Euskal dantza eta zirkua uztartu dituzte pieza bakarrean. Pilota batzuk eskuan dituela, hankak mugituz hasi du koreografia Bilboko Zirkozaurre konpainiako Imanol Suso dantzariak, eta, malabaren bidez, haren besoek beste mugimendu eta lerro batzuk gehitu dizkiote dantza tradizionalari. Bilboko BEAZ Bizkaia aretoan, Arrigorriagako Clown eta Pailazoen nazioarteko jaialdiaren aurkezpenaren ostean eskaini du Harreman ikuskizunaren lagin bat. Bada, konpainiak deskribatu duenez, sustraietatik eta identitatetik abiatutako bidaia bat, zirkuko teknikak berrasmatuta egindakoa; baina bada, era berean, jaialdiaren aniztasunaren berri emateko balio duen adibide bat ere. Askotariko diziplinak eta proposamenak batuko baititu festibalak gaurtik etzira bitartean: kale antzerkia, magia ikuskizunak, fanfarrea, pailazoak, lan zaratatsuak eta soinurik gabekoak, eta pieza aldarrikatzaileak eta barre eragileak. Herrigunean eta Lamiarreketa eta Abusu auzoetan egingo dira jarduerak, eta, euria egiten badu, kiroldegian.
[articles:2124815]
Hamalau ikuskizuneko egitaraua taxutu dute 29. aldirako: hamahiru konpainia taularatuko dira, hala Euskal Herrikoak —zazpi—, nola nazioartekoak: Norvegiako, Argentinako, Poloniako eta Herrialde Katalanetako konpainiak egongo dira Arrigorriagan, besteak beste. Halaber, andreen presentzia nabarmendu zuen Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak aurkezpen prentsaurrekoan, apirilaren 26an. Haren hitzetan, konpainietako zazpin, emakumeek egiten dute lanik behinena.
Hamahiru konpainia taularatuko dira, hala Euskal Herrikoak —zazpi—, nola nazioartekoak: Norvegiako, Argentinako, Poloniako eta Herrialde Katalanetako konpainiak egongo dira Arrigorriagan, besteak beste
Ikuskizun gehienak testurik gabekoak dira —bederatzi, hain zuzen—, eta gainontzekoetatik, bakarra da euskaraz: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ez gara jaitsiko lana: zapatuan antzeztuko dute, 12:30ean, herriko PP2-Kantxa urdinean. Marimotots arbola baten gainera igo da Lurra hobeto ikusteko, eta Pirritx eta Porrotx haren atzetik joango dira, zuhaitzez zuhaitz, leku pentsaezinetara ailegatzeraino.
Karabanak eta beste
Kale antzerkiarekin hasiko da jaialdia. Ollarganeko plaza estalian, 18:00etan, Norvegiatik eta Argentinatik datozen Studium Actoris konpainiak eta Adrian Schvarzstein aktoreak Sweet Home on Wheels ikuskizun komikoa antzeztuko dute, senar-emazte batzuek karabana batean duten bizimoduaz mintzo dena. Udaletxeko plazan, Bajo zero magia emanaldia eskainiko du Zero H magoak, 18:00etan. Ondoren, 19:00etan, Poloniako Pina Polar artistak askotariko diziplinak batuko ditu Into the Wild piezan: fakirismoa, trikimailuak, malabarak labanekin, hula hopa, soka ahula, txotxongiloak… Eta, 20:00etatik aurrera, Kataluniako Always Drinking Marching Band taldearen fanfarre ibiltariak zarratuko du eguna.
Bihar, Pirritx, Porrotx eta Marimotots ariko dira eguerdian, eta, arratsaldean, Gipuzkoako DAB dantza konpainiak Noeud pieza eskainiko du: egoera estu batetik askatzerainoko ibilbide bat irudikatuko dute hiru dantzarik, 18:00etan, Pergolan. Alacanteko (Herrialde Katalanak) El Fedito konpainiak Oyun lana taularatuko du, oinarrian oreka duen malabar ikuskizuna, eta inspiratua dagoena eskulturan, marrazkian, ikusizko poesian, argazkilaritzan, arkitekturan, antzerkian eta zirkuan, besteak beste. Udaletxeko plazan izango da, 19:00etan. Horren ostean, Studium Actorisek eta Adrian Schvarzsteinek Sweet Home on Wheels lanaren beste emanaldi bat eskainiko dute, 20:00etan, eta Lonbo aretora lekualdatuko da jaialdia gero: Madrilgo eta Granadako (Espainia) Las XL konpainiak Abandónate mucho lana antzeztuko du, maitasun erromantikoaren mitoa deseraikitzen duen musika eta antzerki ikuskizuna.
