M. Garcia Martikorena
Kultura eta herri bakoitzak ingurunera moldatu du bizimodua. Zer jan, zer edan, non eraiki etxebizitzak eta halakoak inguruko ezaugarrien menpe egon dira historia osoan. Klima izan da mende luzez hirien urbanismoa diseinatzeko orduan faktore garrantzitsuenetakoa. Famatuak dira Mediterraneo aldean zuriz margotutako etxeak beroa aldaratzeko. Bizkaian ere eraikitzeko berezko era dago. Baina Asier Benavides Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Bizkaian duen delegazioko presidenteak ohartarazi du leku bakoitzeko urbanismoaren izaera galtzear egon litekeela: “Globalizazioaren eraginez, ia leku denetan diseinu berberak erabiltzen dira”.
Arriskutsua izan liteke herriek eraikitzeko era espezifikoak galtzea, gune klimatiko bakoitzak bere arkitektura duelako, Benavidesen iritziz. Klima aldaketak, baina, horrekin apurtu dezake; orain artekora moldatutako beharrak aldatuko baitira, Jaione Ortiz de Zarate BC3ko kideak baieztatu duenez. Benavidesek dio Bizkaian bi eraikin mota daudela: ingurune urbanoetan daudenak eta baserriak. Hiriek “Europako kutsua” dutela dio: “Europan ohikoa den bezala, Bizkaiko hirietako eraikinak bata bestearengandik oso gertu daude, haien artean sortzen ziren kaleetan pertsonen arteko harreman eta merkataritza sustatzeko”.
Elkargoko delegazioko presidenteak ez du uste kale estuak sortzearen arrazoia klima denik, “Europako erako bizimodu bat” bultzatzea baino. “Hala ere, egia da horrelako diseinu urbanistikoek hotzaren aurka egiteko aproposak direla”, gaineratu du. Jaione Ortiz de Zarate BC3 Klima Aldaketarako Euskal Zentroko kide eta arkitektoak gehitu du kale estuak “haize boladarik ez sartzeko” egin zirela: “Haize boladak saihestu, eta itsaso edo ibaietatik zetorren hotza herrietan ez sartzea lortzen zuten”.
Beroa gorde
Hotzari eta muturreko prezipitazioei begira eraiki izan dira herriak, baina klima aldaketa dela-eta gaur egun dauden beharrak aldatu egin dira, Ortiz de Zarateren arabera. Beroa etxebizitzetan gordetzea izan da Bizkaiko urbanismoaren helburua urte luzez, hark dioenez. “Bermeon, Bilbon edo Mundakan, esaterako, galeria motako fatxada erabili da goizeko beroa etxean sartu eta egunean zehar bertan mantentzeko”, azaldu du BC3ko kideak. Egun, baina, etxebizitza horiek beste tenperatura batzuei egin behar diete aurre, eta garai batean onuragarriak ziren ereduak “osasunerako kaltegarri” bihurtu daitezke. Ortiz de Zaratek esan du Bilbo bezalako hirietako alde historikoak ez daudela abuztuan bizi izan diren beroaldietarako prest; are gehiago, “landaredirik eta itzalik ez dagoenez, bero uharteak eratzen dira tokiotan”.
Benavides ados dago horretan: Bizkaiko gune urbanoetan bero uharteak eratzen dira. Baina ez du uste eraikinetarako erabiltzen diren materialen ondorioz denik, “baizik eta asfalto gehiegi eta eraikinak pilatuegi” daudelako: “Arazoa, eraikuntzarena baino gehiago, diseinu urbanoarena da”. Benavidesek azpimarratu du elkargoak “behin eta berriz” egin dituela proposamenak horrelako ereduak bazter ditzaten: “Udalerriak ezin dira oinarritu hormigoizko plazetan, eta, gero, hiruzpalau parke jarri”.
Irtenbide bila
Klima larrialdia “arazo sistemikoa” dela dio Ortiz de Zaratek. Hortaz, erantzuna ezin dela soilik urbanistikoa izan. Dena den, erantzunaren parte bada. BC3k lau printzipio proposatu ditu klima aldaketari aurre egiteko hirien diseinuetatik abiatuta: naturan oinarritzen diren diseinuak ezartzea, hiri konpaktu bat edukitzea autoen erabilera murrizteko, materialen erabilera denborak kontuan izatea eta mugikortasun jasangarria bultzatzea.
Ortiz de Zaratek esan du birpentsatu behar direla Bizkaiko gune urbanoetako kaleen diseinuak, “ibilgailuentzat pentsatuta” daudelako. Horrez gain, Benavidesek esan du eraikinak berritu behar direla: “Gaur egun dugun arazo nagusia da eraikin gehienak 1950eko eta 1960ko hamarkadetan eraiki zirela”.
Aurtengoa abuzturik beroena izan da Bizkaian, eta markak hautsi ditu