Kanpotik begiratuta, ikusgarria da. Azpiko haitzek eta eraikina bera bertikala izateak «aireratzear dagoen suziri baten antza» ematen diote, Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariaren arabera. Baina Izurtzako Etxaburu dorrea —gaur egun ikus daitekeena— XVI. mende hasierako eraikin bat da. Ordurako, bandoen arteko borrokak amaituta zeuden, baina gezi leihoen itxura duten baoek eta hormen sendotasunak gotorleku itxura ematen diote. 1980ko hamarkadan, Bizkaiko Foru Aldundiak erosi zuen, eta 1985ean zaharberritu zuten. Gaur egun, kultura ekitaldietarako erabiltzen dute tarteka.
Egungo dorrea aurretik egondako baten lekuan eraiki zuten etxaburutarrek. Lehen dorre hark badu historia, baina baita elezaharra ere, Gonzalez Cembellinek kontatu duenez. 150. urtearen bueltan, Antonio Pio enperadore erromatarraren sasoietan, Etxaburu dorrea dagoen lekuan basurde ikaragarri bat bizi zen, kobazulo batean. Durangaldean sekulako triskantzak eragin zituen: baserritarrek landatutakoa txikitzen zuen, eta jendea hiltzen. Halako batean, inguruko zaldun bat agertu zen, lantza batekin eta ehiza txakur bat lagun zuela, eta basurdea hiltzea lortu zuen. Zaldun hark etxea eraiki zuen kobazuloaren gainean. «Kondaira polita da, baina funtsik gabea. Hala ere, sakon errotu da, eta zalduna eta basurdea ikus ditzakegu bai etxaburutarren armarrian, bai Izurtzako armarrian. Azkenerako, etxaburutarren kondaira Izurtzarena bihurtu da».
Ostera ezagutu den etxaburutarren historia geroagokoa da, bandoen arteko guduen sasoikoa. Oinaztarren bandoko leinu bat zen Etxaburu. Agirien arabera, 1419an dorretxe bat zegoen leku hartan. «Ez dago lehenagoko berririk: ez familiarena, ez dorrearena». Noiz eraitsi zuten dorrea? Ez dago argi, Gonzalez Cembellinen arabera. Kontatu duenez, badago uste bat 1450ean bota zutela dioena. Nork? Bizkaiko Ermandadeak. «Leinuen arteko guduak amaitzeko sortutako armada moduko bat zen, baina baliabide faltagatik ez zuten arrakasta handirik. Hala ere, 1450aren bueltan leinuen hainbat dorre eraistea lortu zuten, eta esaten zuten Etxaburutarrena izan zela haietako bat. Hori ez dago batere argi». Dena den, gaur egungoa 1511ren bueltan eraiki zenez, argi dago noizbait aurrekoa eraitsi egin zutela.
Aparteko eraikuntza
XVI. mende hasiera hartan, etxaburutarren alaba bat bihurtu zen leinuaren oinordeko: Estibaliz Etxaburu. Legutioko (Araba) merkatari garrantzitsu batekin ezkondu zen: Santxo Lopez de Ibargoenekin. Haiek aginduta eraiki zen egun ikus daitekeen dorretxea. Argi utzi nahi izan zuten familiaren botera, eta arkitektura erabili zuten horretarako. Materiala ere «apartekoa» izan zela nabarmendu du historialariak.
Hainbat diru iturri zituen familiak. Batetik, bandoen arteko borroketan parte hartu zuen leinuetako bat izan zen, eta, Gonzalez Cembellinek esan duenez, haien artean ohikoa izaten zen lapurreta. Horrez gain, Gaztelako erregearen basailu ziren; edo, zehatzago esateko, Bizkaiko jaunarenak, pertsona bera ziren eta. «Haiek erregearenak zirela esaten zuten, ospe handiagoa ematen zielako, baina jaunarenak ziren». Horrek zer esan gura zuen? Erregeak gerrarako behar zituenean deitu egiten zituela; trukean, urtero diru kopuru on bat jasotzen zuten. Izurtzako parrokiako patronoak ziren: haien ardura zen eliza mantentzea, baina hamarrena ere haiek jasotzen zuten. «Sarrerak gastuak baino handiagoak ziren». Bestetik, dorretxetik bertatik ikus daitezke Lejarzako burdinolaren aztarnak; Etxaburu familiarena zen. Bazituzten lurrak eta ganadua ere. «Durangaldeko familiarik aberatsena edo aberatsenetakoa ziren».
Izurtzako Etxaburu Dorretxea
Helbidea. Ortuzar auzoa, Izurtza.
Bisitak. Kanpotik bakarrik bisita daiteke.
Kontaktua. Turismo@durango.eus.