I. Maruri Bilbao
Aro Modernoaren hasieran, XV. eta XVI. mendeetan, Bizkaiko foruak idatzi zirenean, kapare eskubidea aitortzearekin batera, noblezia txiki bat sortu zen, eta baserrien abiapuntua izan ziren. Testuinguru horretan sortu ziren auzo kofradiak ere, Zeanuriko Otzerinmendiko kofradiako presidente Angel Larrearen arabera. Gaur egun, gehienak desagertuta daude, baina oraindik ere geratzen dira leku batzuetan: Iurretakoez aparte, Arratia aldean eta Mungian eutsi diete kofradiei, besteak beste. “Elizateen barruan auzoak antolatzeko eta kudeatzeko egiturak ziren”.
Larrearen arabera, Bizkaiko kofradiek, oro har, antzeko ezaugarriak dituzte, nahiz eta eskualde bakoitzean ñabardunak egon daitezkeen. Etxeak ziren kideak, kofradia osatzen zutenak. “Etxeak eskubide bat du: foberea. Batzarretan botoa emateko eskubidea da. Auzo kofradiak ondasun batzuk ditu bere kargura: lursail komunalak. Kofradiako bizilagunek dute zaintzeko eta kudeatzeko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea”. Lur horietan ermita eraikitzen zen, auzokoei arreta erlijiosoa eskaintzeko, elizateko eliza urrun egoten zelako. Tenplu horien bueltan ospatzen dituzte Zeanurin auzoetako jaiak.
Lauzpabost mendetan oso baliagarriak izan dira kofradiak baserritarrentzat. Eskubidea izan dute lursail komunal horietan ganadua bazkatzeko, arbolak landatzeko eta etxerako baliabide ekonomikoak eskuratzeko. Urtero kargu bat aukeratzen dute Zeanurin: basozaina. “Basoetako bideen kargu egiten da, arbolak landatzeaz, botatzeaz…”. Beste kargua maiordomoa da: urtero etxe batek ermita zaintzeko ardura izaten du, eta, Larrearen esanetan, ohorea da. Tenpluaren mantenuaz arduratzen da. “Foberedunak izaten dira beti; hau da, etxejabeak. Errentadoreak ez dira horretan sartzen”.
Gizarte aldaketa
XX. mendean, kofradien gainbehera hasi zen, Larreak kontatu duenez: “Industrializazioaren ondorioz, jendeak landa mundutik gune industrialetara egin zuen alde; Bizkaian, 1960ko hamarkadatik aurrera gertatu zen”. Ondorioz, landa ingurua jende gutxirekin eta populazio zaharkituarekin geratu zen. “Kofradiak abandonatuta geratu ziren: batzuk desagertu egin ziren, eta beste batzuk krisian sartu ziren”. Azaldu duenez, leku batzuetan, baso komunalak zatitu eta banatu egin ziren foberedunen artean; hau da, pribatizatu egin ziren. Beraz, kofradia batzuek soilik mantendu dituzte ermitak eta haien inguruko lursailak. Otzerinmendiko kofradiako presidentearen ustez, gaur egungo gizartea “indibidualista” da, eta “kolektiboaren zentzua galdu” da. “Zaila da: gizarte tradizionalaren aztarnak dira, baina dagoeneko ez gara bizi gizarte tradizional batean”. Uste du belaunaldi berriek ez dutela kofradien garrantzia ulertu.
Dena den, baikorra da. 2016an, Eusko Legebiltzarrak Tokiko Erakundeen Legea onartu zuen, eta, haren arabera, kofradiek sozietate zibil bihurtzeko aukera dute. “Orain arte, elkarte kultural moduan hartu gaituzte, baina gu ez gara halakoak: ondare kolektiboak gara, lehenagoko kolektibo komunal baten herentzia historiko, etnografiko eta kulturala”. Oraindik kofradien erregistroa sortzeko du Eusko Jaurlaritzak. Abendurako prest egongo den itxaropena du Larreak. “Lege aitortza izango dugu, eta gure ondasunak saldu eta erosi ahal izango ditugu, edo beste kofradia batzuekin fusionatu. Espero dugu honi esker ez dela galduko arbasoengandik jasotako ondarea”.