Gorakada, 25 urtez

Erakusketa

Leioa

Gorakada antzerki konpainiaren 25 urteko ibilbidea jasotzen duen erakusketa dago Leioako Erakusketa Gelan. Eskularru txotxongiloak eta aktoreak abiapuntutzat hartuta, hainbat teknika, estilo eta eszenaratze garatu ditu konpainiak urte horietan guztietan: 23 ikuskizun, 2.000 antzezpen eta milioi bat ikusle batu ditu konpainiak.

Erakusketaren bitartez, bisitariari abentura, magia eta ilusioz betetako mundu bat erakutsiko diote. Egindako ahalegin eta lan guztia haur eta familientzat egin duen konpainiaren isla izateko helburua du erakusketak.

Bertan, Gorakada konpainiaren antzezlanik esanguratsuenetako txotxongilo eta eszenografiak aurkezten dira: besteak beste, Tartalo, Zirkoa, Reziklatex, Titirikontu, Gondola Misteriotsua, Jim Altxor Uhartean, Robin eta Hood, Irudimeneko Hiria eta Cyrano eta Ogro Txikia.

Gorakadaren ibilbidea

Gorakada antzerki konpainia 1987an jaio zen. Batxilergo ikasketak egiten ari zirela antzerki taldean parte hartu zuen ikasle talde baten antzerkirako grinak bultzatu zuen sorrera hori. Julio Perugorriak zuzentzen zuen institutuko antzerki taldea. Gorakada beste antzerki tailer batzuetan ibilitako lagun batzuen lanari esker ere sortu zen.

Konpainia horrek haurren ikuskizunak hartu zituen oinarri, kontuan hartuta garai hartan Durangon ari zen Geroa konpainiak helduentzako lanak egiten zituela. Hori dela eta, Gorakadako kideek txotxongiloak egiten eta manipulatzen ikasteko ikastaroak egin zituzten. Tartalo eta artzaina antzezlana sortu zuten hastapen garai hartan. Handik aurrera, bestalde, hainbat eta hainbat lan taularatu zituen konpainiak. Ia urtero antzezlan berri bat eskaintzen zuen.

Urteetan egindako lan horren guztiaren zertzeladak ikus ditzake egunotan Leioako Erakusketa Gelara joaten denak. Urtarrilaren 27ra arte dago bisitatzeko aukera. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara dago zabalik. Larunbat, igande eta jai egunetan, bestalde, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bisita daiteke. Sarrera doakoa da, gainera.