Ezetzik esaten ez dakiela aitortu du elkarrizketan Jasone Agirre Garitaonaindiak (Abadiño, 1968) barre artean. 1991tik 2016ra EITBn aritu ostean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburu izateko eskatu zioten, eta baiezkoa eman zuen: «Ezetz esan izan banu, badakit bizitza osoan damutuko nintzatekeela». LABeko ordezkari izana da EITBko batzordean, eta bertako Erredakzio Kontseiluaren sortzaileetako bat izan zen. Zortzi urteko zikloa amaituta, politikako lana «gogorra» egin zaiola nabarmendu du, baina «aberasgarria» ere bai, era berean. Maiatzean bueltatu da EITBra.
Zer moduz EITBrako itzulera?
Oso ona. Beldurra izan nuen hasieran, baina kontrakoa izan da. Zortzi urte hauetan lan sistema aldatu egin da, baina banabil ikasten apurka-apurka; lankideek ere oso ondo hartu naute… Ematen ez duen arren, zortzi urtetan gauza asko pasatzen dira, eta bertigoa ematen zidan itzulerak, baina oso pozik nago. Bizimodu ordenatuagoa dut orain, ordutegi finko batekin eta asteburu libreekin.
Zer postutan zaude egun?
Albistegietan, Kulturako albisteak egiten. Parlamentura joan aurreko bost urteetan hala aritu nintzenez, bertara bueltatu nahi dudala eskatu dut. Uste dut hor eman dezakedala nire onena. Politikara joaten zarenean, babesik handiena duen eszedentzia ematen dizute; hau da, mugarik gabekoa. Baina gero ez da justua, zu ardura publiko batean egon zarenez, itzuleran berriro hutsetik hasi behar izatea. Ulertzen dut oraindik ez nagoela besteen baldintza berdinetan, martxa hartu behar dudalako, baina uste dut ez duela kalte profesionalik ekarri behar.
«Inguratzen gaituena entzuten eta ikusten jakin behar da politikagintzan, ezin zara harrokerietan ibili»
Kazetaritza utzi, eta politikagintzara egin zenuen jauzi 2016an. Zerk bultzatu zintuen erabaki hura hartzera?
Eskatu egin zidaten. Hasieran uste nuen zerrendan joateko deitu zidatela, baina zerrendaburu izateko esan zidatenean… Barre egin nuen lehenengotan, eta handik egun batzuetara jabetu nintzen serioa zela. Politika instituzionala beharrezkoa dela uste dut, baina ez nuen neure burua horretan irudikatzen; ez nuen egundo politikan militatu.
Zer-nolako erabakia izan zen?
Bueltak eman nizkion. Ez da erabaki bat norberak bakarrik har dezakeena. Seme-alabak ditut, eta, halako kasuetan, senarraren konplizitate barik ezinezkoa da. Etxean sostengua eman zidaten, eta inguruko jendearekin ere asko hitz egin nuen. Baina, horrez gainera, arazo bat izan dut beti: ez dakit ezetzik esaten. Ezetz esan izan banu, badakit bizitza osoan damutuko nintzatekeela. Momentu hartan, EH Bildu ez zegoen oso momentu onean; emaitzak txarrak ziren. Beste profil bateko jendea nahi zuten, eta, azkenean, animatu egin nintzen. Oso azkar gertatu zen dena: uztailean deitu ninduten, baiezkoa eman nuen, eta, gogoan dut, abuztuan, etxekoekin Galizian nengoela, jendea idazten hasi zitzaidala komunikabideetan albistea zabaldu zelako. Handik hamabost egunera prentsaurreko batean nengoen Arnaldorekin [Otegi], mitinak ematen… Nahiko flash izan zen dena.
Jasone Agirre, 2016ko irailean, Bilboko Miribillan, EH Bilduren kanpainako ekitaldi nagusian mitin bat ematen. Bi aldiz izan da EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburua Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan —2016an eta 2020an—, eta EITBra itzuli da orain. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Hasi zinenetik hona, hazkunde handia izan du EH Bilduk: apirilean Eusko Legebiltzarrerako bozetan 27 eserleku lortu zituen, orain lau urte baino sei gehiago —Bizkaian zortzi lortu zituen, duela lau urte baino bi gehiago—. Zeren ondorio da hori, zure ustez?
Lan fina egin izanaren ondorio izan dela uste dut. EH Bilduk asmatu du espektro zabal bat hartzen: mota guztietako ordezkariak gaude, eta herritarrak batzuengatik edo besteengatik sentitzen dira identifikatuta. Batzuetan ematen du politikariak estralurtarrak garela, baina munduan bizi garen pertsonak gara. Inguratzen gaituena entzuten eta ikusten jakin behar da politikagintzan. Ezin zara harrokerietan ibili, eta, alde horretatik, sekulako lanketa egin da programa sendo bat lantzen, proposamen zehatzak egiten… Orokorkerietan erori gabe, moldatzen eta aldatzen joan behar da. Horiek dira arrakastaren gakoak, nire ustez.
