Sei burdinola eta hemezortzi errota zeuden Zeanurin XIX. mendearen bukaeran. Urteek eta teknologiek aurrera egin ahala, baina, bestelako industria batzuk sortzen hasi ziren, eta bi jarduera horiek indarra galtzen hasi ziren pixkanaka. Historian errotek izan duten garrantziari aitortza egiteko asmoz, garai batean herrian ezinbesteko bihurtu zen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera eman du berriz ere Joko Alai elkarteak: Zeanuriko Erroten XVII. Ibilaldia antolatu du domekarako.
Aurreko aldietako ildoari jarraituz, bi helburu nagusi izango ditu ibilaldiak: herritarrei zein bisitariei Zeanuri eta haren auzoak ezagutaraztea, batetik; eta udalerriaren historian errotek izan duten garrantziaz ohartaraztea, bestetik. Denera, hamalau kilometro izango ditu oinezko martxak —aurreko aldietan baino lau kilometro gutxiago—, eta zazpi errotaren ondotik igaroko dira. «Familian eta umeekin egiteko plan bat denez, lasaitasunez eta presarik gabe ibiliko gara», esan dute elkarteko kideek. Alabaina, ibilbide laburragoa egin gura dutenek zazpi kilometrokoa izango dute aukeran.
«Familian eta umeekin egiteko plan bat denez, lasaitasunez eta presarik gabe ibiliko gara».
JOKO ALAI ELKARTEA
Goizeko bederatzietan abiatuko dira, udaletxearen aurretik, eta, Altzibergo errotatik igaro ondoren, Errotabarrira iritsiko dira. «Hemen sartu-irten bat egiteko eta errota martxan ikusteko aukera izango dute bisitariek», aurreratu dute antolatzaileek. Zeanuriko errotarik berriena da Errotabarrikoa: 1785ean eraiki zuten, eta 1975eko apirilean utzi zion lan egiteari. Errotako presa eta antapara konporta baten bidez daude lotuta, eta ez kaltze baten bitartez. 2015ean eraberritu zuten.
Handik, Undurragako urtegiaren ertzetik igaroko dira bisitariak, eta Ibargutxiko errotarako bidea hartuko dute. «Hemen ere, ateak zabalik egongo dira», adierazi dute. Gaur egun harri bi baditu ere, hiru harrirekin egin zuen lan errotak bere garaian. 1945ean, errotaren azpiko aldean turbina eta sorgailu bat baliatuz, argindarra ekoizten hasi ziren, eta 1978ra arte inguruko baserri batzuei saltzen zieten elektrizitatea. Egun, guztiz zaharberrituta dago, eta, noizean behin, etxerako garia edo artoa ehotzen dute jabeek.
Pedro Elexpe Ibargutxiko errotan lanean, artxiboko irudi batean. JOKO ALAI ELKARTEA
Urtegira itzuli, eta hamaiketakoa egingo dute Alkiber inguruan. Atsedenaldiaren ostean, Otzerinmendi auzotik Uribera joango dira ibiltariak, eta, Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ondotik igaro ostean, azken kilometrora helduko dira bisitariak. Helmugara iritsi baino hirurehun metro lehenago, Olabarriko errota bisitatuko dute: «Pujana familiak oso-osorik zaharberritu du, eta sartu-irten bat egiteko aukera egongo da». Jatorriz, burdinola bat izan zen, eta haren arrastoak ikus daitezke.
Ibilaldian parte hartzeko egunean bertan eman beharko da izena, 08:30etik aurrera, herriko plazan. Prezio arrunta sei eurokoa izango da. Elkarteko bazkideek lau euro ordainduko dituzte, eta 13 urtetik beherakoentzat doan izango da.
Udazkenean ermitak
Erroten ibilbideaz gainera, udazkenero Zeanuriko ermiten mendi martxa antolatzen du Joko Alai elkarteak. 1988an antolatu zuen lehenengo aldiz, eta 35. aldia izango da aurtengoa. Kirola egitea eta herriko ondarea ezagutaraztea da helburua, besteak beste.