Zerurantz doazen eraikinak dirudite; tartean, Bilboko hainbat daude, hala nola Guggenheim museoa eta Iberdrola dorrea, Angel J. Sanchez (Salamanca, Espainia, 1961) Getxon bizi den argazkilariaren Babel irudi sortan. Argazkien angelu kontrapikatuak areagotu egiten du neurrigabetasun sentsazioa, eta bildumaren izenak berretsi egiten du egituren asmo jainkotiarra. Sanchezek sinbolikoki erabili ditu eraikin horiek, eta hainbat aitortza jaso ditu dagoeneko: azkena, London Photography Awards lehiaketako platino sarietako bat. «Epaimahaiak nire lana baloratu du, eta, batez ere, nire kontakizuna».
Babel argazki seriearen ardatzetako bat bakardadea da. Aipatu izan duzu eraikin horiek oskolen modukoak direla.
Babel-en oinarrizko ideia da nire profesioaren kontra egitea. Publizitatean egiten dut lan, eta konturatzen naiz algoritmoak dominatzen gaituela. Googlek iradokitzen dizu zer testu egin eta non kokatu, eraginkorragoak izan daitezen. Atsegin dut asko eragingo dituzten mezuak eskatzen dituzte bezeroek, eta ez hainbeste elkarrizketa eragingo dutenak. Fake news-ek, erlijioak eta abarrek gure pentsamendu kritikoa ezabatzen dute. Eta, ondorioz, desinformazio atmosfera bat sortzen da, non jainkotzat daukagun geure burua, teknologiari esker gauza asko egin ditzakegulako, baina, gero eta konektatuago dagoen mundu batean, gero eta bakartuago sentitzen gara. Ez dago bakardade handiagorik norbere burua faltan sumatzea baino. Eta Babel-en agertzen diren eraikinak oskolak dira, humanitatez gabetuak daudelako: upategiak, non garrantzitsuena ez den ardoa, baizik eta edukiontzia, eraikina; parke tematiko bihurtzen diren museoak…
Deshumanizazioarekin lotuta agian, argazki gehienetan ez dira pertsonak agertzen.
Louvre museoaren [Paris] argazkian, bai. Besteetan, pertsonen arrastoak ageri dira. Argi bat ageri da, nik puntu jakin batean kokatu dudana. Babel serieko argazkiak oso-oso editatuta daude; argazki bakoitza egiteko bi aste inguru behar izan ditut, eta bakoitzak hiru gigabyte ditu, geruza mordo bat erabili dudalako nahi nuen efektua lortzeko. Gainera, lehiaketara aurkeztu ez nituen argazkien artean, itsasargienak daude [lehiaketara zortzi argazki aurkeztu zituen, baina 24 ditu bildumak guztira]: argia sartzen da aldeetako batetik, baina distortsionatuta ateratzen da beste batetik. Fake news-ak gogorarazten ditu; gertakizunen eta jakinduriaren interpretazioan lagundu beharko gintuzketen elementuak ez dira horretan laguntzen ari. Parisko Sorbona Unibertsitateko argazki bat ere badago: Medikuntza ikasle batzuek apustu egin zuten beren lagunekin, ea gai izango ziren existitzen ez zen muskulu bat agirietan sartzeko. Muskulu asmatu hori doktore tesi batean agertu zen, doktoregaiak Wikipediatik edan zuelako. Ezagutza lautzen ari gara, hauspotu beharrean.
Bilboko finantza gunea, Angel J. Sanchezen Babel bildumako argazkietako bat —2016an egina—. ANGEL J. SANCHEZ
Zergatik kolore hori? Hondoa beltza da, argazkiak zuri-beltzean daude…
Lortu nahi izan ditut argazki hotzak, hutsak, eta kontraste handia duen zuri-beltza erabili dut. 50×70 eta 70×100 zentimetroko irudiak dira, eta paper metalikoan daude positibatuta. Paper horrek hoztasun handiagoa ematen die.
Era berean, ez da ageri testuingurua emango dien detailerik…
Uste dut zeruak ipintzen diola testuingurua: argazki guztietan zeru bera da, giro berean daudelako. Eta serie bat lantzen duzunean, saiatzen zara irudi denek eduki dezaten ikusizko koherentzia bat. Kontakizun bat sortu behar duzu testuingurua ipintzeko. Interesatzen zait irudiek zer eragiten duten ikuslearengan, nik ipini diedan testuingurua gorabehera.
