«Ezinegon handiko pertsona naiz, arrisku asko hartu ditut nire ibilbidean»

«Ezinegon handiko pertsona naiz, arrisku asko hartu ditut nire ibilbidean»

​Bilboko Mala estudioko grabazio mahaiaren aurrean buru-belarri dago Aitor Etxebarria musikari, ekoizle eta konpositorea (Gernika-Lumo, 1985), musika tresnez inguratuta. El_Txef_A ezizenarekin munduko hainbat txokotan aritu ondoren, zinema eta telesailetarako soinu bandak sortzen aritzen da orain, nagusiki. Bestelako lan batzuk ere egiten ditu; esaterako, Kukai dantza taldearen Txalaparta ikuskizun berriaren soinu banda sortu berri du. Txalaparta otsailaren 16an aurkeztuko dute lehen aldiz Bizkaian: Bilboko Arriaga antzokian, 19:30ean.

Txalapartaren eta musika elektronikoaren arteko elkarrizketa bat landu duzu Txalaparta ikuskizuneko soinu bandaren bitartez. Zer-nolako harremana dute bi horiek elkarren artean?

Kukairekin lanean hasi nintzenean, argi neukan zerbait horizontala egin nahi nuela. Txalaparta oso bertikala da, eta kontraste moduko bat bilatu nahi nuen, zinematografikoa ia. Hala konturatu nintzen elkarren artean nolabaiteko talka bat sortzen dela, baina estetikoki oso interesgarria dela. Soinu bandan badago ahotsekin egindako joko bat ere, digitalki sortu nuena, eta horiek txalapartako doinuetan oinarrituta daude. 

Nola batu zinen lantaldera?

Jon Maiak eta biok gogoa genuen elkarrekin zerbait egiteko. Maiak proiektua abian jarri zuenean, nirekin harremanetan jarri zen, eta baietz esan nion hasiera-hasieratik. Entsegu askotara joan naiz dantzarien lan prozesua ezagutzera. Lan itzela egin dute.

Zure ibilbidearen hasieran, El_Txef_A izen artistikoarekin aritu zinen musikan. Nondik dator izen hori?

Musikarekin esperimentatzen hasi nintzenean sortu zen, 15 edo 16 urte nituela. Disko bat sinatu behar nuen, eta izen bat behar nuen. Argi nuen ez nituela nire izen-abizen propioak erabili nahi. Hortaz, Etxebarria abizenarekin jolasten hasi nintzen eta horixe aukeratu nuen azkenean: El_Txef_A. Gerora, bidaiatzen hasi nintzen eta, azkenean, bizitza osorako izango dela ematen du…

Zure kabuz ikasi zenuen, beraz.

Bai. Musika eskolan pianoa, solfeoa eta perkusioa ikasi nituen, eta, gerora, nire kabuz hasi nintzen musikarekin esperimentatzen. Harrezkero, egunero ari naiz ikasten.

«Arte oso zuzen bat da musika, konturatu gabe sentsazio ezberdinak sentiarazteko gaitasuna duena»

Bereziki, musika elektronikoaren munduan mugitzen zinen orduan. Zerk piztu zizun musika estilo horrekiko zaletasuna?

Nire gaztaroan, rock, punk, pop eta halako musika estiloetatik gentozen gehienbat. Baina nik Alemaniatik zetozen gauzak entzuten nituen, batez ere, oso ambient, nahiko musika laua. Arreta piztu zidan, inoiz ez nuelako halakorik entzun, eta uste dut horrek erakarri ninduela: zerbait berria zen eta interesatzen hasi zitzaidan.

Nazioartean ospea lortu zenuen: asteburuero mundu osoko hainbat hiritako klubetan ibili zinen musika jartzen. Nolatan erabaki zenuen, gerora, mundu hori aparte uztea? 

Nire ilusioa betidanik izan zen zinemarako musika egitea. Gogoa nuen beste mundu batean sartzeko. Nahiko pipermina naiz eta gustatzen zait gauza desberdinak probatzen joatea. Baina El_Txef_A ez da amaitu: emanaldi gutxi batzuk eskaintzen ditut noizean behin.

Trantsizio naturala izan zen izen-abizen propioekin sinatzen hastea?

