Gaurtik etzi bitarte, XVI. Haizetara kaleko musika banden jaialdia egingo dute, Zornotzan. Zortzi banda lehiatuko dira.
Bulbalkan (Espainia). Madrilgo sei emakume dira. Balkanetako abesti adierazgarrienekin eta eurek sortutako doinuekin betetzen dute oholtza. Haien instrumentuen tinbrika ezohikoa da; erritmoak eta melodiak liluragarriak dira.
Back Chat Brass (Erresuma Batua). Pop, funk eta hip-hop estiloetan errotuta, BCBren erritmo metalikoek arima ematen diote banda honen musikari. 2016tik, Back Chat Brassek mundu osoan mugitu du jendea.
Dirty Durum Brass Band (Gasteiz). New Orleansko kale erritmoak jazzarekin eta beste hainbat hiri estilorekin nahastuta: hori da Gasteizko Dirty Durum Brass Band talderen nortasuna. Beste talde batzuetan elkarrekin jotzen ibilbide luzea egin ondoren, 2021ean sortu zuten bederatzi arabarrek osatutako Dirty Durum Brass Band.
Gata Brass Band (Espainia). Almeriako taldeak funkaren unibertso erritmiko aberatsean murgiltzen du entzulea, haizezko tresnen sonoritate indartsuaren, ahotsen eta beatboxensoinuen bitartez. Rockaren, elektronikaren eta jazzaren eragina dute.
Jazz Hunters (Espainia). Zaragozako taldeak Ebro Misissippi bihurtzen du. Hot jazz basatia, entxuferik gabekoa eta arnasa indartsukoa sortzen du.
Harmony’s (Benin). Beningo zazpi musikari gaztez osatutako taldea da. Jazzaren eta beninar musika tradizionalaren eragin handia duen errepertorioa dute, eta genero guztietara egokitzen dira.
Fanfare Jukepop (Frantzia-Belgika). Banda estrafalario eta eroa da Fanfare Jukepop. Elektro, pop, hip-hop, old school: askotariko estiloak nahasten dituzte.
La Saugrenue (Frantzia). Kaleko musikan eskarmentu handia dute. Haien energia, talentu eta sustrai musikal eklektikoak rock and poparen bertsio original eta liluragarrien zerbitzura jartzen dituzte.