Kalez kale hedatutako doinuak

Kalez kale hedatutako doinuak

​Eguraldi ona eta giro gero eta epelagoa lagun, makina bat ikuskizunen agertoki bilakatzen da kalea. Asteazkenerako hainbat jarduera antolatuak zituzten Zornotzan Musikaren Europako Egunaren harira, eta asteburuan ere doinuz josiko dituzte herriko kaleak, Haizetara aire zabaleko jaialdiarekin.

Gaur arratsaldean hasi eta domekara bitartean, festibalaren 17. aldian bederatzi bandak joko dute Zornotzako hainbat bazterretan. Koldo Bilbao Kultura zinegotziaren arabera, herria, tabernak, merkataritza eta kultura sustatzeko sortu zuten jaialdia, eta errotu egin da urteen joanean. «Jaietatik kanpo dagoen jarduera kulturalik indartsuena da», nabarmendu du Bilbaok, eta hainbat arrazoiri egozten die arrakasta: batetik, egun osoko egitaraua ontzen dutelako eta herriko hainbat auzotara heltzen delako; bestetik, taldeen «mugimenduak eta alaitasunak» parte hartzea hauspotzen duelako. «Gero eta jende gehiago animatzen da, bai Zornotzakoak, baita inguruko herrietakoak ere».

Aurten, jaialdia hedatu egingo dute, gainera, Euskal Herriko fanfarren eta txarangen topaketa egingo baitute aurrenekoz, zapatu goizean. Horrek bide emango die beste ibilbide bat sortzeko, Bilbaoren berbetan, baita auzo eta jende gehiagorengana heltzeko ere. «Jaialdiak oso ondo funtzionatzen du, baina uste genuen osagai berri batzuk sartu behar zirela: auzo gehiagotara joatea, lehiaketatik kanpoko bandekin herria are gehiago dinamizatzea, eta Euskal Herriko eta Zornotzako taldeei aukera ematea jendeak ezagut ditzan». Zazpi talde elkartuko dira, zehazki: Tolosako (Gipuzkoa) Kalean, Eibarko (Gipuzkoa) Ustekabe, Bilboko Sama Siku, Barañaingo (Nafarroa) Igandea, Donostiako Joselontxos, Durangoko Sugarri eta Zornotzako Musika Banda.

«Hamarkada askotan, hesi bat egon da gizartearen eta kulturaren artean. Haizetara bezalako kultur emanaldiak kalera ateratzen dituzunean, parte hartzea demokratizatzen duzu»
KOLDO BILBAO Zornotzako Kultura zinegotzia

Topaketaz gain, nazioarteko bandek osatuko dute egitaraua. Guztira, 51 taldek eman zuten izena, eta bederatzi hautatu dituzte: Mexikokoa da Tenampa Brass Band; Frantziakoak dira Orchestre National du Jahiner eta UGS Brass Band; Belgikakoa, Brazzmatazz; Erresuma Batukoa, Llareggub Brass Band; Italiakoa, Tamarros; eta Espainiakoak, Pixie & Dixie Band, Trocamba Matanusca eta New Tocados. Talde bakoitzak lau kontzertu emango ditu. Hori horrela, zerrendaren «aniztasuna» nabarmendu du zinegotziak. «Musika formula ezberdinak egotea da irizpidea, eta horrek pluraltasuna ematen dio».

Horrez gain, berrikuntzak gehitzen ere ahalegintzen dira —talde berriak, esaterako—, eta «kalitatea» da beste ardatzetako bat, Bilbaok azpimarratu duenez. «Hainbeste urtetan egin den jaialdi batek kalitate maila jakin bat mantendu behar du, eta hori ez da erraza izaten».

Jaialdia etzi bukatuko da, 13:00etan, sariak banatuta. Hiru aipamen egingo dira Zelaieta parkean: bandarik onenak 15.000 euro jasoko ditu; musikaririk onenak, 1.000; eta ikusleen saria irabazten duenak 4.000 euro eskuratuko ditu. Herritarrek aukeratuko dute azken sari hori, Haizetara.eus webgunean bozkatuta.

