Bilbo
Arrantzak Lapurdin izan duen bilakaera, joan den mende hasieratik gaur egunera. Hori aztertuko du datozen hiletan Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoak. Itsasturiak izeneko erakusketa zabaldu zuten martitzenean, eta ekainaren 30a arte egongo da zabalik.
Euskal Kultur Erakundeak antolatutako ikus-entzunezko erakusketa. Bilakaera historikoaz gain, gaur egungo erronkei ere erreparatzen die. Arrantzaleekin, haien emazteekin, saregileekin, arrain saltzaileekin, ontzietako erizainekin eta arrantza sektorearekin lotura duten beste hainbat lagunekin hitz egin dute, eta bideoan jaso.
Erakusketa sei eremutan banatuta dago, gai zehatz batzuen arabera. Lehen moduluan arrantzalearen lanbidea aztertu dute. Itsasturien eta haien familien bizitza zelangoa den azaltzen dute. Hurrengo ikus-entzunezko sortan arrantza teknikei buruz hitz egiten dute. Besteak beste, sardinak eta atunak arrantzatzeko erabili dituzten tekniken berri ematen dute, baita gaur egungoei buruzko azalpenak ere.
Arrantzaleontzat itsasontzia da bigarren etxea. Zer motatakoak izan daitezkeen, mendeak aurrera egin ahala zelan aldatu ziren eta eraikitzeko zein teknika erabili izan diren ezagut daiteke hirugarren zatian.
Laugarrenean, arrantzaleenaz gain portuaren inguruan sortu diren lanbideak hartu dira gogoan. Hau da, arrain saltzaileek, saregileek, kai mutilek eta kontserba industriako beharginek euren bizipenak kontatuko dituzte. Laugarren zatia alturako arrantzari eskainita dago, Senegal inguruan egin izan dutenari. Azken zatian, Donibane Lohizuneko portuaren antolaketaz egiten dute berba.
Erakusketaz gain, hitzaldi sorta bat ere prestatu dute. Informazio gehiago www.itsasturiak.com webgunean aurki daiteke.
HITZALDIAK
Otsailaren 28an, 19:00etan. Ipar Euskal Herriko arrantza, lehen eta orain, Mikel Epaltzak.
Martxoaren 14an, 19:00etan. Itsasoaren irudia Iparraldeko artean, Jean-François Larraldek.
Apirilaren 4an, 19:00etan. Iparraldean, zertan dira euskara eta euskal kultura?, Pantxoa Etxegoinek.