Eta, orain, nolatan itzuli zara kazetaritzara?
Eskatu zidatelako joan nintzen, baina argi izan nuen nik erabakita alde egin nahi nuela. Jende asko dago prest eta gogoz politika instituzionalean egoteko, eta niretzat nahikoa zen. Hainbatek esan didate: «Orain, gauzak ondo daudela, bazoaz?». Nire ustez, militante moduan, hori da dotoreena, norbera konturatu behar da non dagoen muga. Kontzientzia lasai daukat, eta, zorionez, izan dut nora bueltatu.
Zer-nolako urteak izan dira politikagintzakoak?
Oso biziak, gorabehera handikoak. Kazetaria banaiz ere, sekula ez diot kasu egin politika instituzionalari. Ez dakizu ezer, eta arlo teknikoaz gainera, beste hainbat kontu ikasi behar dituzu. Kanpaina bat prestatzea, adibidez, sekulakoa da. Oroitzen dut gure lehenengo kanpaina oso polita izan zela: aldaketa bat zetorren, eta jendea oso hunkituta zegoen. Jendez lepo zegoen Miribilla, ez dut inoiz ahaztuko egun hori. Jende on asko ere ezagutu dut, lagunak egin ditut. Baina baditu alde gogorrak ere. Emakumeok sarritan dugu inpostorearen sindromea: kapaza izango naiz? Konplikatua da zure lekua-edo aurkitzea. Egun osoan egon behar duzu eskura, eta, orain, nire betiko lanera itzuli naizenean, konturatu naiz zer-nolako pisua zen. Zortzi urtetan gauza asko pasatzen dira; batzuetan hor zaude, baina beste batzuetan, ez. Niri, adibidez, bidaiatzea egokitu zait, eta zoragarria izan da, baina zu kanpoan zauden bitartean, bizitzak aurrera jarraitzen du hemen, eta batzuetan ez zaude. Dena bizi duzu modu bizian, ona eta txarra.
Gizonen mundua da oraindik?
Bai. Aldatzen dabil, baina hala da oraindik ere. Ni, esaterako, oso pertsona emozionala naiz, eta hori gutxietsi egiten da askotan. Hau da, emozioetatik egiten baduzu, badirudi merkatu egiten dela diskurtsoa edo ez dela horren garrantzitsua. Formak gizonezkoenak dira sarritan. Lanketak egiten dira, eta apurka-apurka ari dira gauzak aldatzen, baina asko dago egiteko oraindik.
«Zortzi urtetan gauza asko pasatzen dira; batzuetan hor zaude, baina beste batzuetan, ez. Niri, adibidez, bidaiatzea egokitu zait, eta zoragarria izan da, baina zu kanpoan zauden bitartean, bizitzak aurrera jarraitzen du hemen»
Kazetaritza lana asko aldatu da joan zinenetik hona?
Nire ustez, bai. Jende gazte asko sartu da, eta ez zaie gure egiteko modua gustatzen. Adibide bat jartzearren, albistegietako bideoak guk geuk editatzen ditugu, eta, guretzat, plano batek hiru segundo iraun behar du, gutxienez. Kontua da gazteek segundo bateko planoak egiten dituztela orain. Metafora bat bezalakoa da: dena doa azkar, eta belaunaldi arrakala bat dago. Sare sozialen eragina sekulakoa da.
Alderdi politiko bati lotuta egoteak arduraren bat ekarri dizu?
Ikusi egin beharko da. Duela 30 urte, garai gogorrak ziren. Jende batek asko sufritu zuen, oso markatuta zeudelako. Niri ere gertatu zitzaidan hasiberritan. Herri Batasuneko kanpaina biren berri eman behar izan nuen, Europakoena eta autonomikoena. Bigarrenetan, albistegietako zuzendariarengana joan behar izan nuen. Haserre zegoen, kanpainako albiste batean askotan esan omen nuen bakea berba. Bakearen aldeko manifestazio bat zen, ezin nuen saihestu. Horren ordez, «haiek bakea deitzen duten hori» esan behar nuela esan zidan. Harrezkeroztik ez dut sekula kanpaina baten berri eman. Gainera, zuzendariak kanpainaren amaieran kazetari guztiei gutun bat bidali zien zorionak emateko, niri izan ezik. Pentsatu nahi dut gauzak aldatu direla, baina garai bateko kontuak ez ditut ahazteko.
