Duela 35 urte «herri oso erdalduna» zen Durango, Esti Zurikarai durangarrak oroitu duenez. «Imajinatu ere ez duzue egiten». Kalean apenas entzuten zen euskararik, eta, hutsune hori betetzeko asmoz, Berbaro euskara elkartea sortu zuten zenbait herritarrek 1989. urtean. Ordutik, urrats asko egin dituzte euskararen normalizaziorako bidean, eta herrian guztiz errotuta dago elkartea. 35. urteurrena ospatzeko, jaia egingo dute gaur arratsaldean, Plateruena Kultur Aterpean. Bagara nor lelopean, Berbaroren komunitate osoari egin nahi diote aitortza.
1989an euskararen arloan «hutsune handia» zegoen Durangon, Zurikarairen hitzetan: «Herri oso erdalduna zen, ez zen euskararik entzuten». Euskara biziberritzeko asmoarekin eratu zuten Berbaro elkartea, eta haren barruan elkartu ziren zenbait euskaltzale. «Batzuek ikusi zuten zerbait egin behar zela egoera aldatzeko. Intuizioz eta motibazioak bultzatuta sortzen ziren ideiak eta proiektuak». Orduan egin zen bazkide Zurikarai bera ere, eta, gerora, elkarteko lehendakari izan zen lau urtez.
«Gaur egun, umeak erraz eta erruz aritzen dira euskaraz, eskolan euskaraz ikasten dute, baina, etxean, haur horien gurasoak euskaldun petoak badira ere, gaztelaniaz hitz egiten dute. Hor eragitea falta da: gurasoak euskararekin maitemintzea falta da».
ESTI ZURIKARAI Berbaro euskara elkarteko bazkidea
Hasierako urte horietan, euskaraz aritzeko «espazio minimo batzuk» lortzea izan zen elkartearen lehentasuna: «Premia itzela zegoen». Horretarako, egunpasak, bertso afariak… antolatzen hasi ziren, eta, handik gutxira, haurrengan ere jarri zuten arreta.
Herrian komunitate bat sortzen ari zela ikusita, elkartearen izen bereko taberna zabaldu zuten 1994an, dirua lortzeko: «Harrera oso ona izan zuen tabernak, eta euskaltzaleon arteko sareak egiteko balio izan zuen», oroitu du Zurikaraik. Hala ere, Berbaro elkartea Eraz aldizkariaren —gaur egungo Anboto astekariaren— eta Plateruenaren sorreran ibili zen buru-belarri batez ere. «Euskaraz bizitzeko nahiarengatik sortu ziren proiektu horiek guztiak: euskaraz bizitzeko esparruak behar genituen, eta, ez zeudenez, guk sortu behar izan genituen», nabarmendu du. Horrez gainera, Dida komunikazio agentzia ere eratu zuten —gaur egun, Sorland komunikazio agentzia da—.
Berbaro euskara elkarteak 1990aren amaieran Durangon antolatutako bertso afaria. BERBARO
Ilusioz oroitzen ditu urte horiek guztiak elkarteko kideak: «Gomuta oso onak ditut. Euskara biziberritzeaz gainera, lagun on asko egin ditut Berbarori esker, eta hori oso pozgarria da».
Aukerak eta gabeziak
Elkartearen sorreratik gaur egun arte, aldatuz joan dira herritarren beharrizanak, baina, Pello Zabarte Narbaiza elkartearen kudeatzaileak azpimarratu duenez, euskara da oraindik ere ardatz nagusia: «Euskararentzako guneak eta uneak sortzen ari gara oraindik, etengabe».
Gaur egun, udalekuak dira elkartearen jarduerarik ezagunenak, baina bestelako hainbat ekitaldi ere egiten dituzte. Besteak beste, irakurzaletasuna sustatzeko Haur Literaturaren Aretoa, Batxilergoko ikasleek euskaraz gehiago egin dezaten bultzatzeko Klak proiektua, Durangoko Azokako Saguganbara, eta urte amaierako bertso afaria, jada «klasiko» bihurtua. «Etorkinekin ere lan asko egiten dugu: Durangora etorri berriak diren horiek euskararekin hartu-emanean jartzeko programa bat dugu», gaineratu du.
