Zihara Jainaga Larrinaga
Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak edizio berezia du aurtengoa: hogeigarren aldia izango du. Hala, aurten berregituratu egin dute jaialdia, eta ohiko datak aldatu dituzte. Antolatzaileen arabera, erabakia hartu dute sentsibilizazioan eta salaketan lanean jarraitu ahal izateko, eta, era berean, artearen, zinemaren eta kulturaren bidez gizartea eraldatzen lagunduko duten kontakizun eta erreferente berriak bultzatzeko. Horretarako, kulturarekin eta sexu aniztasunarekin lotutako 50 jarduera antolatu dituzte. Gaurtik uztailaren 3ra bitarte, proiekzioak, solasaldiak, eztabaidak, arte eszenikoak, industria, masterclass-ak, jaiak eta kontzertuak izango dira egitarauan.
Horiek guztiak lotuta daude kulturarekin eta identitate eta genero aniztasun sexualarekin, eta guztia jai giroan, baina, batez ere, aldarrikapen testuinguru baten barruan egingo dute. “Zinegoak-en beti saiatzen gara gizartean gertatzen dena artatzen eta gertatzen dena islatzen”, azaldu zuen Alaitz Arenzana Zinegoak jaialdiko zuzendariak astearte goizean Bilboko Arriaga Antzokian egindako aurkezpen prentsaurrekoan. Identitate aldakorretan jarri dute arreta aurten, generoa aldatzeko eta deskubritzeko leku bat dela ulertuta.
Datorren astelehenean hasiko da ofizialki jaialdia, ekainaren 26an, Arriaga antzokian egingo den inaugurazio galarekin. Gonbidapenak antzokiaren webgunean eskuratu daitezke. Ekitaldia Nerea Arriola eta Aitziber Garmendia aktoreek aurkeztuko dute, eta Euskoprincess eta Kiki House of Anunnaki taldeen emanaldiak izango dira. Halaber, egun horretan Angeles Cruz zuzendariak 2023ko ohorezko Zinegoak saria jasoko du, lehen aldiz DAMAk babestua, egile eskubideak kudeatzen dituen erakundeak. Aktorea, gidoilaria eta zuzendaria da Cruz, eta haren lanen ezaugarria da indigenen komunitatean gertatzen diren istorioak pantailaratzea, gai konplexuak jorratuz. “Cruzek bidea ireki du bizi garen mundu honetan, non ez den batere erraza, are lesbiana eta zinemagilea izanik”, nabarmendu du Arenzanak. Halaber, Brasilgo Amazoniako indigenen komunitateei buruzko film bat proiektatuko da inaugurazioan.
Film luzeen sail ofizialean, hamasei film lehiatuko dira, jaialdiko ohiko hiru sailetan: Fik, fikziozkoak; Dok, dokumentalak; eta Krak, narratiba berrietan espezializatutako atala. Brasil, Kanada, Libano, Suitza eta Argentinako proiekzioak izango dira, besteak beste, eta denak proiektatuko dira Golemen. Programazioaren bidez, hainbat gai jorratu nahi izan dituzte aurten, hala nola esnatze sexuala eta nork bere burua ezagutzea. Claudia Varejao zuzendariaren Lobo e Cao lanean eta Luis De Filippisen Something You Said Last Night film luzean, esaterako. Fierce a por revolution filmak, adibidez, ikuspegi politikotik eta film pornografikoen bidez, beste sexualitate batzuk eta bestelako gorputz batzuk aldarrikatzen dituzten emakume talde bat irudikatzen du. Julia Murat zinemagilearen Norma 34 filma ere ikusi ahalko da, “lan sexualaz, teknologiaz eta ahalduntzeaz” hitz egiten duena.
