Ibilbide bat da XX. mendetik barrena. Baina gai batzuk errepikakorrak dira: emakumeen eta langileen zapalkuntza, euskararen egoera, desirarekiko zalantzak eta erreparoak, senideen aldeko sakrifizioak. Bilbo inguruan bizi diren hamar emakumeren begietatik erreparatu die ertz horiei Iratxe Ormatza Imatz idazleak (Bakio, 1971) Printzak begietan narrazio liburuan (Elkar, 2023).
Ipuin bat idatzi duzu hamarkada bakoitzeko. Zergatik?
Ipuin liburu bat egin nahian nenbilen, eta, halako batean, ideia hori eduki nuen, eta pentsatu nuen irakurriko nukeela halako liburu bat. Ez nuen agertu gura zelakoa izan zen XX. mendea Euskal Herrian; gura nuen itzalpean geratzen direnen gainean berba egitea: emakumeak eta euskaldunak. Urtaro konkretu batean kokatu dut bakoitza; momentu konkretuak jaso ditut, baita emakumeek giroaren eta inguruaren gainean egiten zituzten gogoetak ere.
Zergatik zehaztu duzu urtaroa? Zelan baldintzatu ditu ipuinak?
Uste dut urtaroak denok baldintzatzen gaituela. Ipuin batzuetan, hotz egitea edo ez egitea oso inportantea da: 1960ko urteetatik aurrera ez hain garrantzitsua igual, baina aurretik bai.
Hasierako hamarkada horietan, eguraldiak zer garrantzi du?
Esaterako, lehenengoan [1905], udaberria da: hotz handia pasatu dute, oso modu prekarioan bizi dira, pobrezia eta miseria dute inguruan… Zeozer hobeagoa etorriko zaie, eta apur bat lasaitu egingo zaizkie gorputza eta gogoa. 1914koan, hotz handiagoa egiten du, kontrastea igar dadin; protagonistak etxe batean bizi dira, ondo, baina kanpoan beste batzuk ez dira horren ondo bizi. 1940ko hamarkadakoan, gura nuen jaso zer zen hotz izatea frankismopean, eta zer beroa izatea: zer den tapatuta joan behar izatea itzelezko sargori batekin, gorde behar izatea; askatasun falta hori.
Narrazioetan, etxeak garrantzi handia du. Ipuinetako batzuk etxean gertatzen dira, eta, handik kanpo daudenean ere, protagonistek sarri edukitzen dute etxea gogoan. Zer esangura du?
Ez da gauza bera etxean ondo egotea, edo hotz edo lar bero, edo txabola batean bizitzea. Gainera, beti esaten da etxea babeslekua dela, eta batzuentzat bada, baina andreentzat ez da izan. Frankismoak, esaterako, emakumeak etxean gura zituen, eta 1960ko urteen amaieran eta 1970ekoetan emakumeek kalea apur bat berreskuratu zuten. Eta, lehen, bizimodua kalean egiten zen asko. Kontraste hori inportantea da.
«Emakumeek erabakiak hartu izan dituzte, familian eta seme-alabengan eragina izan dutenak, baina askotan erabaki horiei ez zaie daukaten garrantzia eman»
Ekonomiarekin ere zerikusia du?
Beti esaten da baserria dela ekonomia bat, hortik bizimodu bat ateratzen duzulako. Eta etxeetan ere atera da bizimodu bat, eta, batez ere, andreek atera izan dute: beti egon da lan formala eta lan informala. Andreek lan formala egin ahal izan dutenean, egin dute; ezin izan dutenean, lan informala egin dute: askotan, kalean, gauzak saltzen, edo prostituzioan… Eta lan informal asko etxean egiten zen, eta egiten da, ordainpeko zaintza eta ordain bakoa: andreek egin dute josi, lisatu, arropa garbitu, jatekoa egin, apopiloak etxean eduki… Askotan, gizonek irabazten zuten soldata ez zen nahikoa txabola ordaindu ahal izateko, eta andreak ere ipintzen zuen dirua. Etxean, argi geratzen da gauza askotan nork agintzen duen. Emakumeek erabakiak hartu izan dituzte —eta ipuinetan ere ageri da— , familian eta seme-alabengan eragina izan dutenak, baina askotan erabaki horiei ez zaie daukaten garrantzia eman. Ipuinetan, emakumeen zaintza lanak izan duen garrantzia aldarrikatu nahi izan dut.
Ipuinetako batean, etxeko gela bat aipatzen da, senarraren bulegoa. Ipuin bat idazten hasten denean, bulego horretara jotzen du protagonistak, eta gero, beste gela batera. Bere etxea da, baina berak ez du leku bat bere idazketa garatzeko.
