Mikel Garcia Martikorena
Herri batek bere sustraiak ez dituela inoiz ahaztu behar. Ideia horri estuki lotuta dago folk musika; gaur egungo soinuak erabiliz musika folklorikoan —hau da, herri baten izaeran betidanik egon den musika— oinarritutako kantuak, hain zuzen. Urduñak mundu osotik etorritako doinu horiek jasoko ditu gaurtik etzira arte, Urdufolk jaialdian. 11. edizioa izango dute aurtengoa. Hiru egunez, Bizkaiko udalerria Euskal Herriko, Galiziako eta Ekialde Hurbileko doinuez lepo egongo da. Joseba Urruela Urdufolkeko antolatzaileak esan du ekialdeko musika dela aurtengo “proposamen berezietako bat”.
Sensei Music Ensemble Arabako taldea arduratuko da ekialdeko musika Urduñara ekartzeaz gaur, 21:15etik aurrera, jaialdiko kontzertuei hasiera emanez. Kontzertu horren berezitasuna “ohikoa ez den” musika estilo bat entzuteko aukera da, Urruelaren ustez. Bestalde, zazpi musikarik eta hiru abeslarik osatzen duten taldea Aiaraldeko musikari batek bultzatu izanak “erakargarriago” egin dezake, antolatzailearen iritziz. Urruelak azpimarratu duenez, Aiaraldeko musikariaren doinuak ez dira “egunerokoan irratian entzuten diren modukoak”.
Urdufolken helburu nagusia da hori. Are gehiago, Urruelaren ustez, festibala erakargarri egiten duen arrazoi nagusia da: “Egunero entzunarazten diguten musikaz haratago joatea da jaialdiak duen ezaugarririk onena”. Musika ezberdinak edo gutxi entzundakoak Urduñara ekartzeaz gain, beste bi xede nabarmendu ditu jaialdiko antolatzaileak. Batetik, musikarekin lotutako ekitaldiak antolatzea mundu guztiarentzat —haur zein heldu—, eta, bestetik, zuzeneko musika bultzatzea Urduñan. Helburuok nolabait betetzen direla uste du Urruelak. Izan ere, festibalak harrera “paregabea” izaten du urtero. “Urduñako biztanleek zein Euskal Herriko eta atzerritik etorritakoek musika estilo ezberdinez gozatzen dute”. Antolatzaileen eta turismo bulegoaren datuen arabera, iaz mila lagun inguru joan ziren Urduñara ostiralean zein igandean.
Estilo aniztasuna
Musika aniztasuna aurtengo kartelean ere ikus daiteke. Sensei Music Ensembleren proiektuaren aurkezpenaz gain, mundu osoko bestelako doinuak aurkitu daitezke, Kolonbia eta Iruñea batzen dituen Goxua’n Salsa proiektuarena, esaterako. Urruelak azaldu duenez, iaz Las Caramba saltsa banda izan zen Urdufolken, eta, publikoak haiekin “gozatu” zuenez, musika estiloari “jarraipena” ematea erabaki dute.
Kultura eta nazioak musikaren bitartez uztartzeari dagokionez, Iruñekoak eta Aiaraldekoak ez dira jaialdian bakarrik izango. Urdufolkeko antolatzaileak Kataluniako Kepa Junkera ezizena ipini dion Guillem Anguera ere egongo baita bihar, 21:15etik aurrera, Foru plazan. Urruelaren iritziz, artista katalan hori “aproposa da oso” jaialdirako: “Urdufolken lekua duela uste dugu, hainbat musika estilo uztartzen dituelako eta Iberiar penintsulako hainbat hizkuntzatan abesten duelako; hala nola katalana, euskara, galiziera, gaztelera edota portugesa”.
Folk jaialdira ekartzen dituzten artista eta taldeak aukeratzeko, bizilagunen iritzia kontuan izaten dutela dio Urruelak: “Sare sozialen bidez aukera ematen diegu herritarrei gustuko taldeen proposamenak egiteko”. Urduña jaialdiarekin “konprometituta” dagoela gaineratu du ekitaldiaren antolatzaileak: “Noizbehinka kalean gelditzen gaituzte, irratian entzundako taldeak proposatzeko”. Beraien ideien eta jendearen proposamenei esker jaialdiaren kalitatea urtero “mantentzea eta hobetzea” lortzen dutela esan du Joseba Urruelak.
Musikaz harago
2013an aurreneko edizioa egin zenetik gaur egunera arte, aldaketak izan ditu jaialdiak. Hasieran, bi zatitan banaturik zegoen: nazioarteko banden lehiaketa eta jaialdiak antolatutako bi kontzertu. Lehiaketan Europa osotik etorritako hiruzpalau talde egoten ziren. Baina, Urruelak azaldu duenez, lehiaketaren izaera alde batera uztea erabaki zuten: “Hausnarketa sakona egin ostean, ondorioztatu genuen guretzako musika ez dela lehiaketa bat, ez dela gustuko dugun eredua”. Hori dela eta, azken edizioetan soilik kontratatutako taldeak ekarri dituzte.
Kontzertuak, baina, ez dira Urdufolk osatzen duten ekintza bakarrak. Izan ere, Foru eta Gernika plazetan eskainitako kontzertuez gain, bestelako ekintzak antolatu dituzte jaialdiko egitarauan. Bihar, goizeko hamarretan hasita, esaterako, tokiko produktuen azoka antolatu dute; Foru plazan egongo dira saltokiak. Baina musikak erdigunean izan behar du Urdufolkek, eta, hori dela medio, Matraka Culinary Center ikuskizuna izango da bihar, 13:00etan. Hain zuzen, haurrentzako ekitaldia da, non Matraka kolektiboak barazkiak musika tresna bihurtzen dituen. Urruelak onartu du iaz beste jaialdi batean ikusi zutela, eta, “ikuskizun ederra” iruditu zitzaienez, Urduñara ekartzea erabaki dutela.
Etzi, Urdufolk jaialdiari amaiera emateko, Telmo Esnal eta Gari Otamendik Dantzak filmaren eta Euskal Herriko dantzen inguruko solasaldia eskainiko dute 17:30ean. Solasaldian egun herri txiki eta eskualde jakin batzuetan soilik mantentzen diren zenbait dantzaren inguruan arituko direla dio Urruelak, filmaren helburua “dantza zaharrak ez galtzea eta hurrengokoei transmititzeko beharra” adieraztea baita. Dantzak, folk musika bezala, herri bateko folklorea orainaldira ekartzeko balio baitu.