Zinegoak jaialdiaren ezaugarrietako bat da lanak egiten dituzten sortzaile eta protagonistekin egon ahal izatea eta taldeak ezagutzea. Hala, aurten ere publikoak filmen ondoren egingo diren solasaldietan eta eztabaidetan parte hartu ahalko du; esate baterako, Alba Cros eta Nora Haddad zuzendarien Alteritats dokumentalaren kasuan. Zinemagileek ostegunean aurkeztuko dute lana, 19:30ean.De noche los gatos son pardos filma aurkeztuko dute Dogartzi Magunagoikoetxea eta Andoni de la Cruz aktore bizkaitarrek. Horrez gain, Lilas Mayassi Sirens dokumentaleko protagonista eta Libanoko Slave to Sirens metal taldeko kidea ere Bilbon izango da. Libanon emakumeek bakarrik osatutako metal banda bakarra da Slave to Sirens. Hala, dokumentalak bandaren bizipenak eta aurre egin beharreko zailtasunak jorratzen ditu.
Film laburrei dagokienez, 25 dira sail ofizialean lehiatuko direnak, eta Bilborocken ikusi ahalko dira. Hala, Haurtzaroa eta nerabezaroa eta Emakume zuzendariak ohiko zikloez gain, beste bi ziklo berri izango dira aurten. Batetik, Lotura primarioak. Norbere garapen emozionalean, funtsezko espazioetan, hurbileko pertsonekin izaten diren istorioak kontatuko dira. Bestetik, TBIQ+ zikloa ere berria da; hala, “LGTBIQ+ kolektiboaren barruan” gutxien ikusten diren errealitateen istorioen lagina eskainiko dute. “G eta L kendu ditugu, normalean ordezkaritza handiagoa izaten dutelako kolektiboaren barruan, eta, ikusgaitasunari dagokionez, beste bizipen minorizatuago batzuk”, azaldu du Arenzanak. Azkenik, filmei dagokienez, lehiaketa ofizialetik kanpo Euskal Herrian ekoitzitako film laburrez osatutako Erroak ziklo klasikoa egongo da.
Jaialdiaren bestelakoak
Zinegoaken atal profesionalak protagonismo berezia izango du aurten. Azkuna zentroan hainbat ekintza eta masterclass egingo dira estetika ez-bitarraren eta gorputzeko praktiken eta irudikapenen inguruan. Horrekin batera, Euskal Herriko LGTBI ikus-entzunezko ekoizpen garaikideari buruzko lehen txostena aurkeztuko da, eta DAMAk eskubideen urraketaren eta zinema ekoizpenaren arteko harremanari buruko saio bat emango du. Programazio hori guztia doakoa eta sarrera librekoa izango da.
Zineaz harago doa Zinegoak: arte eszenikoek ere badute tokia. Gilkitxaro konpainiaren Identitarteak antzezlana hartuko du Fundicion aretoak datorren astean, adibidez; eta Pabiloi 6 espazioan, Esaiozu X antzezlanaren jendaurreko entsegu batez gozatzeko aukera egongo da. Bilbo Arten proiekzio bereziak izango dira. Horrez gain, festak beti du tokia Zinegoak-en, eta, aurten, are gehiago hogeigarren edizioa ospatzeko.
Bestalde, hilaren 28ko aldarrikapenekin bat eginda, arratsalde horretarako ez da jarduerarik programatu, Koordinakundeak antolatutako mobilizazioan parte hartzeko. Zinegoak.com webgunean kontsultatu daiteke jaialdiaren programazio osoa.
Asteburu honetan hainbat jarduera izango da
RLGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia modu ofizialean hilaren 26an hasiko da. Hala ere, aurretik, asteburu honetan hainbat jarduera izango da 3, 2, 1… Zinegoak ekimenean. Gaur, adibidez, saiakera bat proiektatuko dute, Guggenheimen. Biharko, egun osoko egitaraua antolatu dute: solasaldiak, proiekzioak, antzezlanak, aurkezpenak eta musika emanaldiak izango dira LaSinsorga kulturgune feministan, Bilborocken eta Bira kulturgunean. Domeka arrastian Bilborocken Zinegoak 2023 ohorezko saridunarekin solaserako aukera egongo da Irantzu Varela kazetariarekin.