Bilboko Zazpikaleetako auzokideak kezkatuta daude azken urteotan turismoak izan duen gorakadarekin. Haien ustez, saturaziora iristen ari dira, eta alarmak pizten hasi dira. Izan ere, saturazio horrek zenbait ondorio negatibo ekarri ditu auzora: etxebizitzen prezioen garestitzea, eremu publikoaren pribatizazioa eta denda txikien galera, kasurako. Egoerari irtenbidea emateko asmoz, Bihotzean alde zaharreko auzo elkarteak mozio bat aurkeztu du Bilboko Udalean. Maiatzaren 30ean bozkatuko dute, eta «berandu izan baino lehen» egoerari konponbide bat emateko eskatu dute.
Mikel Gartzia Bihotzean alde zaharreko auzo elkarteko kidearen arabera, etxebizitza turistikoek «ondorio larriak» dituzte auzotarrentzat. Besteak beste, alokairuak garestitzen dituztelako, baita espazio publikoak pribatizatzen eta turismorako zerbitzuak indartzen ere. Hala ere, Gartziak argi utzi du ez dela Zazpikaleetako arazoa soilik, Bilbo osoari eragiten baitio: «Arazoa larria da Bilboko beste auzo batzuetan ere, baina guk alde zaharreko egoera aztertu dugu». Auzokidearen hitzetan, Zazpikaleek ez dituzte gainerako auzoen ezaugarri berberak: «Bilboren erdigunean dago, eta interes historiko eta turistiko bat du; era berean, baina, kontuan izan behar dugu jendea bizi den auzo bat ere badela, eta merkataritza eta auzokide sare sendo bat duela».
«Bilboko Udala ez dakigu zeren zain dagoen. Neurriak berehala hartzen ez badira, ez da konponbiderik egongo».
MIKEL GARTZIA Bihotzean alde zaharreko auzo elkarteko kidea
Bereziki, pandemiak eragin dio prozesuaren azkartze horri, Gartziaren ustez. «Tokiko merkataritzaren desagertzea azeleratu da: prezioak asko igo dira, eta horrek ekarri du frankiziak eta putre funtsak izatea auzoko lokaletan inbertsioak egiten ari direnak».
Auzokideei dagokienez ere, okertu egin da egoera: «Turistek espazio publikoaren okupazioa ekarri dute: turisten presentzia masiboa da auzoan». Kaleetan ez ezik, etxebizitzetan ere nabaritu dute hori. «Pandemiatik hona bi halakotu egin da pisu turistikoen kopurua auzoan; gure komunitateetan sartzen ari dira». Zazpikaleek «geografia mugatu bat» dutenez, gainera, etxebizitza turistikoen kopuruak gora egin ahala, auzokideen aukerak ere murriztuz doazela salatu dute: «Oso zaila da egun auzoan geratzea».
Aspaldiko gatazka
Bihotzean auzo elkarteak urtebeteko prozesuaren ondoren aurkeztu du mozioa udalean. «Azkenaldian, auzokideen kexa eta eskari asko jasotzen ari gara, eta horri konponbidea eman nahi diogu», esan du Gartziak.
Etxebizitza turistikoak debekatzeko gida bat aurkeztu zuten lehenengo, eta, horren bitartez, bizilagunei jakinarazi zieten zein urrats egin behar diren beren portaleetan halako etxerik ez baimentzeko. Gartziaren esanetan, errazak dira eman beharreko pausoak: «Bilera batera deitu behar da lehenengo. Gai zerrendan zehaztu behar da zertaz hitz egingo den eta zer bozkatuko den; jarri ezean, kontra egiteko intentzioa duen bizilagunen batek esan dezake ez zegoela gai zerrendan, eta, beraz, ez duela baliorik». Bozketan, bost jabetik hiruren babesa behar da, eta, amaitzeko, erregistratu egin behar da akordioa.
Gida auzokideei aurkeztu ostean, sinadura bilketa bat egin zuten, eta hilabete bakarrean milaka sinadura jaso zituzten. Azkenik, mozioa aurkeztu dute Bilboko Udalean. Honako hau eskatu dute dokumentuan, besteak beste: auzoz auzo jasangarritasun azterketa bat egitea, Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria moldatzea, etxebizitzaren erabilera turistikoa debekatzea, lizentzia guztien moratoria eta ikuskapen eraginkorrak bermatzea. «Labur esanda, makineria gelditzea, eskuetatik ihes egin baino lehen; pentsatzea eta kontrolak egitea».
Maiatzaren 30ean egingo dute osoko bilkura udaletxean. «Aurreikusten dugu udalak ez duela onartuko mozioa, ez zaiolako interesatzen arazo honi benetako erantzun bat ematea», esan du Gartziak. Alabaina, erantzun bat jasotzea espero dute: «Eskatzen duguna da, haien hitz politen aldean, berehalako konponbide bat eta erantzun sendo bat ematea». Gogoratu dute Donostian «antzeko ordenantza» onartu zutela egoerari irtenbidea emateko. «Bilboko Udala ez dakigu zeren zain dagoen. Neurriak berehala hartzen ez badira, ez da konponbiderik egongo».
Hilaren 30eko bozketan ezezkoa jasota ere, Bihotzean alde zaharreko kideek ez dute etsitzeko asmorik. «Oraingoan ez bada, hurrengoan, edo hurrengoan, edo hurrengoan, aterako da. Guk ez dugu amore emango».