M. Garcia Martikorena
Bilboko La Sinsorga espazioa gaur egun den bezala ikusi ahal izateko, hamazortzi hilabete eman behar izan dituzte lanean Irantzu Varelak eta Andrea Momoitiok gidatutako taldeak. Prozesua dokumental batean jasotzea erabaki zuten hasiera-hasieratik. Al borde films ekoiztetxeko Paula Iglesias eta Marta Gomez ibili dira grabazioak egiten. Iglesiasek azaldu duenez, abiapuntua zen adieraztea emakumeentzako gune bat emakumeek nola eraikitzen zuten eta prozesuan zer-nolako gorabeherak zeuden. Hala ere, dokumentalistak dio hilabeteak aurrera joan ahala helburu hori aldatuz joan dela: “Ideia nagusia bera den arren, aldatu egin da hori nola jorratu. Sektore maskulinizatuak dira obretakoak, eta, beraz, azkenean dokumentalean hitz egiten dugu zer arazo dakartzan soilik emakumeekin lan egin nahi izateak”.
Filmak eraikinaren aldaketa “sinbolikoa zein fisikoa” adieraztea du xede. Izenaren jabetzaren ideiarekin jolastu dutela gaineratu du Iglesiasek: “Dokumentalean sinsorga hitzari buelta eman, eta hartaz jabetzea irudikatuko dugu”. Hori dena, kanpotik begiratuta, edo ez hainbeste. Izan ere, bi era ezberdinetan grabatu du Iglesiasek dokumentala. Batetik, obraren egunerokotasuna “kanpoko eragile” gisa islatu nahi izan du. Bestetik, zinemagilea, “objektibotasuna alde batera utzita”, obran zeuden langileekin edota La Sinsorgako zuzendariekin jarri da harremanetan, beste aktore bat bihurtuz. Iglesiasek azaldu duenez, beraien helburua ez da izan “erabat objektibotasunetik hitz egitea”.
Filmak hainbat laguntza jaso ditu; besteak beste, Eusko Jaurlaritzarena. Grabaketa “azken txanpan” dago, aurkezpeneko ekitaldia eta aurreneko egunak grabatu ostean. Iglesiasek dio une batzuk errepikatu ostean, edizioan jarriko direla buru-belarri. Haien aurreikuspenen arabera, La Sinsorgaren inguruko filma 2025ean helduko da Euskal Herriko zinemetara. Oraingoz, jada sei aretorekin hitzartu dute proiekzioa, baina gehiagorengana heltzea espero du Varelak: “Hogei zinema areto inguru lotzea espero dugu”.
Elkarren osagarri
Iglesiasen iritziz, filmak “izu eta algara aldiak” uztartzen ditu, “horrelakoa izan baita prozesu osoa”. Irantzu Varelak ildo beretik jo du. Hark dio momentu batzuetan “izututa” ibili direla, “proiektua ondo aterako zen beldur”, baina beldur horiek ilusioz beteriko beste momentu batzuekin orekatu dituztela.
Are gehiago, horrelako proiektu batek talkak eragitea normala izaten den arren, Varelak azpimarratu du La Sinsorga espazioko beste zuzendari Andrea Momoitiorekin daukan harremana sendotu egin dela: “Elkarren osagarri garela konturatu gara”.
Bien arteko harremana prozesuan “sendotu” egin dela da dokumentalaren hizpideetako bat, eta umorezko momentuak ekarriko ditu. Momoitioren iritziz, “bikote umorista paregabea” direla konturatu dira dokumentala grabatzeko orduan.