Eraikinak monumentuak direla esan duzu: arteari egindako monumentuak, finantzei egindakoak… Kasu horietan, zer da monumentu izatea?
Serierako lehen argazkia La Defense arkuari egin nion [Puteaux, Frantzia, Paristik hurbil]. Parisen nengoen —urte askotan erakutsi ditut nire lanak hango Udazkeneko Aretoan—, eta garaipen arkutik gertu hartu nuen ostatu. Napoleonek eraikiarazi zuen arku hori, bere loriarako. La Defensera joan nintzenean, antzeko arku batekin egin nuen topo, baina aurrekoaren aldaera teknologikoa zirudien: arku oso koadratu bat, oso lerrozuzena, minimalista, eta bestea baino handiagoa. Algoritmoarekin lortu dugunaren loriarako eraikina da [La Defense finantza barrutia da, eta bulegoak daude hango arkuaren eraikinean].
Bilboko San Jose eliza —2020ko irudia—. ANGEL J. SANCHEZ
Kontrapikatuaren erabileraren ondorioz, berez handiak diren eraikin horiek are erraldoiagoak dirudite; areago, esajeratuak.
Hori da. Behetik aterata daude —ez guztiak—. Babel alegoria bibliko bat da: ez dugu elkar ulertzen, ezta geure burua ere.
Oro har, nola moldatzen duzu eraikina arkitektura argazkilaritza egiten duzunean?
Gauza bat da serie jakin bat egitea, non kontakizun bat egiten saiatzen naizen, eta beste bat da argazkilaritza arkitektonikoa, non espazioa den kontatzen saiatzen zarena. Hau da, nola erlazionatzen diren kanpokoa eta barrukoa: nola egiten duzun topo beste espazio batekin, bat-batean, ate bat zeharkatzen duzunean, edo nola sartzen den argi bat, une jakin batean…
Zure beste serie batean, Ingrávidos-en (Grabitaterik gabeak), eraikina eta gizakia agertzen dira. Elkarri lotuago, agian?
Bai. Baina Ingrávidos-ek beste zentzu bat dauka. Bertigoaz eta amildegiarekiko erakarpenaz mintzo da. Salto egiten duzunean, ez dakizu zer gertatuko zaizun, baina ahalik eta ondoen egin behar duzu, posturarik onenean; ardura bat duzu horretan. Salto egiten duzu, eta aurre egin behar diozu lortu duzun horri. Seriean, Guggenheim museoa agertzen da: gizakia gai da gauza erraldoiak egiteko, baita bera baino askoz handiagoak diren gauzak ere.
Bilboko Salbeko zubia, Guggenheim museoa eta Iberdrola dorrea —2018an egina—. ANGEL J. SANCHEZ
Eraikinei argazkiak ateratzen dizkiezu; La Tierra que piso seriean (Zapaltzen dudan Lurra), harriei… Testurak zer garrantzi du zure argazkilaritzan?
Handia. Argazkilaritzan, testura da dena. Azken batean, argazkilaritzan, argitik eta itzaletik sortzen da testura. Nik itzal gehiago harrapatzen ditut, argiak baino. Niretzat, itzalak du balioa, horrek ematen baitizu bolumena, testura… Eta garrantzitsua da argiaren norabidea lantzea. Hau da, ez da gauza bera argiak aurrez aurre jotzea koloredun plano baten kontra, edo albotik jotzea, agerian geratzen baitira zimurrak.
La Tierra que piso-k argazkiak egiteaz hausnartzen du. Zer dela-eta gelditu naiz hemen eta egin dut argazki bat? Horrek zergatik eman dit atentzioa? Eta, hortik abiatuta, proiektua garatzen dut. Zerbaitek eragiten dizu leku jakin batean gelditzea, argazki bat ateratzea eta kontakizun bat egituratzea. La Tierra que piso-rako argazki bat egiten nuen, gelditu nintzen lekuari beste bat egiten nion, eta hango zerbait eramaten nuen —harri bat, adar bat…—. Paisaian esku hartzen nuen; jada ez da inoiz paisaia bera izango.