Urkiolako santutegiko (Abadiño) egungo tenplua 1899an hasi ziren eraikitzen, aurrekoa txiki geratu zelako. 1933an sagaratu zuten, eta, ordutik, zabalik dago. Baina santutegia oraindik bukatu gabe dago. Berez, hirurogei metro luze izan beharko luke, baina horren heren bat baino ez dago eraikita. Beste heren batean, alboko nabeak daude eginda, egun alboetako arkupeak direnak. Erdiko nabearen jarraipena izan beharko lukeen lekuan, lorategi txiki bat dago; erdian, Bizkaiko bizimodua irudikatzen duen eskultura bat dago: laiak nekazaritza ordezkatzen du; burdinazko turbinak, industria; eta aingurak, itsasoko lanbideak. Alboan dago 1870eko kanpandorrea; berez, tenpluaren parte behar luke, baina aparte geratu da. Edozelan ere, santutegia handia da. Eraikinak badu bitxikeria bat: teilatuaren alde bateko urak Mediterraneoan isurtzen dira, eta bestekoak, Bizkaiko golkoan.
Datorren eguenean, Urkiolan jendetza bilduko da, San Antonioren omenezko erromeria ospatzera. Urteko jairik handienetakoa da. Santua bera ere Urkiolan egon zen behin. Portugalen sortutako tradizioaren arabera, San Antoniok ezkongaia topatzen lagundu zion gazte bati, eta ezkongaia eskatzea ohitura bihurtu zen. Urkiolan erritu bat bete behar da horretarako: santutegitik gertu dagoen harri handi bati bueltak ematea. Ez dago argi zenbat diren. Urtero legez, azoka egingo dute santutegiaren inguruetan eguenean. Ez dira faltako musika, dantza eta bertsoak. Halako erromeria batean, 1854koan, Jose Maria Iparragirrek Gernikako arbola kantatu zuen; Euskal Herrian abestu zuen lehen aldia izan zen. Beste jai esanguratsua urtarrilaren 17an egiten dute, San Antonen omenez; animalien zaindaritzat daukate, eta bedeinkatu egiten dituzte: garai batean, ganadua; gaur egun, maskotak.
Milaka urtean sakratu
Parajearen edertasunak berezi egiten du Urkiola. Izen bereko parke naturalaren bihotzean dago. Inguruko harriek 140 eta 110 milioi urte artean dituzte, eta paisaia karstikoa osatzen dute. Lehen giza aztarnak Erdi Paleolitikokoak dira. Ordutik da lekua sakratua. Mitologiari estu lotuta egon da: gertu du Anbotoko Marik bizilekua. Sakratutasun horri eutsi zion duela mila urte baino gehiago kristautasunak. Izan ere, aurretik egondako beste eliza biren lekukoa hartu zuen egungo santutegiak. San Antonen omenez eraikitako ermita txiki bat izan zen lehenengoa. Ez dago aztarna fisikorik, baina bai idatzia: 1212ko agiri batean aipatzen da Gaztelako Urraca infantak eman zuela finantzatzeko dirua. 1567koa da hurrengo aipamena: santutegiko errektore Benito Bizkarrak idatzi zuen lehen tenplua VIII. edo IX. mendekoa zela.
Peli Romanategiren mosaikoa, Urkiolako santutegian, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Egungo tenpluak hainbat artelan ditu. Mosaikoak eta beirateak bereziki deigarriak dira. Mosaiko ikusgarriena aldarearen atzeko horman dago. Peli Romarategi misiolariak egin zuen, 1990eko hamarkadan. 170 metro koadro ditu, eta 85.000 piezak osatzen dute. Lau urtaroetatik igarotzen den arbola handi bat da, gurutze formakoa; bizitza, heriotza eta berpizkundea irudikatzen ditu. Azpian beirate bat du: granada baten leherketa dirudi, 36ko gerrak utzitako hildakoen omenez.
Santutegitik gertu eta galtzada batek lotuta, Santa Apolonia eta Kristo santuaren baselizak daude, baita hiru gurutzeen begiratoki paregabea ere.
Urkiolako Santutegia
Helbidea.
Urkiola auzoa, 5. Abadiño.
Bisitak. Santutegia egunero egoten da zabalik, eta doan bisitatu daiteke.
Erromeriak. Urtarrilaren 17an eta hurrengo domekan; ekainaren 13an eta hurrengo domekan.
Kontaktua. 94-681 41 51.