Inaugurazio ofiziala 1902ko abenduaren 7an egin zuten. Bilboko Arriaga plazan zeukan abiapuntua. Lemoarako bidea hartzen zuen, eta, hara ailegatutakoan, linea bitan banatzen zen: bata Durangorako bidea zen, eta bestea, Zeanurirakoa. Tranbiak osatzen zuen ibilbidea, osotara, 49,21 kilometro luze zen. Horietatik hogei Bilbo eta Lemoa artekoak ziren. Lemoatik Durangora arteko zatiak 14,6 kilometro zituen; antzeko zatia ibili behar izaten zen Zeanurira iristeko. Azaroan hirurogei urte beteko dira Arratiako tranbiak azken bidaia egin zuenetik. Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta, Jon Urutxurtuk liburu bat ondu du: Arratiako tranbiaren historia grafikoa (1902-1964).
Joan den astean Urutxurtuk aurrerapen bat egin zuen Lemoan, eta Lemoa Arratiaren bihotza erakusketa ere inauguratu zuten Kotxepin kultur etxean —maiatzaren 31ra bitarte egongo da ikusgai— Hala ere, liburua Bilboko Liburu Azokan aurkeztuko du, ekainaren 5ean, 12:00etan. Bizkaiko Foru Liburutegian dago salgai dagoeneko. «Azpeitiko [Gipuzkoa] Euskal Trenbidearen Museoko Juanjo Olaizolak egindako ikerketa izan da abiapuntua. Osatu egin dut, eta, batez ere, alde grafikoa indartu dut», azaldu du Urutxurtuk. Berrehun argazki inguru daude liburuan.
«Euskal Trenbidearen Museoko Juanjo Olaizolak egindako ikerketa izan da abiapuntua. Osatu egin dut».
JON URUTXURTU Liburuaren egilea
2014an, erakusketa bat egin zuten Lemoan, eta Urutxurtuk egin zuen horretarako katalogoa. Han jasotakoari gehitu dizkio gerora topatu duen informazioa, argazkiak eta hedabideetan agertutako albisteak. Sail berriak gehitu ditu: istripuak eta ezbeharrena, tranbia literaturan agertu den aldiena… «Hirurogei urtetik gorako bizitzan, era askotako gertakariak bizi izan zituen: uholdeak, errailetatik irteteak, gurdiekin eta beste auto batzuekin talkak, pertsonak eta familiak harrapatzea, langileek pairatutako istripuak…», esan du. Horregatik, tranbiaren berriak sarri agertu izan dira hedabideetan.
Goraldia eta gainbehera
Lehen tranbiak animalien indarrari esker zebiltzan, baina Arratiako tranbia elektrikoa zen, herri arteko zerbitzua ematen zuen, eta bidaiariak eta merkantziak garraiatzen zituen. Lehen urteetan lehia zorrotza izan zuen Bilbotik Durangorako trenbide estua ustiatzen zuen Konpainia Zentralarekin, baina 1911ko ekainaren 12an Ferrocarriles Vascongados konpainiak Bilbotik Durangorako eta Arratiarako tranbiaren akzio guztiak erosi zituen, eta bi enpresen arteko borroka bukatu egin zen.
Jabe berriek tranbiak hobetu zituzten hurrengo urteetan, Urutxurtuk azaldu duenez: «Bidaiarientzako bagoien kanpoko dekorazioa aldatu, eta kolorez margotu zituzten». Bidaiarien eta merkantzien trafikoak gora egin zuen nabarmen: 1929an, berbarako, 4.196.460 pertsona eta 89.287 tona merkantzia garraiatu zituen. Linean zenbait lantegitara sartzeko bazterbideak zeuden: Barbierrera, Boluetako Santa Anara, Basconiara, Firestonera, Cementos Lemonara, La Flecara, Zornotzako Astepeko lantokietara… Hala ere, emaitzarik onenak 1952an lortu zituen, 1950etik Lemoa eta Zornotza lotzen zituen tartea itxita zegoen arren: 6,7 milioi bidaiarik erabili zuten urte hartan. Handik aurrera, beherako bidea hartu zuten; baita merkantziek ere, errepidetik garraiatzeko zerbitzuak ugaritu ziren neurrian.