Basauriko bizilagunek neurriak eskatu dituzte trenek eragiten duten zarata murrizteko

Basauriko bizilagunek neurriak eskatu dituzte trenek eragiten duten zarata murrizteko

​Santurtzitik Urduñara doan trenbidea Bizkaiko hainbat herriren barrutik igarotzen da, eta horrek kalteak eragiten dizkie bizilagunei, zaratagatik gehienbat. Besteak beste, Bilboko Portutik (Santurtzi) merkantziak garraiatzeko erabiltzen da bide hori, eta hortik pasatzen dira, halaber, Renfe Aldirien C3 lineako bidaiari trenak. Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren esku dagoen Adif enpresak kudeatzen du trenbidea, eta hamar urte daramatza linea horretako trafikoak eragiten duen zarataren inguruko azterketak egiten. Martxoan argitaratu zituzten laugarren fasearen emaitzak: Laudio (Araba) da bizilagun kaltetu gehien dituen herria, eta Basauri da bigarrena; Bizkaiko udalerrian, zehazki, 2.862 lagunek jasaten dituzte 55 dezibeletik gorako zaratak —legearen arabera, hori da etxebizitza batean onar daitekeen gehienekoa—, eta, guztira, ia kilometro koadro bateko eremua dago erasanda, eta 1.192 etxebizitza. Hala, Basauriko Sagarrak talde ekologistak neurriak eskatu ditu kutsadura akustikoa eta bibrazioak murrizteko.

Izan ere, Santurtzitik Urduñara doan ibilbide guztian ez dago soinu pantaila bakar bat ere, nahiz eta horiek kokatzeko asmoa aspaldikoa den. Soinu azterketaren bigarren fasean —2016ko martxoan—, Adifek «lehentasun handiko» eremutzat jo zuen Basauri, eta ia bi kilometrotan soinu pantailak ipini behar zirela ebatzi zuen. «Rajoy [Espainiako presidentearen] bigarren legegintzaldian, 2017an, aurrekontu orokorretan onartu zuten soinu pantaila horiek ipintzeko diru sail bat, baina oraindik ez da gauzatu», esplikatu du Jose Alfonso Antequera Basauriko Sagarrak talde ekologistako kideak.

«2017an, soinu pantailak ipintzeko partida bat onartu zuten Espainiako aurrekontu orokorretan, baina oraindik ez da gauzatu».
JOSE ALFONSO ANTEQUERA Basauriko Sagarrak talde ekologistako kidea

Herriko Kareaga auzoan, esaterako, trena etxebizitzetatik «gertu-gertu» igarotzen da, auzo elkarteko Alberto Delgado Fernandez de Gamboa kidearen esanetan. «Eguneroko zenbait jarduera normaltasunez egitea galarazten digu trenaren zaratak —solasaldiak eten behar ditugu, adibidez—, eta loa kaltetzen digu», nabarmendu du. Adif enpresak helarazitako datuen arabera, 2015. urtean 48.324 tren igaro ziren linea horretatik —hala bidaiarienak nola merkantzienak—, eta horietatik 5.124 gaueko tartean pasatu ziren; hau da, 23:00etatik 07:00etara bitartean. Trenen 780 merkantzienak ziren, zaratatsuenak. 2019ko datuen arabera, Basauritik 130 bidaiari tren igarotzen ziren egunean, bataz beste, eta hamabost bat merkantzia tren. Eta ordutik, kopurua handitu egin da: Delgadoren esanetan, ohikoa da 03:00etan edo 04:00etan merkantzia trenen bat igarotzea, eta gauean zehar sei edo zazpi pasatu daitezke, egunaren arabera.

Badaude bizipenak —loaldia tarteka-marteka oztopatzeak eragindako kalteak, kasu baterako—, eta badaude datu teknikoak ere. 2016an, Basauriko Udalak herriko zarata mapak gaurkotu zituen, eta, horien arabera, Kareaga auzoa da herriko auzorik zaratatsuena, zarata mailak «sobran» gainditzen baitu etxebizitza guneetarako ezarritako langa; batik bat, autoen eta trenen trafikoen ondorioz. 2017an Tecnaliak Kareagan egindako neurketen arabera, ikusi zuten egunero berrehun tren inguru pasatzen zirela handik, eta zarata 96 dezibelera heltzen zela une batzuetan. «Bai Adifek, bai udalak egindako zarata mapetan, egiaztatu da eguneko trafikoaren zarata araudiaren mugan dagoela. Baina arau urraketa eta kalte handiena egiten duena gaueko trafikoa da: dezibelen langa gainditu egiten du», esan du Delgadok. Auzo elkarteak ere eginak ditu neurketak trenbidetik 30 metrora dagoen etxebizitza batzuetatik, eta ondorioa bera da —badaude are gertuago dauden etxebizitzak, auzo elkarteko kideak ohartarazi duenez—.