Bai. Han eta hemen jotzen ibili ostean, 2015ean Markak dokumentalerako soinu banda egiteko eskatu zidaten, eta oso gustura aritu nintzen. Pentsatzen nuen dokumentala hor geratuko zela, baina ospe handia izan zuen eta Londresko editorial garrantzitsu batetik deitu ninduten esateko soinu bandan interesa zutela. Amets bat izan zen niretzat, eta, pixkanaka, proiektu gehiago sortzen hasi ziren.

Esan izan duzu hasieran ez zitzaizula gustatzen zuzenekoetan musika tresnarik jotzea. Nola animatu zinen jauzia ematera?

Ez nintzen eroso sentitzen. Lotsa edo beldur eszenikoa nuen, baina, kontzertuak egin ahala, holakoak galtzen joan nintzen. Asko gozatzen dut instrumentuak jotzen, baina proposatzen didatenean, zalantza egiten dut oraindik ere, ez pentsa.

MUNDU MAILAN EZAGUN. El_Txef_A izen artistikoarekin egin zen ezagun mundu mailan Aitor Etxebarria: hainbat hiritako klubetan ibili zen musika jartzen astebururo-astebururo. Goiko argazkia, kasurako, Errusiako klub batekoa da, 2012. urtekoa. Egun, emanaldi gutxi batzuk eskaintzen ditu ezizen horrekin. AITOR ETXEBARRIA

Hainbat telesail eta filmetako soinu bandak sortu dituzu. Hondar ahoak (EITB), El Cuerpo en llamas (Netflix) eta Pedro Almodovarren Mentiras Pasajeras, esaterako. Nondik abiatzen zara zinemarako edo telesailetarako soinu banda bat sortzean? Zein da egiten duzun lehen urratsa?

Niri hasiera-hasieratik hastea gustatzen zait. Batzuetan ez da posible izaten, baina gustatzen zait gidoia irakurtzea eta soinu banda irudikatzen hastea. Lan gehiago da, zalantzarik gabe, baina ni erosoago sentitzen naiz hala.

Eta, hori egin ondoren, nola jartzen zaio musika eszena bati? Filmaren generoak ere izango du eragina.

Bai, noski. Niri neuri, adibidez, irudiak berak baino gehiago, zuzendariaren baitan sartzea gustatzen zait, hura ezagutzea. Eta hortik hasten zara lanean, zirriborroak egiten dituzu, eta hurbiltzen joaten zara, klik egitea lortu arte. Komunikazioa funtsezkoa da bide horretan.

Obra konposatu eta buruan zenuen soinu horretatik bukaerako emaitzara arte, alde handia egoten da?

Kasu batzuetan, bai; beste batzuetan, ez. Gertatu izan zait nire hasierako zirriborroetako bat gerora telesaileko edo filmeko melodia printzipal bilakatzea.

Oro har, zer ekarpen egiten dio soinu bandak ikus-entzunezkoari?

Dena da, nire ustez. Zinemak arte pilo bat ditu: argazkia, argia, gidoia, antzezpena… Musika beste arte bat da, eta horrekin guztiarekin lotuta egon behar du. Sarritan klima konkretu bat ematean datza, sentsazio konkretu bat. Arte oso zuzen bat da musika, konturatu gabe sentsazio ezberdinak sentiarazteko gaitasuna duena.

Sarritan aipatu izan duzu isiltasunak leku garrantzitsua duela zure lanean. Zer eskaintzen du isiltasunak?

Estetikoa da. Nire etxean ere espazio libre asko daude. Nota bat jotzerakoan, airean geratzen den horrek garrantzia du niretzat. Ñabardurak hautemateko balio du, hausnartzeko… Jarraian beste nota bat joz gero, aurreko akordeak pisua galtzen edo irabazten du. Gustatzen zait horrekin jolastea. Zineman, esaterako, momentu askotan gutxirekin asko esan behar da, eta niretzat gauza txikiekin horrenbeste eragitea oso polita da. Gustatzen zait bizitzan, oro har, gauzen artean espazio asko egotea.

2022an zure lehenengo obra sinfonikoa kaleratu zenuen: Gernika 85. 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketan oinarritzen da. Erronka bat izan zen zuretzat halako pieza bat sortzea?

