Marius Soler: “Gizon askori mesede egin die nire kasu klinikoak”

Marius Soler: “Gizon askori mesede egin die nire kasu klinikoak”

A. Igartua Aristondo

Arraroa egin zitzaion aipatu zioten lehenengo aldian, ez baitzekien halakorik badenik: gizonezkoek ere eduki dezakete bularreko minbizia. Aukera aintzat hartu ere ez zuen egiten, baina, urte gutxiren buruan, aditua egin da tumore motetan, ospitaleko probetan, hormona andanetan, askotariko tratamenduetan; eta luze eta zabal hitz egin du horiez. Ez zekien bularreko minbizi maskulinoa badagoenik, baina orain dela sei urtetik bizi da gaitz horrekin Marius Soler (Bartzelona, 1974) Invi gizonezkoen bularreko minbiziaren erakundearen sortzailea. Soler gaixotasunaz eta bere lekukotzaz arituko da gaur Gordexolan, 20:00etan, Acambi bularreko eta minbizi ginekologikoaren Bizkaiko erakundeak antolatutako hitzaldian.

2016ko abuztuan, koskor bat atzeman zuen titiburuetako baten ondoan. Ez zion kasurik egin, eta handituz joan zen hilabeteekin, harik eta bazterrezin egin zen arte. “Egun batean, ohean geratu nintzen, erabat iltzatuta; saihetseko minaren minez, ezin nintzen mugitu ere egin”. Larrialdietara deitu zuen, eta etxera etorri zitzaion medikuaren ahotik jaso zuen ezustea. “Esan zidan kontraktura bat ematen zuela, baina titiburua oso atzeratuta neukala, gizonek ere garatu dezakegula bularreko minbizia, eta joan nendila espezialista batengana”. Baina ez zekiten norengana jo. Solerren emaztea bere ginekologoarekin jarri zen harremanetan, eta haren kontsultan artatu zuten aurrena, emakumez betetako leku batean. “Esplorazio hutsarekin baieztatu zuen tumore gaizto bat zela”.

Mamografia batean bi lesio harrapatu zituzten. Solerrek min handia zuen garondoan, baina hasieran medikuak ez zuen lotu minbiziarekin; ez kezkatzeko esan zion, albisteak eragindako ezinegonaren kontua izango zela. Mina indartu egin zen, ospitalean ingresatu zuten, eta han topatu zuten oinazearen jatorria, PET positroi igorpenezko tomografia baten bidez. “Hezurretan 21 lesio ikusi zituzten. Bularreko minbizi metastasiko bat zen, laugarren fasean. Bizi itxaropen oso txikia eman zidaten, sei hilabetetik urtebetera artekoa”. Kimioterapiak eta terapia hormonalak ez zuten emaitzarik izan, eta urtebetean hiru aldiz ingresatu zuten minengatik, eta hiru interbentzio egin zizkioten, guztira.

Tratamendu erabakigarria

Beste bide bati ekin zion 2018ko maiatzean. Onkologoak aipatu zion tratamendu bat onartu berri zutela, ziklinen inhibitzaile bat, sistema hormonala erabat blokeatzen duena; ez zen harentzat aproposa —kimioterapiarik jaso gabekoentzat baitzen, eta emakumeengan baino ez baitzegoen probatuta—, baina hauspoa eman zion: ospitale publiko batean jaso behar zuen, eta Bartzelonako Clinic ospitalean onartu zuten bere kasua. “Miraria gertatu zen. Lau urte eta erdian, bizi kalitate oso ona eduki dut, ia albo kalterik gabe —mina interbentzioen ondoriozkoa da—”. Minbiziak indarra galdu du, baina ezin da osatu, eta tratamendu aldaketak egin behar dira sarri. Tratamendu berriak lau urte eta erdiz funtzionatu zion, eta iaz antzeko sendagai bat hartzen hasi zen.

Solerren kasua mugarri bat izan da, hein batean. “Gizon askori mesede egin die nire kasu klinikoak. Tratamendua emaitza oso onak ematen ari da gizonezkoengan”. Alabaina, medikuntzan bidea dago egiteko. “Lehen lerroan, profesional asko ezjakinak dira. Niri ez zait gertatu, baina kasuak entzun ditut: lehen arretan, askotan kasuei ez zaie garrantzia ematen, eta etxera bidaltzen dituzte”. Era berean, aitzindaria izan zen gaitza helarazten, eta lotsa uxatu die beste batzuei: haren ondoren, ia berrogei gizonek hitz egin dute publikoki eritasunaz.