Euskal Herriko indaba sukaldaririk onena aukeratuko dute bihar

Gaurko Euskadiko Odoloste eta Txorizo Sariketan aurkeztuko diren odolkiak ondo etorriko zaizkie bihar Mungian lehiatuko diren sukaldariei. Izan ere, hirugarren urtez, Euskal Herriko Indaba Txapelketa antolatu dute Mungiako San Antontxu jaien barruan. Lapikoko Eguna izango da, bada, biharkoa. Goiz osoan, Foruen plazan, Matxin plazan eta Iturribide kalean lapikokorik onenak prestatzen ibiliko dira. 08:00etarako, Andra Mari plazan agertu beharko dute, eta, ondoren, 13:00 arteko epea izango dute sukalde kontuetan ibiltzeko.

Lapikoan edo kazolan egin beharko dira, eta bertan aurkeztu beharko dituzte 13:00etatik 13:30era bitartean. Putxerarik ez dute onartuko. Butanoa erabili beharko dute lehiakideek, eta bakoitzak eraman beharko du etxetik. Baita osagaiak ere. Honako hauek zerrendatu ditu antolatzaile taldeak: indaba gorria —Tolosakoa, beltza edo pintoa—, patatak, barazkiak, urdaia eta txorizoa. Indaba zuriak eta verdina motakoak debekatuta daude. Behin kazolak aurkeztu ostean, bertan bazkalduko dute guztiek. Sariak 17:00etan banatuko dira.

Gizaberri GKEak dirua biltzeko aprobetxatuko du Lapikoko Eguna. Indaba platerkadak banatuko ditu, azken bi urteetan egin legez, 1,5 euroren truke. Bildutakoa Benin iparraldean landa garapenerako proiektuak finantzatzeko erabiliko da. Besteak beste, hango nekazariek landatzeko haziak bidaliko dituzte, uzta berriak landatzeko aukera izan dezaten.

Osotara, 25 kilo prestatuko dituzte, Mungiako Guri-Zer txokoan. Hala, 800 plater banatzeko aukera izango dute, gutxi gorabehera. Horrez gain, zozketa solidario bat ere egingo dute bihar Gizaberrikoek. Euro baten truke erosi ahal izango dira txartelak. Saria otzara bat izango da: izokin ketua duten bi erretilu, bi kutxa ardo beltz eta bi kutxa txakolin.