Alex Antunez eta Iñaki Aginaga Bilboko Hortzmuga antzerki konpainiako kideak, Aginagaren piezetako batzuekin, Bilboko BEAZ Bizkaia aretoan, apirilaren 26an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Domekan, San Antonio frontoian ekingo diote egitarauari. 12:00etan, Xabi Larreak malabar emanaldi bat inprobisatuko du eguneroko objektuekin, Up, eta grabitatearekin jolastu. 13:15ean, Udaletxeko plazan, Zirkozaurre konpainiaren Harreman ikuskizuna ikusi ahal izango da. 18:00etan, Ganso & Cia konpainiak hartuko die lekukoa, toki berean, Welcome & Sorry obrarekin, William Shakespeare antzerkigilearen Hamlet obraren bertsio bat. 19:00etan, Frantziako La Compagnie Emergente bankariez mintzatuko da, umorez eta clown garaikidearen lengoaia erabilita, Déséquilibre Passager emankizunean. Eta herriko kiroldegiko frontoian bukatuko da aurtengo jaialdia: Castelloko (Herrialde Katalanak) La Fam konpainiak Ambulant zirku ikuskizuna emango du, 20:30ean.
Itsasoaz hausnartzeko
Emanaldiez gain, slackline ikastaroa ere antolatu dute; zinta baten gainean oreka egitean datza slackline-a. Abusun egingo dute gaur, 17:30etik 19:00etara, eta Gaztegunera lekualdatuko dira domekan, 12:30etik 14:00ra. Horrez gain, Itsasoa. Artea zaborrez egina erakusketa hartuko du udaletxeko Euskaldun Berria erakusketa gelak, igandera arte. Bilboko Hortzmuga antzerki konpainiak antolatu du mostra: Iñaki Aginaga kidearen pieza batzuk bildu dituzte, Barrikako hondartzan jasotzen dituen zaborrarekin taxututakoak. Hortzmugako kide Alex Antunezen arabera, bidaia bat ondu dute, materialei eman dakizkiekeen bigarren aukerez jarduteko, eta kontzientzia eragiteko kontsumismoaren inguruan eta gizakiak itsasora botatzen dituen hondakinen inguruan. «Baina eskultura orok du mezu bat birziklapenaz haragokoa», argitu du Antunezek.
Jaialdia etzi bukatuko da, baina jarraipena izango du datorren hilaren hasieran: izan ere, Gure Zirkua egongo da Arrigorriagako PP2-Kantxa urdinaren ondoko aparkalekuan maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean, 2an, 7an eta 8an.
EGITARAUA
Gaur, ostirala.
17:30. Slackline ikastaroa, Abusun.
18:00. Sweet home on wheels, Studium Actoris & Adrian Schvarzstein (Norvegia-Argentina). Testurik gabe. Ollarganeko plaza estalian.
18:00. Bajo zero, Zero H (Euskal Herria). Gaztelaniaz. Udaletxeko plazan.
19:00. Into the Wild, Pina Polar (Polonia). Testurik gabe. Udaletxeko plazan.
20:00. La calle es nuestra, Always Drinking Marching Band (Katalunia). Gaztelaniaz. Ikuskizun ibiltaria, udaletxeko plazatik abiatuta.
Bihar, zapatua.
12:30. Ez gara jaitsiko, Pirritx, Porrotx eta Marimotots (Euskal Herria). Euskaraz. PP2-Kantxa urdinean.
18:00. Noeud, DAB dantza konpainia (Euskal Herria). Testurik gabe. Pergolan.
19:00. Oyun, El Fedito (Herrialde Katalanak). Testurik gabe. Udaletxeko plazan.
20:00. Sweet Home on Wheels, Studium Actoris & Adrian Schvarzstein (Norvegia-Argentina). Testurik gabe. Udaletxeko plazan.
21:15. Abandónate mucho, Las XL (Espainia). Gaztelaniaz. Lonbo aretoan.
Etzi, domeka.
12:00. Up, Xabi Larrea (Euskal Herria). Testurik gabe. San Antonio frontoian.
12:30. Slackline ikastaroa, Gaztegunean.
13:15. Harreman, Zirkozaurre (Euskal Herria). Testurik gabe. Udaletxeko plazan.
18:00. Welcome & Sorry, Ganso & Cia (Euskal Herria). Testurik gabe. Udaletxeko plazan.
19:00. Déséquilibre Passager, La Compagnie Emergente (Frantzia). Testurik gabe. Udaletxeko plazan.
20:30. Ambulant, La Fam (Herrialde Katalanak). Testurik gabe. Kiroldegiko frontoian.
Domekara arte. Itsasoa. Artea zaborrez egina erakusketa, udaletxeko Euskaldun Berria erakusketa aretoan.