Kazetari zinenean, nola ikusten zenuen politika mundua?
Beti izan dut argi noren alde nagoen, baina askoz errazago kritikatzen da kanpoan egonda. Uste dut denok pasatu beharko genukeela denboraldi bat politikan, zinegotzi moduan-edo, ikusteko zer den eta nola funtzionatzen duen.
Orain, aldatu duzu ikuspegi hori?
Bai, bai. Askoz ere errespetu handiagoa diet. Ez zait gustatzen jendeak esaten duenean politikari guztiak berdinak direla. Ez dira berdinak, ez pertsona moduan, ez talde moduan. Kritikatu aurretik, jakin egin behar da zer dagoen.
EITB «kalitatezkoa, euskalduna eta independentea» nahi duzuela esan zuen EH Bilduk EITB 2022. Eredu berriaren oinarriak agirian. Egun ez al da horrelakoa?
Nire ustez, arazo bat dauka EITBk: bizi da kate publiko bat ez balitz bezala, pribatuan jokatzen du, eta horrek guztian du eragina. Askoz ere libreagoa izan beharko luke gura duena egiteko, publikoa delako eta galtzeko gauza handirik ez daukalako. Beti esaten da diru kopuru bera ematen zaiola euskarazko eta gaztelerazko kateari, baina iruditzen zait euskarazkoa lehenetsi beharko litzatekeela. Ardura postu guztiak atzamarrez erabakitzen dira, konfiantzako postuak dira. Irizpidea izan behar dute profesionalaren gaitasunek eta merituek, eta, batez ere, aukera berdintasuna bermatu behar da. Uste dut EITB herri tresna bat izan beharko litzatekeela, herrigintzaren zerbitzura egon beharko lukeela, alderdi politiko batek zein beste batek agindu.
Eusko Legebiltzarrak lantalde bat sortu zuen 2017an, EITB modu integralean erreformatzeko proposamena egiteko. Bertan aritu zinen buru-belarri, baina EAJk ez zuen ezer aldatu. Frustrazioa eragin zizun horrek?
Guri ondo etorri zitzaigun, lan asko egin genuelako, material guztia jasota dugulako, eta gure lanketak eta proposamenak egiteko balio izan zigulako. Abenduan erantzun ziguten bi foliotan, eta otsailean hauteskundeetara deitu zuten. Hor geratu zen.
[articles:1268297]
Durangaldeko Anboto komunikabideko presidente izan zinen hamazortzi urtez. Nolako garrantzia dute tokiko hedabideek?
Itzela. Telegrameko kanalean Anboto-ri jarraitzen diot, eta une oro lotzen nau bertako albisteekin. Funtzio bikoitza egiten du, nire ustez: euskaraz informatu eta komunitate bat osatu. Asko zaintzen dute albisteen tratamendua, duindu egiten dute ofizioa bera.
Horren harira, euskal diasporaren inguruko graduondokoa aurkeztu zenuen urte hasieran. Nolako harremana du Euskal Herriak diasporarekin?
Joan den legealdian Diasporaren Legea aurkeztuko zutela agindu zuten parlamentuan, eta, legea landu beharko nuenez, graduondokoa egiteko aprobetxatu nuen. Diasporakoek beti esaten dute ezezagutza handia dagoela. Hemen ez dugu irudikatzen diaspora zer den, eta hangoek, berriz, badute ezagutza eta sentimendu handia Euskal Herriarekiko. Diasporarekin dugun harremana ezin da mugatu bakarrik kontu kulturaletara, folklorikoetara eta ekonomikoetara. Arlo politikoan gehiago egin behar da, eta, horretarako, hango egoera ezagutu behar dugu lehenengo. Lau urtez egon nintzen zain, baina azkenean ez zen legea iritsi.
motzean
Irakurri duzun azken liburua? Karmele Jaioren Aitaren etxea.
Lanetik deskonektatzeko abesti bat? Alabak pasatzen dizkit abestiak. Azkena, La Txama taldearen Guadalupe.
Zerk erlaxatzen zaitu? Eguzkia hartzeak, eta itsasoa alboan baldin badago, hobeto, bainu bat hartu ahal izateko. Kirola egiteak ere on egiten dit.
Bisitatu nahiko zenukeen herrialderen bat? Umetatik nituen bi ilusio, eta horiek bisitatu ditut duela gutxi: Partenoia [Grezia] eta Machu Picchu [Peru]. Argentina ere bisitatu nahiko nuke, baina lanera joan beharrik gabe, lasai ikusteko; baita Japonia ere. Leku asko ditut buruan.
Janari bat? Urdaiazpikoa; ahal bada, baserriko ogi zati bategaz.