Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroek eta Bizkaiko Batzar Nagusiek Itungintzaren iragana, oraina eta etorkizuna. Mitotik haragoko historia eta politika jardunaldiak egin dituzte asteon Gernika-Lumoko juntetxean. Mikel Manzisidor De la Fuente Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide irakasleak (Bilbo, 1970) De Pactis: Fortun Garcia de Ercilla (2024) argitalpena aurkeztu du: Fortun Garcia Ertzillak XVI. mendean idatzitako De pactis argitalpenaren bertsio kritikoa. Mantzisidorren arabera, Fortun Garcia Ertzillak jasotako tradizioa itunetan eta euskaldunek emandako hitzean oinarrituta zegoen. «Fortun Garcia Ertzillak hitz egiten du erregeek itunetan jasotakoa betetzeko zuten beharraz; are gehiago, zin egin bazuten. Erregeek konpromisoak betetzeko obligazioa zuten. Ondorioz, herritarrek ez zuten bidegabekoak ziren edo itunak errespetatzen ez zituzten aginduak betetzeko obligaziorik».
Zer ekarpen egin nahi dute itungintzari buruzko jardunaldi hauek?
Batetik, jardunaldien asmoa da jakitea nondik gatozen politikoki. Bigarren, gaur egungo gure egitura instituzionala eta identitate politikoa ulertzen laguntzea. Azkenik, berrikuntza eta forma berriak irudikatzea, tokian tokiko errealitatera egokituta; gure kasuan, gure identitatearen gakoak zeintzuk diren ulertu beharko genuke, etorkizun hobea sortzeko gure artean eta beste batzuekin harremanak izanda.
Fortun Garcia Ertzillaren De Pactis liburuaren bi argitalpen aurkeztu dituzue: Batzar Nagusiek erosi duten 1523ko argitalpena bera eta edizio kritikoa. Zer ekarpen egingo dute argitalpenok?
Gure historia politikoa ezagutzeko liburu garrantzitsua da, itunez egiten duelako berba. Autoreak berak hitzaurrean esaten du itunak aztertuko dituela aprobetxatuz bere herrialdeko erakundeak. Beraz, garrantzitsua da jakiteko duela bostehun urte zer itun egiten ziren, itunen aldeko zer kultura zegoen. Fortun Garcia Ertzilla bermeotarra zen, bizkaitarra; gure lurraldeko lehen juristetako bat. Jatorrizko argitalpenaren ale gutxi daude, eta duela gutxi merkaturatu zen haietako bat, Bizkaiko Batzar Nagusiek erositakoa.
Nor izan zen Fortun Garcia Ertzilla?
Bermeon jaio zen, XV. mendearen bukaeran, merkatari familia batean: Ertzilla-Ermendurua. Arteagakoen leinukoa zen. Seme nagusiak bereganatu zuen negozioa, eta Fortun ikastera joan zen Salamancara [Espainia] eta Bolognara [Italia], non Zuzenbideko irakasle izan zen. Politikan sartu zen, eta Karlos V.a enperadorea izango zenaren zerbitzura jarri zen. Gaztelako Kontseiluko kide izan zen, Nafarroako erregeorde, eta Ordenen Kontseiluko eta enperadorearen Ganberako kide ere bai.
Zergatik da ezezaguna?
Oso ezaguna izan zen XVI. eta XVII. mendeetan, zuzenbide, moral eta filosofia arloetan. Gero ahaztu egin zuten. Protagonismoa hartu zuten beste batzuk egon ziren haren arloan. Gure herria oso polarizatua da, eta Fortun Garcia Ertzilla pertsonaia osoa da; gure herrian dauden sentimendu identitarioek eurentzat hartzeko oso zaila da. Leialtasun konplexuak izan zituen. Gaur egunetik begiratuta ulertezinak izan daitezkeenak, baina haren pentsamendutik erabat logikoak zirenak. Esaterako, haren herrialdeko erakundeekiko leialtasuna eta enperadorearekiko leialtasuna bateragarriak ziren. Orain, hori ulergaitza litzateke. Era berean, leiala izan zen arlo zibilari eta erlijiosoari, aldi berean; orduan hori zen ohikoa.
Zer da itungintza?
Itungintza gauza asko izan daitezke, ez baita modu sinplean defini daitekeen zerbait. Hala ere, itungintzaz berba egitean, bi gauzaz aritu gaitezke. Batetik, forma politiko-historiko batez: Erdi Arotik dator eta lurralde batzuk barrura eta kanpora begira antolatzen diren modua definitzen du. Ohikoa zen erregearen eta haren lurraldearen arteko harremanean. Erakunde jakin batzuekiko errespetua zuen oinarrian, eta zin egite baten bitartez formalizatzen zen. Monarkia konposatuetan ohikoa zen; hau da, hainbat herrialdek errege bera zutenean, eta lurralde horiek euren identitate politikoa eta erakundeak mantentzen zituztenean. Termino historiko horretatik itungintzak bilakaera bat izan du. Horregatik, identitate politikoa eta erakunde propioak dituzten eta zentralizatzaileak eta uniformizatzaileak ez diren estatu modernoetan dauden lurraldeei lotuta ere egon daiteke itungintza.
Tradizio paktista nondik sortu zen Euskal Herrian?
Erdi Aroaren bukaeran eta Errenazimentuaren hasieran oso ohikoa zen Iberiar penintsulan eta Europan. Ez dugu pentsatu behar geurea bakarrik den zerbait dela. Bestela, ez dugu ondo ulertuko zer den. Euskal Herrian erabili izana oso naturala izan zen. Euskal lurraldeetan, XIV. mendeko erdialdetik erraz topa dezakegu testuetan eta praktiketan. Ordutik gaur arte gakoa izan da gure identitate politikoan eta identitate konstituzionalean.
Zer baldintza behar ditu itungintzak?
Itungintza tradizionalak eskatzen zuena zen lurralde batek erakunde propioak izatea eta agintariek konpromisoa izatea lurraldeko erabakitze eremuekin.
Euskal Herrian egon da baldintza horiek falta izan diren garairik, ezta?
Esango nuke itungintza definitzen gaituen elementu bat dela, sasoiz sasoi egokitu den arren. Argi dago XIX. mendean haustura bat egon zela, eta baita erregimen frankistan ere. Baina ez dago erabateko galera bat: gaur egun daukagun egitura instituzional foralak itungintzatik edaten du. Eten horiek gorabehera, ez ziren galdu gure nortasun forala eta berezitasun konstituzionala.
Fortun Garcia Ertzillak Hego Euskal Herriko lau herrialdeak batuko zituen egitura baterako proposamena egin zion enperadoreari. Zer izan zen?
1521ean memoria bat idatzi zuen Karlos V.arentzat, Nafarroako erregeorde zela: aholkatu zion Valladolideko Kantzelaritzatik atera zezala Bizkaiko aretoa, eta sor zezala Iruñean beste bat, Bizkairako, Arabarako, Gipuzkoarako eta Nafarroarako. Kantzelaritza garaiko justizia erakunde gorena zen. Kantzelaritza hark, batez ere, justizia arloko eskumenak izango zituen, baina baita arlo exekutiboari zegozkion batzuk ere. Seguruenik, ura izango da lau herrialdeetarako erakunde bateratu bat sortzeko egin zen lehen proposamena.