«Azken 50 urteetan Ermuan lortu diren gauza askoren motorra izan da Mariarro». Uztailean beteko dira hiru urte Maria Rosario Arrizabalaga Urreta Mariarro hil zela (Ermua, 1949-2021). Feminista eta gizarte ekintzailea izan zen, beste kontu askoren gainetik, eta, hari aitortza egin asmoz, Mariarro, feminismoan bidaide eta zubigile. Memoria kolektiboa ehuntzen liburua aurkeztu du Ermuko Emakumeen Asanbladak.
Minbizi baten ondorioz hil zen Mariarro, 2021eko uztailean, eta, ordutik, Ermuko Emakumeen Asanbladaren «lehentasuna» izan da hari aitortza egitea. «Mariarro pertsona ezaguna izan zen herrian: proiektu askoren bultzatzailea, zubigilea, beti bilatzen zuen sareak egiteko modua, eta haren indarra eta ilusioa ezinbesteko bihurtu ziren gure herriaren historian. Energia izugarria zuen», nabarmendu du Rosa Baltar Ermuko Emakumeen Asanbladako kide eta liburuaren koordinatzaileak. Mariarrori omenaldia egiteaz gainera, baina, «memoria ariketa bat» egitea ere izan dute helburu: «Memoria kolektibo feminista eraikitzen jarraitu nahi dugu herrian, datozen belaunaldiek herrian gertatutakoaren berri izan dezaten».
«Memoria kolektibo feminista eraikitzen jarraitu nahi dugu herrian, datozen belaunaldiek herrian gertatutakoaren berri izan dezaten».
ROSA BALTAR Ermuko Emakumeen Asanbladako kidea eta liburuaren koordinatzailea
Bereziki, feminista eta gizarte ekintzailea izan zen Mariarro, Begoña Fernandez asanbladako kide eta liburuaren beste koordinatzailearen hitzetan: «Feminismoarekin eta Saharako herriarekin oso militantea zen; bata eta bestea oso presente izaten zituen bere borroka guztietan». Bide horretatik ondu du liburuaren azala Sonia Garcia Fuentes ilustratzaileak. «Mariarroren ilustrazioa kolore morez eta horiz inguratuta ageri da. Lehenengoak feminismoari egiten dio erreferentzia, eta bigarrenak, Ongi Etorri Errefuxiatuak kolektiboari», azaldu du Fernandezek.
Hamazazpi kapitulutan banatu dute liburua, eta, bakoitzean, askotariko gaiak landu dituzte. Besteak beste, Mariarroren haurtzaroa, borroka feminista Ermuan, eta Mariarrok utzitako ondarea. Hamar elkarrizketa egin dituzte, banaka zein taldean, eta Ermuko Udal Artxibo Historikoko dokumentazioa eta bertako kolektiboek kaleratutako publikazioak ere ikertu dituzte.
Prozesua «luzea baina polita» izan dela kontatu du Baltarrek: «Sendatze ariketa bat izan da: barre egin dugu, negar, oroitzapen asko etorri zaizkigu gogora, asko hitz egin dugu gure artean…». Fernandezek ere bide beretik jo du. «Oso terapeutikoa izan da».
«Feminismoarekin eta Saharako herriarekin oso militantea zen, bata eta bestea oso presente izaten zituen bere borroka guztietan».
BEGOÑA FERNANDEZ Ermuko Emakumeen Asanbladako kidea eta liburuaren koordinatzailea
Liburua ele bitan dago idatzita: Idoia Eizmendik eta Aitziber Aginagaldek idatzi dute gaztelaniaz, eta Danele Sarriugartek ekarri du euskarara. Testuetatik harago, hirurogei argazki ere bildu dituzte.
Oraingoz, 150 ale inprimatu dituzte, baina aurrerantzean guztien eskura jartzeko asmoa ere badute, digitalki. «Liburua esku artean dugu, eta dibulgazio lana egitea egokitzen zaigu orain», esan du Fernandezek. Proiektua aurrera eramateko, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren diru laguntza jaso dute.
Memoriaren garrantzia
Ermuko Lobiano kultur aretoan aurkeztu zuten liburua, maiatzaren 4an, eta, bi kideek nabarmendu dutenez, aretoa «lepo» zegoen. Tartean, Anabel Sanz del Pozo feministaren hitzak gogoratu ditu Baltarrek. «Zera esan zuen: oroimenak eta genealogiak inozotasunaren aurka balio dute: umiltasuna lantzeko; historia ofizialak ikusezin bihurtutako gure antzinakoen berri izateko; aldi oro hutsetik hasi beharretik ez izateko».
Mariarro, feminismoan bidaide eta zubigile. Memoria kolektiboa ehuntzen liburuaren azala.
Ermuko Emakumeen Asanbladak bigarrenez garatu du halako proiektu bat. 2014an, Aztarna Feministak izeneko egitasmoa ondu zuen Zaida Fernandez soziologo eta batzordeko kideak: Ermuko mugimendu feministarentzat esanguratsuak diren edo izan diren leku eta garaien bilduma osatu zuen. Aurrera begira, ez dute geldirik egoteko asmorik: «Borrokak aurrera jarraitzen du».