Zalantzarik gabe. Oso oroitzapen onak ditut, baina gogorra izan zen: espiritualki arrasto handiena utzi didan lana izan da. Ni neu ez nator musika klasikotik, eta beldurra nuen ea jendeak zer esango zuen, inoiz ez dudalako halakorik egin. Baina pozik nago emaitzarekin. Ezinegon handiko pertsona naiz, arrisku asko hartu ditut nire ibilbidean. Ez dut irudikatzen nire bizitza arriskatu gabe, eta egun batean erabaki nuen: «Listo, egin behar dut». Kontziente naiz arriskuak hartzen dituzunean errazagoa izaten dela huts egitea, baina urteekin asko ikasi dut, eta puntu zoro horrek segitzen du nigan. Agian, urte batzuk barru ezbehar baten ondorioz ezingo dut musikarik egin; ba kito, egin dut egin nahi nuena. Beste arrisku bat nire ibilbidean…

«Sarritan iruditzen zait gure lana ez dela serio hartzen. Ehuneko oso txikia bizi gara musikatik; aztertzeko datua da»

Musikatik askorik aldendu gabe, bi zigilu ere badituzu: Fiakun eta Forbidden Colours. Zer erako lana egiten duzu horietan?

Fiakun amaitu zen. Ikasteko asmoz sortu genuen lagun batzuk, gure jakin nahietatik. Eta Forbidden hobby gisa-edo hartzen dut nik. Asko ikasten dugu, miresten ditugun musikari askok kaleratzen ditu diskoak gurekin… Gozatu egiten dugu. Baina, era berean, gogorra da norbaiti ezetz esatea ere. Askotan pentsatu izan dut zigilua ixtea, oso gaizki pasatzen dudalako ezetz esaten. Euskal Herria txikia da, eta pena ematen dit musikariei ezezkoak ematea. Baina gurea ez da enpresa bat, afizio bat da.

Egun, sarritan hitz egiten da musikaren industriaren paradigma aldaketaz, digitalizazioaren eraginez, behera egiten ari baitira euskarri fisikoen salmentak. Zuk zeuk zer garrantzi ematen diozu euskarriari, musikari eta ekoizle gisa?

Gure kasuan, beti kaleratu izan ditugu biniloak. Orain boladan-edo daude, baina gu hasi ginenean, ez. Gure zigilua arte galeria baten modukoa da, baina diskoekin. Ondo zaintzen dugu dena: diskoak, azala… Ez diegu salmentei horrenbesteko garrantzirik ematen.

Hainbat musikarirekin kolaboratzen edo lan egiten duzu egun. Sortzaile gisa, nola bizi duzu hori?

Ilusio handia egiten dit. Urte asko eman ditut neure kasa lan egiten, eta oso gustura nabil orain. Etengabe ikasten dut.

Esan daiteke egun musikatik bizi zarela. Nola dago sektorea Euskal Herrian?

Zail; prekarizatuta dago. Nik zinemarako konposizioak egiten ditut eta horiek dira nire diru sarrerarik handienak. Baina, oro har, zuzenekoak egiten dituzten musikari gehienek beste lan bat dute. Sarritan iruditzen zait gure lana ez dela serio hartzen, hobby gisa-edo ikusten dela. Ehuneko oso txikia bizi gara musikatik egun, eta aztertzeko moduko datua dela uste dut. 

MOTZEAN

Abesti bat?
Laurie Andersonen Transitory life. Beti entzuten dudan musikari bat da.

Film bat?
The Silence of the Lambs [Jonathan Demme, 1991]. Atzo ikusi nuen, justu.

Musika estilo bat?
Garaikidea, zentzu guztietan: jazz garaikidea, elektronika garaikidea…

Oholtza gainean ezagutu duzun lekurik bitxiena edo zelebreena?
Rio de Janeiron. Zilindro itxurako argazki galeria bat zen. Bete-beteta egon zen, gainera. Zoramena izan zen.

Konposatzeko edo inspiratzeko leku bat?
Nire estudioa.

Bisitatu nahiko zenukeen herrialderen bat?
Norvegia. Ez naiz inoiz egon, eta gogoa dut hara joateko.