Hala da. Gizonak esaten du: «Nik egin behar dut, eta egingo dut», eta uste dut hori ez dela aldatu. Gizonak ez du aldarrikatu behar leku hori: berea da. Eta emakumeak esan egin behar du hori ere bere lekua izan daitekeela. Ahalduntze prozesu bat da: orain gaitza bada, pentsatu frankismoan, askoz bere gaitzagoa zen. Andreek, etxeko zereginetan badabiltza, denbora asko sukaldean egiten dute. Agatha Christiek esaten zuen bere ideia onenak harrian sortu zituela.
Familia harremanek ere garrantzi handia dute ipuinetan: senar-emazteen artekoek, amaren eta seme-alaben artekoek…
Ibilbidea erakutsi nahi izan dut, ikusteko egoera zenbat aldatu den, eta, aldi berean, zer gutxi: 1998ko ipuineko emakumearengan frankismoaren eragina dago, nire ustez —baita Mendebaldeko eragina eta patriarkatuarena ere—: etxeko erregina izan behar duzu, eta zu zara zure seme-alaben eta senarraren zorionaren erantzule. Ez da hori apurtu: oraindino ere, emakume askok ikusten dute zeozer gehiago egin behar dutela.
Ipuinen ardatz nagusietako bat lana da: ordaindutakoa eta ordaindu bakoa. Eta haien gorputzetan islatzen da: ipuin askotan aipatu duzu eskuko ospelak edo azalaren kolorea; protagonistetako batek eskuak zaindu beharko dituela esaten dio biolin jotzailea izan nahi duen ahizpari.
Azken batean, belauniko bazaude garbitzen, horrek marka bat utzi behar du gorputzean eta azalean, erditzeak uzten duen moduan. Ez dakit inork pentsatuko duen gizon batek eskuak zaindu behar dituenik, saihestu beharko lukeela eskuak urpean bi orduz edukitzea, harrikoa egiten edo arropa garbitzen… Gorputzean hori adieraztea inportantea da, batez ere hasierako ipuinetan, baldintzak hain gogorrak izateagatik. Uste dut gorputzak pentsatzen dugun baino askoz gehiago eragiten diola gure esperientziari eta gure gogoetei.
«Euskararen irakaskuntzari oso prestigio txikia eman izan zaio, eta horra joan dira gizartean prestigio txikiagoa izan duten horiek: andreak»
Ipuinen beste ardatzetako bat euskara da; batez ere, bizkaiera: elkarrizketak bizkaieraz dira, narratzailearen parteetan bizkaierara lerratzen dira berba batzuk… Zelakoa da bi erregistroen arteko hartu-emana?
Gaitz egiten zitzaidan pentsatzea 1905eko andre batek batuaz egingo zuenik. Errealismoa areagotzeko, beharrezkoa ikusi nuen bizkaiera erabiltzea. Eta gero pentsatu nuen oso tresna aberasgarria dela: 1962ko ipuinean, senarrak gipuzkeraz egiten du. Jolas bat ere badago: orain bizkaieraz, orain gipuzkeraz, batua ere agertzen da… Uste dut horrek ere islatzen duela euskararen egoera. Eta idazterakoan, joera handia daukagu Erdialdeko euskarako berbak erabiltzeko: daukagu konforme, baina ados erabiltzen dugu.
Konplexua dago bizkaiera literaturarako erabiltzeko?
Konplexua… Nik ez dakit jendeak zergatik ez duen egiten horrenbeste. Miren Agur Meabek erabiltzen du; eta Miren Amurizaren Basa liburua [Elkar, 2019] bizkaieraz josita dago, eta ederra da. Baina idazterakoan igual errazago etortzen zaizkigu Erdialdeko berbak, oihartzun handiagoa daukalako Mendebaldeko euskarak baino.
Ipuin batzuetan, euskara bada, gainera, emakumeek ordainpeko lanera salto egiteko modu bat ere: irakasle ari dira ikastoletan eta euskaltegietan, adibidez. Euskarak balio erantsi hori ere izan du andreentzat?
Bai. Errepublika garaian, baita aurretik ere, emakume asko ibili ziren irakaskuntzan, bai umeei erakusten, baita helduei ere euskara irakasten; ordutik datoz Gau Eskolak. Irakaskuntza zaintza moduko bat izan da, eta feminizatua egon da. Irakaskuntza oso prekarioa izan da; euskararen irakaskuntzari oso prestigio txikia eman izan zaio, eta horra joan dira gizartean prestigio txikiagoa izan duten horiek: andreak. Eta izan da zubi bat ordainpeko lanera sartzeko. Andreak eta euskararen irakaskuntza batuta doaz.