Euskara ikasleak omendu ditu 18. Korrikak

Euskara ikasten dabiltzan milaka eta milaka euskaltzale omendu ditu aurtengo Korrikak, haien lana nabarmendu eta eskertzeko. Urtarrilaren 26an Usurbilen (Gipuzkoa) egin zuten omenaldi jaia eta bertan elkartu ziren ikasle eta irakasleak. Denek batera giro ederrean egun osoko egitarauarekin gozatu zuten. “Korrika 18k zabaldu nahi duen mezuan, euskara euskal herritarron elkarbizitzarako gakoa dela diogu. Elkarrekin bizitzeko, elkarrekin hitz egiteko, elkarri entzuteko eta elkar ulertzeko tresna da. Alde horretatik, euskara ikasleek elkarbizitzari eta euskarari egin dioten ekarpena itzela da”, esan zuen Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak omenaldi jaia aurkeztean.