Kale erabileraren ordenantza salatzeko, hainbat elkarte batu dira Zornotzan

Kale erabileraren ordenantza salatzeko, hainbat elkarte batu dira Zornotzan

​Zornotzako udal gobernuak ezarri duen Espazio Publikoa eta Kaleko Salmenta arautzeko Ordenantza dela eta, herriko hainbat elkarte batu dira Ordenantza Honi Ez plataforman. Herri plataformak prentsa ohar baten bidez salatu du «gehiegizko kontrolaren bidez herritarren askatasuna murrizten» saiatzen ari direla. Ainhoa Egiluz plataformako kideak argi utzi du ordenantza indargabetzea exijituko dutela: «Ordenantza hau deuseztatzea eskatzen dugu».

Egiluzen arabera, arazoa «aurretik dator». Adierazi du udalak ez diela herritarrei kontsultatu araudia sortzeko orduan: «Ordenantza hau egiteko prozesuan ez gaituzte kontuan hartu, ez dira inorekin harremanetan jarri». Prentsa oharrean ere txarretsi dute udalaren jarrera: «Eragile bakar batekin ere ez dira elkartu testua adosteko». Eragileen ustez, udalak «inposatu» egin nahi du ordenantza berria.

«Ordenantzak, berez, espazio publikoa erregulatzen du. Eragile guztioi eragingo digu», azaldu du plataformako kideak; «espazio publikoa okupatzeko prozedura zehatz batzuk ezartzen ditu». Egiluzek salatu duenez, prozedura «oso arbitrarioa» da: «Kalea erabiltzeko ezartzen diren prozedura batzuk oso zehatzak dira. Burokratikoki ere, eragileok ezingo ditugu bete, baldintza pila bat eskatzen direlako; horien artean, memoria bat sortzea. Eragile batzuek ezingo dute horrelakorik egin». Horrez gain, salatu dute azkenengo hitza alkateak izango duela: «Ordenantzak boterea ematen dio udal gobernuari erabakiak era arbitrarioan hartzeko, baimenak kentzea justifikatzeko beharrik gabe, espazio publikoa pribatizatuz».

«Ezartzen diren prozedura batzuk oso zehatzak dira, eta burokratikoki eragileok ezingo ditugu bete».
AINHOA EGILUZ Ordenantza honi ez! plataformako kidea

Azken asteetan, Zornotzako elkarteak Ordenantza Honi Ez plataforman bildu dira, araudiaren aurkako ahaleginak bideratzeko. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu zeintzuk izango diren datozen pausoak. «Saiatu gara ahalik eta talderik handiena sortzen, indar handiagoa edukitzeko. Oso zaila izaten ari da puntu komunak aurkitzea, baina badauzkagu oinarri batzuk. Oraintxe, gure helburua da gaia sozializatzea eta herrira heltzea», esan du Egiluzek.

Plataforman oraindik ez dute juridikoki aztertu ordenantza, eta euren artean adosten ari dira nola egingo dioten aurre. «Maiatzera arte ez da egon eperik helegitea aurkezteko, eta oraindik ez dakigu egingo dugun ala ez», azaldu du Egiluzek. «Gure plataformak daukan helburua da ordenantza hau ez aplikatzea, uste dugulako hasieratik ez duela prozedura errespetatu; hau da, gurekin berba egitea edo gu parte izatea prozedura honetan».

Neurriak

Apirilaren 18an, Ordenantza honi ez! plataformak prentsaurreko bat egin zuen Zornotzako plazan. «Prentsaurrekoan salatu genuen egoera, herritarrei helarazi genien zer ari den gertatzen, publikoki eskatu genuen ordenantza deuseztatzeko eta sinadurak biltzen hasi ginen, gero udaletxean aurkezteko», adierazi du Egiluzek.

Agerraldian, euren balioa eta jarrera defendadu zituzten elkarteek. «Herria bizirik mantentzen duten ekimenak antolatzen ditugu guk, herritarren gozamenerako direnak eta herritarren eskubideak defendatzen dituztenak. Horregatik, ezin dugu ulertu udal gobernuak gure aurkako jarrera izatea, gure jarduna ezinezko bilakatu nahi izateraino».