Olatz Silva Rodrigo
Udal bandoz beteta esnatu zen Bilboko Uribarri barrutia joan den astean. “Olabarri jauregiko jabetza esleitzeko enkantea hutsik geratu ondoren, enkante mahaiak, eskumen osoz, ondasunaren jabetza Bilboko Udalari esleitzeko eskubidea aplikatzen du; eta Bilboko 2. barrutiko bizilagunei lagako zaie, instalazioaren erabilera publikoaren mesedetan”, zioen idazkiak. Hainbat egunetan egon zen iragarkia auzokideen ahotan; eta sare sozialetan ere asko hedatu zen auzoarentzat izatekoa zen eraikin horri buruzko albistea. Are, Olabarri jauregia auzoarentzat izango zela ospatzeko kalejira antolatu zuten joan den ostegunean. Funikular plazan batu ziren auzokideak, eta, Olabarri ongi etorri lelopean, eraikinerantz abiatu ziren.
Hara ailegatzean, baina, Uribarri Prest plataforma sozialak eman zuen notizia: “Askok asmatu duzuen bezala, udalak azkenean ez digu utzi eraikina erabiltzen. Seguruenik hemen, putre handiren batek eskuak sartuko ditu negozioa egiteko”. Izan ere, bandoa Bilboko Udalaren kolore gorriarekin apaindu zuten arren, ez zuen udalak idatzi, plataformak berak baizik. Helburua? Aldarrikapen irmoa egitea: “Bilboko Udalak Olabarri jauregiaren eskumena auzoari ematea, auzoaren erronkei, gabeziei eta hutsuneei erantzuteko”.
Bandoan iragarritako mezua egia ez izan arren, “egia handiago bat” aldarrikatzeko dinamika izan da. “Egia da zelan gauden eta zer gabezia ditugun”, zehaztu dute plataformako kideek. “Horregatik, uste dugu zilegi dela horrelako mekanismoak erabiltzea betebeharrak mahai gainean jartzeko”.
XIX. mendearen amaieran eraiki zuten Olabarri jauregia, itsasadarraren alboan. Lau solairu dauzka, hogei gela eta bi patio. Plataformako kideen arabera, “balio handiko eraikina” da. Oligarkiarentzat eraiki zuten, Bilboko Portuko Agintaritzak haren jabetza hartu zuen arte. Joan den mendearen erdialdean izan zen hori. “Duela sei urte, udala tramiteak egiten hasi zen eraikina pribatizatzeko, saltzeko eta dirua ateratzeko; baina Gasteizko gobernuak [Eusko Jaurlaritza] eskua sartu zuen”.
Hamar milioi euroan
Aurtengo martxoan adierazi du Agintaritzak enkante publikoa egingo duela, jauregia saltzeko. Hasierako prezioa hamar milioi euro baino gehiagoan ezarri dute; eta hilaren 2an amaitu da eskaintzak egiteko epe hori. Agintaritzak adierazi duenez, hamar kontsulta inguru jaso dituzte, baina, azkenean, enkantea hutsik geratu da. Uztailaren 13ko Administrazio Kontseiluan, prezioa %15 murriztea proposatuko dute. Dena den, hori baino lehen alderdi interesdunen batek hasierako prezioa eskaintzen badu, automatikoki salduko diote.
Uribarri Prest-en arabera, hainbat arrazoi daude jauregia auzoarentzat izateko: “Alde batetik, legearen arabera, barruti honi zahar egoitzetako 450 plaza publiko dagozkio; 132 daude, eta denak pribatuak dira”. Gazteek ere ez dute “dinamika propioak” aurrera eramateko espaziorik. Eta auzoko emakumeek, besteak beste, ez dute datorren azaroaren 30eko greba feminista orokorra prestatzeko tokirik.
Etxebizitzaren arazoa ere nabarmendu dute Uribarri Prest-eko kideek: “Gainerako leku guztietan bezala, etxebizitzaren gaia nabarmendu beharreko arazoa da Uribarrin”. Plataformak salatu duenez, auzoan 86 udal etxebizitza daude, etxebizitza guztien %4 baino gutxiago; eta alokairu eskaintza pribatuaren prezioa 800 eurokoa da. “Turistentzako pisuak bizilagunentzat bideratzen direnen bikoitza baino gehiago dira”.
Egoera horretan, auzokideek argi dute Uribarrik beharrezkoa duela Olabarriren moduko esparru bat. Izan ere, eskaera ez du egin Uribarri Prest plataformak soilik. “Aldarrikapen hau plurala da; ez da bakarrik eragile batena. Belaunaldien arteko perspektiba batetik eta behar sozialen aldetik, ez dago lekurik; horrelako leku batean posible genuke gauza asko egitea”.
Borrokan jarraituko dute
Auzokideek salatu dute euren “beharrei izkin” egiten dietela, eraikina interes pribatuen esku uzteko eta “dirua ateratzeko”. Oraingoz, Uribarri Prest-ek ez du asmorik udalarekin harremanetan jartzeko. “Borrokaren fase honetan ez da planteatu; hala ere, egin dugun dinamikari buruzko balorazioa egin behar dugu, eta nola jarraitu aztertuko dugu”. Gauza bakarra dute argi: Olabarri jauregiaren aldeko borrokan jarraituko dute. “Haiek baliabide handiak dituzte, eta gu eragile txikia gara, baina gu gara herria; sarea egiten badugu, eta borrokatzen bagara, atera dezakegu”. Olabarriren eskumena lortzeko lanean jarraituko dute, “irudimenez eta molestatuz”.