Indusketak Begoñako basilikan, azpian Vecunia herrixka indigena dagoelakoan

Indusketak Begoñako basilikan, azpian Vecunia herrixka indigena dagoelakoan

​Gabriel Henao jesuitaren XVII. mendeko idazki batean, Axpelueta inguruko galtzada erromatarreko (Lauroeta, Loiu) haitz bat aipatzen da; zera zegoen harrian idatzita: «VECVNIENSIS HOC MUVIERUNT». Hau da, «hau vecuniarrek egin/eraiki/ordaindu zuten». Nortzuk ziren vecuniar haiek? Hipotesi argiena da Vecunia izeneko erromanizatutako herrixka indigena garrantzitsu bateko biztanleak zirela. Baliteke Bilbon egon izana, Begoñan. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Elizbarrutiak Begoñako basilikan indusketak egingo dituzte, han topatuko dutelakoan. 

Datozen asteetan azterketa geofisikoa egingo dute. Horri esker jakingo da zer sakoneran dagoen oinarrizko arroka eta zer potentzia duten tarteko geruzek. Ondoren hasiko dira indusketak. Urtebete iraungo dute, eta milioi bat euroko aurrekontua izango dute, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi duenez. Behin amaituta, foru aldundiak laborategietan aztertuko du topatutakoa. Zientzia arloko hainbat diziplinatako adituek antropologia, genetika, flora eta fauna, Erdi Aroko eta Antzinaroko arkitektura, erlijio kultura eta iraganeko gizarte jokabideak aztertuko dituzte. «Aukera paregabea da gure sustraiak ezagutzeko, gure kultura ondarea aberasteko eta herri nortasuna indartzeko». 

«Gure kristau fedeak lurraldean dituen sustrai sakonenak bilatu gura ditugu, eta giza taldearen jatorririk zaharrenak».
ALBERTO SANTANA Bizkaiko Kultura Ondare Zerbitzuko burua

Lanek iraun bitartean, tenpluak zabalik egongo da: mezak ospatuko dira, ezkontzak, hiletak eta Begoñako Amaren omenezko jai handiak abuztuan eta urrian. Beraz, tenplua osatzen duten 1.100 metro koadroak lau esparrutan banatu dituzte, eta haietako bakoitzean arituko dira faseka, gainontzekoa gurtzarako utzita. Hegoaldeko nabean hasiko dira, iparraldekoan jarraituko dute, erdiko nabearen ekialdeko aldea —aldarea dagoena— neguan aztertuko dute, eta koruaren aldekoa utziko dute bukaerarako. Foru aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuko buru Alberto Santanaren esanetan, basilikaren azpian herrixka topatuko balute, kanpoan jarraituko lukete, tenpluaren atariko zabalgunean eta ekialdeko aparkalekuan. 

«Arkeologian, liburua azken orritik hasten dugu, hau da, gaur egunetik, eta aurrerantz egiten dugu, sakondu ahala. Ez dakigu aurreko kapituluak han dauden, irakurri ahal izango ditugun edo kendu dituzten», esan du Santanak. Gainera, ez da ziurra herrixka han dagoenik. «Gure kristau fedeak lurraldean dituen sustrairik sakonenak bilatu gura ditugu, eta gizatalde batek elkarte legez izan ditzakeen jatorririk zaharrenak», esan du indusketen arduradunak. 

Geruzaka

Zorua altxatuta, lehenengo bostehun urte dituen hilerri bat topatuko dute, hirurehun hobi ingurukoa, eta bakoitzean hainbat belaunaldi lurperatuta. «Ez dakigu zenbatean hondatu zituzten XIX. mendean izandako gorabeherek eta gerrek». 1864an Begoñako udal hilerria inauguratu zen arte erabili zuten. Beherago, 1510 bueltara arte zutik egon zen eliza erromanikoa dago, Santanak azaldu duenez: «Apala zen, zurezko sabaia zuen. Bilbo sortu aurretik eraiki zuten. XIII. mendetik dago dokumentatuta. Seguruenik, burualdean hilerri bat izango du». Azpian, duela 1.000-1.100 urteko baseliza egongo da. «Hortik behera lurralde ezezagunean sartuko gara», ohartarazi du historialariak.

«Aukera paregabea da gure sustraiak ezagutzeko, ondarea aberasteko eta herri nortasuna indartzeko».
ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia

Bata bestearen gainean dauden herrixka bi topatzea espero dute. Gainean, Vecunia erromatarra, k.o. I, II, III eta, agian, IV. mendeetakoa, duela bi mila urte latina ikasi zuena eta dokumentatutako Bizkaiko lehen obra publikoak eraiki zituena. Baina Vecunia izena ez da latinezkoa. Beraz, haren azpian k.a. II. eta I. mendeetako herrixka indigena bat agertzea espero dute, San Martin Finagakoan (Basauri) eta San Pedro Abrisketakoan (Arrigorriaga) topatu dituztenen garaikidea. Kapa erromanizatuan oinplano karratuko etxeak eta kaleen oinarrizko egiturak ager daitezke; beheragokoan, zirkulu erdiko oinplanoa dutenak.

Lurra ere aztertuko dute, eta Artagan muinoari izena ematen dion artadia zenbatekoa izan zen jakin ahal izango dute. Ondo bidean, mahatsa inguruetara noiz ailegatu zen ere bai. «Hemen dokumentatu zen lehen aldiz txakolina izena». 

«Begoñaren jatorrian sakontzeak itsasargi honen garrantzi eta indarraren berri zehatzagoa emango digu».
JOSEBA SEGURA Bilboko gotzaina

Santanak hiru emaitza posible aurreikusi ditu. Batetik, aurkikuntza ikusgarriak egitea. Kasu horretan, kripta bat eraikiko lukete basilikapean, jendeak aztarnak ikusi ahal izateko, eta, agian, hilerrietako gorpuzkiak lurperatzeko. Beste aukera bat da aurkikuntzak egin arren, ikusgarriak ez izatea. Azkenik, ez du baztertzen herrixkarik ez topatzea. Kasu horretan, beste nonbait jarraitu beharko lukete Vecuniaren bila. 

«Topatuko duguna gure herria ezagutzeko argia izango da. Argi ederra da, Begoñako Amatxuk ematen diguna», esan du historialariak. Joseba Segura Bilboko gotzainak ere bide beretik egin du gogoeta: «Bere argia zabaldu duen itsasargiaren antzekoa da Begoña, eta guk uste baino eragin handiagoa dauka jendearen norabidea gidatzean. Beraz, jatorrietan sakontzeak itsasargi honen garrantziaren eta indarraren berri zehatzagoa emango digu. Lehenengo eta behin, Bizkaia osoari buruz, seguruenik egingo diren ikerlanek gure historiako alderdi erabakigarriak argituko dizkigulako».