Ibai Maruri Bilbao
Kaleko musikaz gozatzeko aukera paregabea egongo da gaurtik domekara bitartean Zornotzan: XVI. Haizetara jaialdia egingo dute. Izango dira Balkanetako estiloko bandak, New Orleansko (AEB) doinuak jotzen dituztenak, jazza, beste batzuen bertsioak egiten dituztenak… Esaterako, Frantziako eta Belgikako musikariek osatutako Fanfare Jukepo bandak ere bertsioak egiten ditu, baina Madonna, Aqua, Britney Spears, Spices Girls, Eminem, Corona eta beste hainbat talde edo bakarlariren kantuenak. Jazz Huntersekoek New Orleansko jazza jotzen dute, eta Harmoni’s bandakoek, Beningoa.
Mirian Ariaga Zornotzako Udaleko Gazteria dinamizatzaileak azaldu duenez, aurten 53 bandak eman dute izena lehiaketan; iaz baino hamahiru gehiago dira. Horien artean, zortzi aukeratu dituzte: “Saiatzen gara estilo aldetik oreka bat egon dadila. Ahalegintzen gara andreen bandak ere ekartzen, baina ez da erraza izaten, ez direlako asko apuntatzen”. Berbarako, aurten lehiarako aukeratu duten bandetako bat, Bulbalkan izenekoa, Madrildik etorriko da, eta kide guztiak emakumeak dira. Ahalegintzen dira beste bandetan ere andreen presentzia egon dadin bermatzen.
Gaur hasiko da banden aurkezpena, 19:00etan, Zelaieta parkean. Ordutik aurrera, ordu erdiero lehian arituko diren zortzi bandetako baten emanaldia hasiko da Zornotzako guneren batean. Antolatzaileek gonbidatu dituzten lau bandak ere arituko dira. Hiru sari banatzen dituzte. Horietatik bi epaimahai batek aukeratzen ditu: bandarik onenarena eta musika jotzailerik onenarena. Hirugarren saria publikoarena da, eta entzuleek bestelako irizpide batzuk erabiltzen dituzte. Arriagarren esanetan, “gehien enrollatzen direnak” eta publikoarekin harreman handiagoa sortzen dutenak lehenesten dituzte. Gaur eta bihar artean izango dute herritarrek jaialdiaren web orrian bozkatzeko aukera.
Euskal Herrikoak
Lehiatuko dutenen artean, bakarra da Euskal Herrikoa: Gasteizko Dirty Durum Brass Band. Arriagak aitortu du gutxik ematen dutela izena. Gonbidatuen artean ere badago Zornotzako batzuek beste artista batzuekin sortutako La Kermes del Vermu. “Musikaz gain, antzerkia ere nahasten dute ikuskizunean”. Euskal Herrian txaranga eta fanfarre estiloko talde gehiago daudela esan du. “Agian, pentsatzen dute ez dutela mailarik. Hala ere, urtero ahalegintzen gara bizpahiruri lekua egiten, eta eurentzat esperientzia itzela izaten da; bultzada bat”.
Hiru leku gastronomiko ipiniko dira, Zelaietan, Zubiondon eta Gernika plazan. Egun osoz daude zabalik, jan-edan bitartean, banden musikaz gozatzeko.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: Haizetara.eus