Ikerketa arkeologikoen berri emateko, Bizkaiko historia ezagutarazteko, eta material arkeologikoak biltzeko eta zaharberritzeko ekintzak bultzatzen ditu Bizkaiko Arkeologia Museoak. Duela hamabost urte ireki zituen ateak, Bilbon, arkeologia gizarteratzeko helburuarekin, hain justu. Beste aditu batzuekin batera, Iñaki Garcia Camino arkeologoak (Muskiz, 1958) proiektu horren sorreran parte hartu zuen, eta, haren ibilbide profesionala kontuan hartuta, museoko zuzendari izendatzea erabaki zuten. Izugarrizko irakaspenak eman dizkion lan esperientzia izan bada ere, erretiroa hartzeko garaia heldu zaio aurten, eta, halabeharrez, zuzendari izateari utzi dio hamabost urte igaro ostean. Orain arte landu ezin izan dituen arkeologia gaietan murgiltzeko garaia dela uste du.
Nondik jaio zen Bizkaiko Arkeologia Museoa egiteko beharra?
Museoko zuzendaria izan aurretik, hamazortzi urtez aritu nintzen lanean kultur ondarearen arloan, Bizkaiko Foru Aldundian. Museo berri bat egiteko asmoa zutela esan zidaten orduan, eta horren sorreran parte hartzeko eskatu. Sorkuntza prozesuaren hasieran sortu zitzaizkigun lehenengo zalantzak: zer motatako museoa izan behar zen, zelako edukiak bildu behar zituen eta zer etapa historiko landu nahi genituen zehaztu behar genuen. Azkenean, [Bizkaiko] lurraldearekin lotura estua izango zuen museoa eraikitzea erabaki genuen, ezinbestekoa iruditzen zitzaigulako bertan erakutsi nahi genituen piezen jatorria eta testuinguru historikoa ezagutaraztea.
Arkeologiak badu loturarik eguneroko bizitzarekin?
Askok ezetz uste dute, eta hori izan zen museoa egiteko beste abiapuntuetako bat. Arkeologiak lotura estua du ondarearekin, kultur ondare materialak ikertzeko teknika bereziak erabiltzen dituelako, eta, noski, kultur ondare material horiek gure arbasoek utzitako aztarnak direlako. 1980ko hamarkadaren hasieran, Eusko Jaurlaritzak kultur eskuduntzak lortu zituen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko kultur ondarea ikertzeari ekin zion. Ordura arte, baina, eliza handiak eta antzeko monumentuak hartzen ziren soilik kultur ondaretzat. Espainiako Gobernuak eskuduntza guztiak zituen, eta, beraz, bestelako ondareari ez zion inolako garrantzirik ematen.
1980ko urteetako ikerketetan parte hartu zenuen zuk?
Beste kide batzuekin elkartu nintzen, balio historikoa zuen hori identifikatzeko helburuarekin. Funtzio bikoitza bete nahi izan genuen: alde batetik, arlo akademikoak garrantzitsutzat hartzen zituen ondare materialak identifikatu genituen, eta, beste aldetik, herrietan bizi zen jendearekin hitz egin genuen, jakiteko haientzat zer zen ondarea. Herritarrekin hitz egin ostean, arlo akademikoak ondaretzat hartzen ez zituen aztarnek ere balio historikoa zutela ebatzi genuen. Ikaztegiek, esaterako.
«Europako gizon zuriak Ekialde Hurbilera joaten ziren eta hango ondareak lapurtzen zituzten, euren herrialdeetako museoetara eramateko. Kultur ondare materiala lapurtzea herrialde horien historia ezeztatzea izan da»
Zaila da arkeologia lanetan aritzea?
Arkeologia gradua amaitu nuenean, Bizkaian Erdi Aroa nolakoa izan zen ikertu nahi nuen, baina ez zegoen horren inguruko iturri askorik. Halako kasuetan, planteamendu zientifikoak garatzeko erabiltzen dituzten irizpideei jarraitzen diet nik: aurretik egindako ikerketetan oinarrituta, hipotesi bat garatzen dut, eta, ondoren, hipotesi hori egiaztatzen dut. Dena den, aztarnak ikertzeko teknikak izugarri aldatu dira azken urteotan. Egun, duela berrogei urte aurkitutako hezur aztarnak iker daitezke berriz, eta lehen aldiz zehaztu egiten dira historiaurrean bizi zen pertsona horren elikadura ohiturak. Biologia kimikoaren bitartez egiten da prozesu hori.
Beste zeozertan aldatu da ofizioa?
Indusketa lanak egiteko ohitura zabaldu da; zona bateko balio historikoa indartu nahi denean, gehienbat. Udalek diru laguntzak eskatzen dizkiote Eusko Jaurlaritzari, eta, lortutako laguntza amaitzen zaienean, bertan behera uzten dituzte. Urte batzuk igaro ostean, proiektuari heltzen diote berriz, eta prozesu bera errepikatzen dute. Nire ustez, indusketa lanak nolanahi egiteak ondarea suntsitzea besterik ez dakar. Horregatik, ezinbestekoa da aurretik ikerketa sakon bat egitea.
Aurkitu dituzten aztarna arkeologikoak gordetzen dituzte Bizkaiko Arkeologia Museoan; askok ehun urte baino gehiago dituzte. Teknika berritzaileak erabiltzen dituzte horien inguruko informazioa eskuratzeko. Argazkian, han ageri da Iñaki Garcia Camino, 2012an. IÑAKI GARCIA CAMINO
Zein da indusketa lanen alderik konplikatuena?
