Mundura ireki zen ekonomia

Mundura ireki zen ekonomia

M. Garcia Martikorena

Historialari askok diote Kristobal Kolonek 1492an Ameriketara egindako bidaiak aurreneko globalizazioa eragin zuela. Elena Llorente EHUko irakasle eta ikerlariaren ustez, globalizazio hura ezin da ulertu gaur egungo ideietan oinarrituta: “XV. mende bukaerako eta XVI. hasierako merkataritza ez zen gaur egungoa bezain azkarra, bideak ez zeuden hain ezarrita eta garraioa zein gestioak motelak ziren oso”. Hala ere, ikerlariak argi du hamarkada haietan merkataritza eta gizartea hedatu egin zirela, eta, Gernikako juntetxean joan den astean egin zen EHUko udako ikastaroan baieztatu zuenaren arabera, bizkaitarrek rol garrantzitsua jokatu zuten hedatze hartan, mundu osoan zehar zabalduz.

Llorentek Leinuak eta etxeak: burdinetik eta artiletik mundura hitzaldia eskaini zuen. Bizkaian XV. eta XVI. mendeetan etekin eta garapen “nabarmena” izan zuten bi esparru jorratu ditu: burdina eta artilea. Llorenteren iritziz, bi ondasun horiek “nahitaezkoak” izan ziren Bizkaiaren eta bizkaitarren garapenerako: “[Espainiako] Erresumaren barruan zein Europan eta Amerikan hedatzeko aukera eman zioten burdinak eta artileak Bizkaiari”.

Europako merkataritza hedatzen zebilen garaian, Bizkaiak paradigma berrian bi indargune zituen eskaintzeko. Alde batetik, Europaren eta Amerikaren arteko harreman komertzialetan Bizkaiko portuek zeresana zuten, Frantziaren eta Gaztelaren artean zeudelako. Gainera, Atlantikora ematen duten Europako herrialdeek —Belgikak, Frantziak edota Baltikoko herrialdeek— Amerikara bidaiatu nahi bazuten, Kantauri itsasotik —eta, hortaz, Bizkaiko portuetatik— igaro behar ziren, bertako ekonomia hauspotuz.

Horrez gain, Gaztelako artilea itsasotik atera nahi izanez gero, Bizkaiko portuak ziren gertuen zeudenak, eta, beraz, estrategikoki eraginkorrenak. Nazioarteko zein erresuma barneko merkataritza horri esker, hiru inguru egin ziren bereziki indartsu: Bilboko itsasadarra, Oka ibaiaren arroa eta Durangaldea. Ibaiak nabigagarriak zirenez, ondasunak Kantauri itsasoraino garraiatzeko erabiltzen zituzten. Llorentek dio ibaiak moldatu egin zituztela —zabalduz, adibidez—, eraginkorragoak izan zitezen, “Bilboko itsasadarra, batez ere”.

Burdin merkatua

Baina Bizkaia ez zen soilik kokaleku bat.Haren mendiek balio handiko lehengaiak zituzten. Meatzaritzak indarra hartu zuen garai hartan, lurralde osoan zehar —batik bat, Bilboko itsasadarraren arroan— errementari “txiki eta ertainak” joan baitziren ugaritzen. Horiek “maila ekonomiko jakin bat” zuten etxeetatik zetozen, Llorentek EHUko udako ikastaroan adierazi zuenez.

Ikerlariaren ustez, Bizkaiko burdinaren loratzea “hobekien” adierazten du XVI. mendean Europan erabiltzen zen burdinaren jatorriak: “XVI. mendeko lehen hamarkadetan, Europan erabiltzen zen burdinaren %37 jatorriz Bizkaikoa izan zen”. Burdin hori, lehengai bezala saltzeaz gain, aurretik landu eta “lanabes edo arma” moduan saltzen zuten. Azken horien erosle “garrantzitsuenak” Madrilen eta Sevillan (Espainia) zeudela azaldu du Llorentek: “Madrilen Koroaren, Gortearen, eta, oro har, nobleziaren eraginagatik saltzen zituzten armak. Bestetik, Sevillako portuak material asko eskatzen zuen Ameriketara bidaltzeko. Izan ere, Bizkaiko metalarekin egindako armak Cartagenan [Kolonbia] eta Porto Velhon [Brasil] erabiltzen ziren, besteak beste”.

Artileak eta burdinak Bizkaiko ekonomian garrantzi handia izan zuten arren, ez ziren XV. mendearen bukaeratik aurrera ekonomia hauspotu zuten alderdi bakarrak; Llorentek esan du arrantza eta ontzigintza ere “oso garrantzitsuak” izan zirela. Bizkaitarrek, beste herrialde batzuetako biztanleek ez bezala, zenbait abantaila zituzten herritar ziren aldetik. Haien artean azpimarragarriena kaparetasun unibertsala zen. Llorentek azpimarratu duenez, horiei esker “merkatari nabarmenak” bihurtu ziren bizkaitarrak hamarkada luzez.