Kalearen garrantzia

Ikuskizun ibiltariak, aldi berean antolatutakoak, publikoa aldamenean daukatenak… Kaleak aukera asko ematen ditu jarduerak pentsatzean. Baina alde sinbolikoari ere erreparatu dio Bilbaok. «Hamarkada askotan, hesi bat egon da gizartearen eta kulturaren artean. Eta holako kultur emanaldiak kalera ateratzen dituzunean, parte hartzea demokratizatzen duzu». Zinegotziaren irudiko, inportantea da zabaltzea kultura denontzat delako mezua. «Bestela, ematen du kultura eliteentzat dela bakarrik. Denok kabitzen gara». Era berean, saretzeko ere baliagarria da kalea, kultur ekoizleen, dinamizatzaileen eta gizartearen artean zubiak eraikitzeko, haren iritziz.

Udala ere ahalegintzen da oreka mantentzen programatzen dituen ekintzetan. «Aretoak programazioa dauka urte osoan, eta asmoa dago hor programatzen jarraitzeko. Kontua da herriko elkarte askok kalean antolatzen dituztela jarduerak: auzoetako jaiak, herriko jaietako ekintzak, euskal jaia…».

egitaraua

Gaur

19:00. Banden aurkezpena, Zelaieta parkean.
19:30. New Tocados, Zelaieta parkean.
20:30. Pixie & Dixie Band, Andra Mari plazan.
21:00. Trocamba Matanusca, Ogenbarrena auzoan.
21:00. The Hugs, Kalbario plazan.
21:30. Orchestre National du Jahiner, Gernika plazan.
21:45. The Tamarros, Euskal Herria plazan.
22:00. Llareggub Brass Band, Arraibi plazan.
23:00. Brazzmatazz, Zelaieta parkean.
24:00. Tenampa Brass Band, Zubiondo plazan.

 

Bihar

13:00. Pixie & Dixie Band, Zezilia Gallartzagoitia kalean.
13:00. Orchestre National du Jahiner, Luis Urrengoetxea kalean.
20:00. New Tocados, Euskal Herria plazan.
20:00. Brazzmatazz, Ogenbarrena auzoan.
20:30. Tenampa Brass Band, Andra Mari plazan.
21:00. Trocamba Matanusca, Zelaieta parkean.
21:30. Pixie & Dixie Band, Kalbario plazan.
22:00. Llareggub Brass Band, Arraibi plazan.
22:00. The Hugs, Euskal Herria plazan.
22:15. The Tamarros, Gernika plazan.
23:00. Trocamba Matanusca, Zelaieta parkean.
23:00. Brazzmatazz, Zubiondo plazan.
24:00. New Tocados, Zubiondo plazan.

 

Etzi

11:30. The Tamarros, Jauregizahar auzoan.
11:30. Tenampa Brass Band, Ogenbarrena auzoan.
11:30. Pixie & Dixie Band, Zubipunta poligonoan.
11:30. Brazzmatazz, Gernika plazan.
11:30. Orchestre National du Jahiner, Arraibi plazan.
12:00. New Tocados, Ixer auzoko San Pedro kalean.
12:00. The Hugs, Sabino Arana kalean.
12:00. Trocamba Matanusca, Harrison parkean.
12:00. Llareggub Brass Band, Euskal Herria plazan.
13:00. Sari banaketa ekitaldia, Zelaieta parkean.

Rock eta post-punk musika, udari ongietorria egiteko

Askotariko estiloak batuko dituzte Nazafest jaialdian, etzi, Arrietako Jainkoko Andra Mari ermitan. 16:30etik aurrera, Pinpilinpussies, Ezezez, Lava Rosa eta Nakar taldeek joko dute. Hala nola garage-pop eta post-punk estiloak jorratzen ditu Pinpilinpussies taldeak; rock eta post-punk doinuetan bermatzen da Ezezez; pop generora jotzen du Lava Rosak; eta, post-punketik abiatzen diren arren, elektronika, drum and bassa eta punk berria ere jotzen dute Nakar bandako kideek.

Aurten, gainera, azokatxo bat ere ipiniko dute: fanzineak, liburuak, ilustrazioak, arropa eta buztinez egindako piezak egongo dira eskuragarri, besteak beste.