Ibai Maruri Bilbao
Datozen egunetan jakinaraziko dute Bizkaiko foru diputatuek zer asmo dituzten agintaldi berrirako. Hala ere, ardatz nagusiak ezarrita utzi dizkio aurreko gobernuak, Euzko Abertzaleak (EAJ) batzarkide taldeko bozeramaile Jesus Lekerikabeaskoak gogoratu duenez: “Gai batzuk ezinbestean jorratu bebar dira, eta foru aldundiak lantzen dituen trantsizio ardatzetan sailkatuta daude: zainketa sistema, trantsizio digitala, mugikortasuna eta trantsizio energetikoa”.
Erronka horik ez dira soilik Bizkaiarenak, baina Bizkaitik erantzun bat eman behar zaie, EH Bilduko batzarkide taldeko bozeramaile Iker Casanovaren arabera: “Mundua transformazio prozesu sakonetan murgilduta dago, eta hemendik ere aurre egin eta lideratu egin behar dira, jendearen mesedetara bideratzeko”. Jeltzaleek zehaztutakoez gain, “berdintasunaren aldeko borroka eta aberastasuna banatzeko dinamika” aipatu ditu. “Bizkaiak garai batean zuen eta dagoeneko galdu duen lidergo ekonomiko eta soziala berreskuratu behar du”, ohartarazi du. Industria politika aktibatu behar dela uste du, “dinamika integral bat sendotzeko, ikerkuntza eta garapenetik hasita, lurralde antolaketaraino”.
Euskal Sozialistek (PSE-EE) ere antzeko helburuak ipini dituzte. “Bizkaia berdegoa, iraunkorragoa eta bizigarriagoa behar da, eta kultura nortasuna eta kohesioa ekarriko dituen motorra izan beharko litzateke”, Goyo Zurro batzarkide talde sozialistako bozeramailearen esanetan.
EH Bilduk uste du zerga politika aldatu behar dela. Baita Euskal Sozialistek, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) eta Elkarrekin Bizkaiak ere (Elkarrekin Podemos- IU-Aliantza Berdea); EH Bilduk, sozialistek eta Elkarrekin Bizkaiak esan dute “bidezkoagoa” izan behar dela. PPko Raquel Gonzalezek zerga jaitsiera eskatu du: “Bizkaian presio fiskal handiegia dago, eta gero hori ez da nabaritzen zerbitzu publikoen kalitatean. Badira presio txikiagoarekin zerbitzu hobeak bultzatzen dituzten politikak”. Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramaile Eneritz Madariagak zerbitzu publikoekiko kezka agertu du, besteak beste: “Sektore estrategikoen kudeaketa publikoa indartu eta berreskuratu beharko litzateke: hala nola adinekoei eta mendekotasuna dutenei arreta ematea; energiaren, industriaren eta garraioaren sektorea; garraio publikoaren sarea indartzea eta doakotasunerantz aurrera egitea…”. Energia enpresa publiko bat abian jartzeko eskatu du.
Prestutasuna
EAJ “prest” dago akordio “zabalak” lortzeko; “zerga politikan, zaintza arloan eta ingurumenean”, berbarako. Lekerikabeaskoak esan du “orain arte ere” egin dutela, eta legealdi berrian ahaleginduko direla. “Gure helburu nagusia izan da herritarren bizi kalitatea hobetzea”. Sozialistek marra gorriak zehaztu dituzte: “Xenofobia babestu eta indarkeria matxista eta klima larrialdia ukatzen dituztenekin” ez dute akordiorik nahi.
Madariaga ezkor agertu da: “Orain arte EAJren eta PSE-EEren gobernuek izan duten jarduteko moduari erreparatuz gero, pentsa daiteke sakoneko gaietan ez dela akordio zabalik egongo. Aurreikus daiteke arrabola pasatzen jarraituko dutela”.EH Bilduk ere zalantza bera agertu du, baina Casanovak azaldu du beraiek prest daudela negoziatzeko. Besteak beste, lehen sektorea sustatzeko eta ikerketa eta garapenean BPGaren %3a inbertitzeko akordioak proposatu ditu. Gonzalezek “Bizkaiaren aniztasuna” kontutan hartzeko eskatu die foru gobernua babesten duten batzarkide taldeei.
EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak foru aldundiaren “iluntasuna” salatu dute. Batzarkide taldeek eta herritarrek oro har informazioa eskuratzeko zailtasunak dituztela esan dute. Herritarrek parte hartzeko mekanismo gehiago eskatu ditu Casanovak.