Hitzaren jolasaz ikasten

Martxoaren 14an abiatuko da 18. Korrika, Andoainen (Gipuzkoa). Baina Korrika Kulturaleko herriz herriko ekitaldiak martxan dira jada. Tartean, Bertso Korrika, aurtengo egitarauko berrikuntzetako bat. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta AEK-k elkarlanean antolatu dute. Hala, euskara ikasleak bertsolaritzara hurbilduko dituzte beste behin.

Euskal Herriko 25 herritan prestatu dituzte saioak bertako bertso eskolek, bertako euskaltegien laguntzaz. Otsailean egin zituzten Bertso Korrikaren lehendabiziko saioak, baina hilabete honen amaiera bitartean egingo dituzte gehienak. Bizkaian zortzi saio antolatu dituzte. Horietatik bi egin dituzte: martxoaren 2an egin zuten lehena, Markina-Xemeinen, eta bart bestea, Durangoko Plateruenean.

Beñat Vidal Bertsozale Elkarteko kide eta AEK-ko Mintzapraktika arduradunak azaldu duenez, Bertso Korrikaren helburua argia da: “Euskara ikasleak lehen aldiz bertso saio bat entzutera erakartzea, eta, ahal dela, saioarekin gozatzea, etorkizunean bertsoarekin zaletu daitezen”.

Izan ere, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak dioenez, egungo bertsolarien artean ere badaude euskaldun berriak euskara ikasleentzat eredu direnak. “Bertso munduan asko dira etxetik euskara jaso gabe bertsolaritzarainoko bidea egin dutenak: ikastoletatik zein euskaltegietatik hasi eta bertso eskoletaraino zein plazaraino iritsi direnak. Eta bertsolaritza aberastu dutenak”.

Halaber, bertsoek ikasleei egiten dieten ekarpenaz ere mintzatu da Edurne Brouard, Korrikaren arduraduna: “Bertsolaritzak, hitzaren jolasa den heinean, ekarpen polita egiten die ikasleei euren euskara maila hobetzeko, hitzarekin jolastuz egin dezaketelako aurrera”. Halaber, bertso saioak topagune ere badirela nabarmendu du, euskara ikasleak euskal hiztunekin elkartzeko lekuak.

Hain zuzen ere, Bertso Korrika zer den egoki laburbildu du Vidalek bertso honetan: “Euskaltegian lantzen ditugu/ aditza eta baldintza/ baina jolastuz bertsolariek/ nola darabilte hitza?/ Bertso Korrika iritsi zaigu/ da zuretzako ekintza/ euskara ikasten zabiltzan horrek/ behar zenuen argi printza/ denek ulertu eta gozatu/ dezagun bertsolaritza”.

Bertso saio didaktikoak

Vidalek zehaztu du euskara ikasleentzat egokituriko saioak egingo dituztela, gai-jartzaileen azalpenak eta bertsolarien jarduna ikasleek ondo ulertzeko. Hori lortzeko, ekitaldien aurretik euskaltegietan bertso saio “didaktikoak” egingo dituzte gai-jartzaileekin. Bertsoen sorkuntza, ariketa motak eta saioa nolakoa izango den azalduko diete gai-jartzaileek, eta egun horretarako ikasleek haiekin batera prestatuko dituzte hainbat gai eta ariketa.

Euskaltegietan saio didaktikoak ematen eta bertso saioetan gaiak azaltzen 20 gai-jartzaile arituko dira. 25 bertso saioetan ehun bertsolarik jardungo dute. Hala, plazaz plaza ibilbidea egina dutenek eta esperientzia gutxiago duten bertsolari gazteek elkarrekin kantatuko dute.

BERTSO KORRIKA

Martxoak 12, Zornotza. 18:00etan, Zelaieta zentroan.

Martxoak 13, Algorta. 19:30ean, Fadurako areto nagusian (udal kiroldegian).

Martxoak 13, Santutxu. 20:00etan, Arbidea euskaltegian .

Martxoak 14, Barakaldo. 20:00etan, Ibarra Kaldun.

Martxoak 15, Erromo. 20:00etan, bertso poteoa tabernetan.

Martxoak 19, Derio. 20:00etan, Kultur Birikan.