Bibrazioak ere arazo

Zarata neurtuta dago; ez, ordea, trafiko horrek eragiten dituen bibrazioak. «Foru aldundiaren plan propioetan jasotzen da bibrazioen kontua, baina ez dugu ezagutzen Adifek arlo horren inguruan egindako azterketarik», esan du Antequerak. Ez da munta txikiko arazoa. Adibide bat ipini du Sagarrak-eko kideak: «Pelikula, antzezlan edo ikuskizunen bat ikustera bagoaz Social antzokira, batzuetan igartzen ditugu trenaren bibrazioak; batez ere, merkantzienak pasatzen badira». Delgadoren arabera, Kareagako etxebizitza batzuetan ere igartzen dituzte.

«Eguneroko zenbait jarduera normaltasunez egitea galarazten digu trenaren zaratak —solasaldiak eten behar ditugu, adibidez—, eta loa kaltetzen digu».
ALBERTO DELGADO FERNANDEZ DE GAMBOA Basauriko Kareaga auzo elkarteko kidea

Eta litekeena da egoera gaiztotzea laster, trafikoa ugaritu egingo baita: esate baterako, Lapatzan egingo duten AHTaren geralekuagatik, eta Santurtzi-Urduña lineatik ibiliko direlako orobat bidaiariak Bilbora eramango dituzten lotura trenak. Era berean, merkantzien trenen kopurua ere handitzen ari da, eta gaueko tartera bultzatzen. «Horretan diharduten enpresa batzuk operadore pribatuak dira, eta tarte merkera jotzen dute: hau da, gauekora», Delgadoren hitzetan.

Tren horiek gero eta luzeagoak dira —25-30 bagoikoak izan ohi dira, auzo elkarteko kidearen arabera—, pare bat minutu behar izaten dute puntu batetik igarotzeko, eta zarata handien eragiten duten ibilgailuak dira. Gainera, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen bigarren zatiaren exekuzioa atzeratu egin da, eta, oraingoz, ez dute datarik ezarri —Bilboko portutik hiriburura doazen merkantzien trenek herriguneak zeharkatu ez dezatela du helburu saihesbideak—.

4.243

2022an Bilboko portutik irtendako trenak. 2022an, Bilboko Portuko (Santurtzi) 4.243 merkantzia trenek erabili zuten Santurtzi-Urduña trenbidea. Portutik ailegatutako edukiontzien %27 trenbidez garraiatzen dituzte dagoeneko.

Egoera horretan, Sagarrak talde ekologistak eskatu du zarata azterketan sakontzeko, soinu panelak kokatzeko, eta aparteko neurriak ere hartzeko, «leku batzuetan panelak ez direlako nahikoa, agian», Antequeraren berbetan. Gainera, ekipamendu zaurgarriak deritzenak ugaritzeko ere eskatu du, hala izendatutako guneek «babes» handiagoa baitute —soinu pantailak kokatu behar dira, eta azterketa espezifikoak egin, Antequerak azaldu duenez—. «Adifek ezartzen du zein diren ekipamendu zaurgarriak. Adibidez, trenbidearen ondoan dago Udal Musika Eskola. Klase batzuk eten egin behar dituzte une batean, trenaren zarataren ondorioz». Zerrenda horretan, eraikin hauek gehitzea eskatu du talde ekologistak: Social antzokia, San Fausto plaza berritua, Etxe Maitia zahar etxea, etorkizuneko Gaztegunea, Biarte dantza eskola, Behargintza eta San Miguel-Abaroa kirolgunea. Horiek guztiak sartuta daude trenaren zaratak erasandako gunean, baina ez dira jotzen ekipamendu zaurgarritzat.