «Egungo jaialdi gehienak enpresa handien eskuetan daude». 

Armintzako Jai Batzordea arduratzen da jaialdi osoa aurrera eramateaz, eta herritarren inplikazioa nabarmendu nahi izan du Gurtubaik: «Zama guztia pertsona gutxi batzuen gainean jarri beharrean, asko eskertzen dugu herritarren zein bisitarien laguntza. Lan talde handiak eratu nahi ditugu lan karga murrizteko».

Gastu ekonomikoei aurre egiteko, askotariko bideak erabiltzen dituzte: kamisetak, txosnako salmentak… Hala ere, bereziki, boluntarioen lana nabarmendu nahi izan du Gurtubaik: «Hein handi batean, lan boluntarioari esker egiten du aurrera jaialdiak». Era horretara lortzen dute jaialdi herrikoi eta doako bat egitea, antolatzailearen hitzetan: «Jaialdiaz eta musikaz gozatu nahi duen edonork bertara etortzeko aukera izatea nahi dugu, murrizketarik gabe».

EGITARAUa

12:00. Batukale Samba batukada.

12:00. Afrodance ikastaroa, skate parkean.

13:00. Marra Junior eta Betto Snay, Diversity Enea gunean, txosnetan.

15:00. Kwsk Ninja aka Novato; Ziztada & Rlantz eta Komadü; Soinu Beltzak Selektoreak; eta Bomb Bass Hifi eta I-Man Cruz, Dub Stagen.

21:00. Macka B eta The Roots Ragga Band; Askala Selassie eta The Sound Rebels; Ashraff 30 eta The Sound Rebels; Lion Sitte eta Snap Collective; Emeterians Live Dub; Pagasarri Ska All Stars, Biobizz Portua Stagen.