Berbaro euskara elkarteak antolatutako udalekuak, iaz. BERBARO
Zabartek urte hasieran hartu zuen kudeatzaile kargua. Aurrez, Markel Sanchez zegoen postu horretan. «Oso pozik nago. Ibilbide polita dauka elkarteak, eta eremu polita da askotariko proiektuak hainbat eremutara zabaltzeko. Betiere, euskara ardatz hartuta», esan du Zabartek.
Aurrera begira, eremu gehiagotara zabaltzea du helburu: «Etorkizunean Durango euskaraz bizi dadin sortu beharko diren proiektuak pentsatzea eta garatzea da gure erronka». Bide horretan, digitalizazioan eragin nahi du bereziki: «Umeek eskolan euskaraz ikasten badute ere, ezagutzak ez dakar erabilera. Sare sozialak, komunikabideak, erreferenteak, lan eremuak… dena da gaztelaniaz». Ondorioz, konpromisoan dago gakoa, haren ustetan: «Euskararekin konprometituta baldin bazaude, eutsi egiten diozu, baina, bestela, jendeak gaztelaniaz jardungo du egunerokoan».
«Babes ekonomikoaz gain, oso garrantzitsua da komunitate sendo bat izatea: belaunaldiak aldatuz doaz, urteak aurrera doaz… baina komunitateak egonkortasuna ematen du, babesa».
PELLO ZABARTE Berbaro euskara elkarteko kudeatzailea
Bide horretan, gurasoengan jarri du arreta Zurikaraik: «Gaur egun, umeak erraz eta erruz aritzen dira euskaraz, eskolan euskaraz ikasten dute, baina, etxean, haur horien gurasoak euskaldun petoak badira ere, gaztelaniaz hitz egiten dute. Hor eragitea falta da: gurasoak euskararekin maitemintzea falta da». Haren arabera, pozgarria izan da herri euskaldunetako jendea Durangora bizitzera etortzea: «Herri horietako herritarrek euskara ekarri dute Durangora, eta hori mesedegarria da».
Etorkinak dira etorkizuneko erronka nagusietako bat, Zabarterentzat: «Azken urteotan jende asko etorri da Euskal Herrira eta Durangaldera. Belaunaldi berrietan, etorkinak asko izango dira, eta hori erronka bat da guretzat: hausnartu beharko dugu alderdi hori nola sendotu».
Euskaltzaleak batzeko eguna
Elkarteak 35 urte bete ditu aurten, eta, hori ospatzeko, ekitaldi bat antolatu dute gaur iluntzerako. «Iluntze bat elkarrekin igarotzeko egitarautxo bat antolatu dugu. Modu batera edo bestera Berbaroren komunitatearen parte diren horien guztien bilgune izatea gura dugu, Durangoko euskaltzaleak batzeko eguna izatea», adierazi du Zabartek.
Garazi Arrula idazleak Korrikaren amaieran idatzitako mezua hartu dute abiapuntutzat leloa aukeratzeko: Bagara nor. «Euskaraz bizitzeko eta euskararen alde lan egiteko harrotasunean eta aldarrikapenean jarri nahi dugu arreta: euskaldunok bagara nor, euskaltzaleok bagara nor, eta berbarotarrok bagara nor».
Orain Berbaroren bulegoan zortzi kidek lan egiten badute ere, bostehun bazkide inguru dira. Horien garrantzia nabarmendu du Zabartek: «Babes ekonomikoaz gain, oso garrantzitsua da komunitate sendo bat izatea: belaunaldiak aldatuz doaz, urteak aurrera doaz… baina komunitateak egonkortasuna ematen du, babesa».
berbaroren 35. urteurrena
18:00. Umeen Txokoa: seriegrafia tailerra, txapa tailerra…
20:00. Ni ta nitarrak antzezlana.
20:45. Ekitaldia: Bagara nor.
21:00. Trikipoteoa Alde Zaharrera.