Euskal Herriko I. Nasapuntako Txapelketa bihar, Ondarroan

Euskal Herriko I. Nasapuntako Txapelketa bihar, Ondarroan

​Ondarroako ikur bat Alde Zaharrean dagoen nasapuntakoa da. Udan, asko dira erreka gainean dagoen masta horretatik ibiltzen saiatzen direnak. Herriko jaietan txapelketak egiten dira, eta, jende askok izen ematen duenez, Euskal Herriko I. Nasapuntako Txapelketa antolatzea bururatu zaie, Kevinth Cardona Aurrera Kukaña Taldeko kideak azaldu duenez: «Hainbeste jendek eman zuen izena abuztuaren 17an, non ikusi genuen txapelketa bat egin behar genuela». Herriak duen ikur hori goraipatzea, eta nasapuntakoaren lehia indartzea eta bultzatzea dira txapelketaren helburuak. 

Jokoa sinplea da: irabazi nahi duenak mastatik ibili behar du, amaieraraino, eta hor dagoen ikurrina eskuratu. Hala ere, ez da erraza: Ondarroako nasapuntakoa 14,80 metro luze da —Euskal Herriko luzeena da—, eta koipeztatuta dago. Horrez gain, ez dago erabat horizontal: mastak gora egiten du apur bat, ibilbidea are zailagoa egiteko. Bihar erabiliko duten nasapuntakoa berria da, eta eukaliptoaren enbor batez eginda dago. Parte hartzaileek edozein teknika erabil dezakete oztopoak gainditzeko eta jokoa irabazteko. Biharko garaileak mila euroko saria eskuratuko du, eta txapela eta ikurrina ere emango dizkiote. 

«Nasapuntakoa apur bat nazioartekotu nahi dugu. Gehiago zabalduko da, eta mezu bat bidaliko diegu denei, eta esan nasapuntakoa beste kirol bat dela».
KEVINTH CARDONA Ondarroako Aurrera Kukaña Taldeko kidea

Euskal Herriko I. Nasapuntako Txapelketan 50 parte hartzaile egotea aurreikusten da. Egun osoko jaialdia izango da. Lehiaketa izango da eguneko azken ekitaldia; 18:00etan hasiko da. 09:30ean ekingo diote egunari, mendi martxa bat eginez, eta, horren ostean, bizikleta martxa, herri kirolak eta herri bazkaria egingo dira Ondarroan. Izena emateko, aurrerakukanataldea8@gmail.com helbidea jarri du Aurrera Kukaña Taldeak. Biharko txapelketan parte hartzeko baldintza bakarra 18 urte baino gehiago izatea da.  

Nasapuntakoa zabaldu

Kevinth Cardona orain dela hogei urte etorri zen Euskal Herrira, Kolonbiatik, eta gaur egun Ondarroan bizi da. Aurrera Kukaña Taldeak antolatuko duen txapelketan parte hartuko du, eta irabaztea du helburu. Saria lortuz gero, oso argi du zer egingo duen diruarekin: nazioartean aritzea. Munduko leku askotan antolatzen dira nasapuntako txapelketak: Italian, Galizian, Ameriketan eta Turkian, besteak beste. Turkian Red Bullek antolatzen du lehiaketa, eta Cardonak, bihar Ondarroan irabaziz gero, dirua hara joateko eta txapelketa horretan parte hartzeko erabiliko luke: «Nire helburua argi dago: Turkiara joatea eta kukaina irabaztea. Azken batean, hara arte banoa, disfrutatu eta Turkia ezagutuko ditut, baina helburua da han bertan irabaztea, bai ala bai». 

Nasapuntakoa nazioarteko bihurtzeko asmoa du Cardonak: «Nasapuntakoa apur bat nazioartekotu nahi dugu. Gehiago zabalduko da, eta mezu bat bidaliko diegu denei, eta esan nasapuntakoa beste kirol bat dela. Helburua da kirola federatzea». Aurrera Kukaña Taldeak espero du datozen edizioetan beste herrialde batzuetako jendea etortzea Ondarroara, Euskal Herriko txapelketetan lehiatzera.

EGITARAUA

09:30. Mendi martxa, Musika plazatik Tontorramendira. 
10:00. Bizikleta martxa, Txirrindu lokaletik abiatuta, Aurrera Txirrindu Taldeak antolatuta.
12:00. Herri kirolak, frontoian.
14:30. Herri bazkaria, Musika plazan, Aurrera Kirol Elkarteak antolatuta.
18:30. Euskal Herriko I. Nasapuntako Txapelketa, Alde Zaharrean, Aurrera Kukaña Taldeak antolatuta.