Lurreko geruzak identifikatzea eta lurren arteko desberdintasunak zehaztea, zalantzarik gabe. Antzina, indusketak egiten zituztenean, horizontalki egiten zituzten zuloak, ahalik eta sakonen heltzeko helburuarekin. Ez da metodorik egokiena. Geruzak denborarekin sortzen dira, era naturalean, eta, horizontalki egiten baldin baduzu zuloa, baliteke aro desberdinetako ondare materialak nahastea. Horrez gain, azpiko geruzak zeintzuk diren zehazteko zailtasunak eragiten ditu horizontalki induskatzeak. Aurretik zulo bat egon den jakiteko aukera galtzen duzu, adibidez.
Arkeologo hitza entzun eta Indiana Jones pertsonaiaren irudia etor dakioke jendeari burura. Hala da?
XIX. mendeko arkeologoaren irudia da hori, espedizio handiak egiten zituen horrena. Azkenaldian, arkeologia mota horren inguruko eztabaidak hedatu dira, arkeologia koloniala izan zelako. Europako gizon zuriak Ekialde Hurbilera joaten ziren eta hango ondareak lapurtzen zituzten, euren herrialdeetako museoetara eramateko. Kultur ondare materiala lapurtzea herrialde horien historia ezeztatzea izan da: ezin izan dituzte euren interpretazio zentroak ireki, eta ez dute euren historia eraikitzeko aukerarik izan. Orain, egin zutenaren inguruan hausnartzen hasi dira museo batzuk, eta deskolonizazio prozesuak ere planteatu dituzte. Hala ere, ez dut uste lapurtutako hori bueltatzeko asmoa dutenik.
«Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren harira, lur azpiko babestoki bat ireki zuten herrian. Turistek eta interesa duen edozeinek bisita dezakete, baina halako kasuetan sortzen zaidan zalantza da ez ote ditugun gauzak kanpora begira egiten»
Zer dago Bizkaiko Arkeologia Museoan?
Indusketa arkeologikoetan aurkitu diren kultur ondare materialek Bizkaiko historia kontatzen dute. Historiaurrean hasi eta Erdi Arorako bidaia egiten dute aztarna arkeologikoek. Horrez gain, Aro Modernoarekin eta Aro Garaikidearekin lotutako ondarea ere biltzen du. Azken bi etapa horien inguruan testu idatzi gehiago daudenez, ordea, kontakizun biak aski desberdinak dira.
36ko gerraren inguruko informazioa lantzen du?
Aranzadi eta Gogora elkarteek dute 36ko gerrako gorpuak ikertzeko eskumena, izen-abizenak dituzten pertsonak direlako. Guk lubakien, burdinaren garrantziaren edota bunkerren inguruko informazioa ikertzen dugu. Duela berrogei urte lanean hasi nintzenean, inork ez zuen interesa gai horren inguruan, tabua zen. Ondarearen kontzeptua, baina, ez da estatikoa, eta denborarekin aldatu egiten da. Belaunaldi bakoitzaren beharretara egokitzen da.
Berlin azpiko lubakiek, esaterako, turisten arreta piztu dute.
Bai, zenbait tokitako balio historikoa handitu egin da. Hemen ere gauza bera gerta liteke Gernikarekin. Bonbardaketaren urteurrenaren harira, hain zuzen, lur azpiko babestoki bat ireki zuten herrian, apirilean. Turistek eta interesa duen edozeinek bisita dezakete, baina halako kasuetan sortzen zaidan zalantza da ez ote ditugun gauzak kanpora begira egiten. Tokiko jendearengan pentsatzen hartu beharko genituzke erabakiak.
Museoko zuzendari bezala, zer egiten zenuen zuk Bizkaiko biztanleen arreta lortzeko?
Eman izan ditugun hitzaldietan, aktualitatearekin lotura zuten kontuak lantzen saiatzen ginen. Pandemia garaian, adibidez, arkeologiaren eta historian izandako pandemien arteko harremanei buruz aritu ginen. Iaz, ordea, gerra izan genuen hizpide nagusi, Ukrainako eta Palestinako gatazkak oso garrantzitsuak izaten ari direlako. Aurten, gosearen inguruan arituko gara, hurrengo astetik aurrera. Horrez gain, Iturribideko hainbat elkarterekin eta zenbait artistarekin egiten dugu lan. Orain, zehazki, gerraren hutsaltasunaren inguruan hausnartzeko erakusketa bat dago ikusgai.
Motzean
Arkeologia, laburrean.
Zientzia transbertsal bat.
Arkeologo gisa bereziki disfrutatu duzun lanen bat?
Argiñetako (Elorrio) eta Arrietako indusketa lanak. Argiñetakoa izan zen egin nuen lehena; Arrietakoa, azkena.
Ikertu nahiko zenukeen arkeologia gairen bat?
Antzinaroa, V. eta VIII. mendeak bitarte gertatu zena. Orduko hileta errituek antza handia zuten Frantziako biztanleen ohiturekin. Oso garai iluna izan zen.
Bizkaiko Arkeologia Museoak duen erronka bat?
Integrazioa. Uste dut ahalegin gehiago egin behar dugula herritarrengana heltzeko. Dena den, irailetik ekainera bitarte eskola taldeak izaten ditugu bisitan. Irakasleek gure lanari balioa ematen diote, eta hori eskertzekoa da.
Museoko zuzendari izateak eman dizun irakaspenen bat?
Egin ditugun ekintzen bitartez, hobeto komunikatzen ikasi dut.