Etxe Merkeen Legearen barruan, hainbat etxe eraiki ziren Bizkaian 1911. eta 1936. urteen artean. Etxe merke legez dira ezagunak. Barrutik zein kanpotik zelakoak ziren jakiteko interesa dutenak Barakaldoko Barakart aretora joan daitezke. Bizkaiko Etxe Merkeak. 1911-1936. Utopiatik errealitatera, Barakaldoko kasua. Erakusketa Ana Julia Gomez historialariak egindako doktore tesiaren ondorio da.
Doako erakusketa honetan, Gomezen ikerketa sakoneko argazki eta bideoez gain, Javier Ruiz San Miguel sestaotarrak ateratako argazki zuri-beltzekoak ere badaude. Bost gune geografikotan banatu dituzte San Migulen argazkiak. Horiekin batera, besteak beste, etxe merkeen edota orduko arkitektoen zerrendak ere jarri dituzte.
Industria iraultzak ekarri zuen populazioaren gorakadaren eraginez, etxe merke asko eraiki zituzten Bizkaiko zenbait eskualdetan. Bilbo zen mota horretako etxe gehien zituena, eta Barakaldo zen hurrengoa.
Oraindik ere, XX.mende hasieran eraikitako etxe haietako batzuk badaude Barakaldon. Egun, herriko 15 auzunetan daude, eta izen bitxi bezain deigarriak dituzte hainbatek. Adibidez, Hogar Futuro, La Felicidad, Hogar Propio, El Porvenir edota La Tribu Moderna.
Aurreko mende hasierako arkitekturaren eta historiaren parte bat uztartzen ditu erakusketa honek. Halaber, Gomezek hamarkada batez landutako tesiaren aletxo bat ezagutzeko balio du.
ERAKUSKETA
Zer. 1911-1936 urte bitartean Bizkaian eraikitako etxe merkeen inguruko argazki eta bideoak daude.
Non. Barakaldoko Barakart aretoan.
Ordutegia. Astelehenetik barikura, 11:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 21:00etara.
Noiz arte. Otsailaren 26 arte.