70 kontzertu hiru egunetan

Gaur hasi eta domekara bitartean, Bilbo musika klasikoz beteko da. Euskalduna jauregiko aretoetan, 70 kontzertu entzuteko aukera egongo da, 12. Musika-Musica jaialdian. Aurten, Elkar Begira izena jarri diote. “Goi mailako kontzertuez gozatzeko aukera egongo da, sinfonikoak, koralak zein ganberakoak”, aurreratu du Begoña Salinasek, Bilbao 700 fundazioko presidenteak.

XIX. mende erditik hasi eta XX. mende erdira bitartean Europan izan ziren musika sortzaile onenen lanak interpretatuko dituzte. Gehienak ezagunak izango dira, musika klasikoaren izen handiak: Albeniz, Granados, Turina, Falla eta Debussy, besteak beste. Baina izango dira kalitate handikoak izanagatik hainbesteko sona lortu ez zutenak: Toldra, Poulenc, Chabier, Lao eta Chausson, adibidez. Tartean, euskal konpositoreen lanak ere izango dira: Jesus Guridi arabarrarenak, Maurice Ravel lapurtarrarenak eta Pablo Sarasate nafarrarenak.

Urtero bezala, lirikari ere lekua egin diote egitarauan. Alegia, zarzuela emanaldirik ez da faltako: Romanzas de amor de la zarzuela, Concierto de orquesta y coros de la zarzuela eta El Madrid de Chueca; lehen biak Bilboko Koralak interpretatuko ditu.

Bilboko Orkestra Sinfonikoaz gain, Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Poitou-Charentes eskualdekoa (Frantzia), Asturiaskoa (Espainia), Vallesekoa (Herrialde Katalanak) eta Varsoviakoa (Polonia) arituko dira hiru egunotan. Bilboko Koralarekin batera, Ensemble Vocal Loussane abesbatzak abestuko du. Andeka Gorrotxategi tenorra eta Olatz Saitua soprano euskalduna ere Bilbon izango dira, kantuan. Musikari eta abeslari garrantzitsu horien ondoan, hasi berriak ere igoko dira, tarteka, agertokietara.

Aurrekontua %10 murriztu behar izan duten arren, kalitateari eusten ahalegindu direla dio Salinasek. “Maila bertsuko eskaintza ekartzeaz gain, diru gutxiagorekin iaz baino kontzertu bat gehiago emateko gai izan gara”, gaineratu du. Ziur dago jaialdi arrakastatsua izango dela, eta onartu du iazko 30.000 entzuleak gainditzea gustatuko litzaiekela.

Kontzertuak goizean hasi eta gauera arte emango dira. Sarrerek 5 eta 9 euro artean balio dute, eta dagoeneko salgai daude BBKren kutxetan eta Euskaldunako txarteldegietan.

Informazio gehiago bildu eta egitarau zehatza zein den jakin nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.musika-musica.net