M. Garcia Martikorena
Urte berezia izan behar zuen 2023ak Loiuko gazteentzat. Bakarrak gazte elkarteak hamar urte bete ditu aurten, eta gogotsu ari ziren jaietako Gazte Eguna antolatzen. Jaiaren gurpilean, baina, makila bat sartu zaie, Frantziako Tourra izenekoa. Urtero ostiralean ospatzen dute gazteek euren eguna. Aurten, ostera, Tourrrak larunbatera aldatzera behartu ditu. Tropela larunbatean igaroko da herritik, eta aurreko egunetik dena garbi eta antolatuta utzi behar dute. Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere blogean adierazi zuenez, Ertzaintzaren, herriko elkarteen eta Loiuko Udalaren artean erabaki dute ekintzak egunez aldatzea. Neurrien artean daude, besteak beste, gaur zortzi herriko tabernak eta txosnak 22:00etan ixtea eta Gatiburen kontzertua ostiraletik ostegunera aldatzea.
Erabaki horiek hautsak harrotu ditu gazte elkartearen barnean. Paule España Elorrieta elkarteko kideak azaldu duenez, arazo nagusia ez da eguna aldatu behar izatea, baizik eta udalak izan duen jarrera: “Tourrak, gure kasuan, udalaren kudeaketa txarra ekarri du. Informazioa oso berandu eta gaizki eman digute”. España Elorrietak dio jaiak hasi baino bi aste lehenago izan zutela aldaketen berri. “Etortzekoak ziren talde eta ekintza antolatzaile batzuk ezingo dira etorri. Beste aukera batzuk bilatu behar izan ditugu, arrapaladan eta ahal izan dugun moduan”.
Azken hamar urteetan aurrera eramandako elkarlanari esker herriko jaiak “berpiztea” lortu dutela dio Loiuko gazteak. Horregatik, aldaketak aldaketa, jaiak “gozatzeko” gogoz daudela adierazi du. Hala ere, jendea udalarekin erreta dagoela nabarmendu du; “haserre” daudela. Bizkaiko Hitza Loiuko Udalarekin harremanetan jartzen saiatu da, baina ez du erantzunik jaso.
Gazteez gain
Gazte Eguna eta kontzertuak ez dira Loiuko jaietan aldaketak izango dituzten ekitaldi bakarrak. Gazte Eguna ostiraletik larunbatera aldatzeak jaietako ekintza “nagusietako” bat egunez mugitzea ekarri du: paellak igandean izango dira, gazteek haien bazkaria larunbatean egingo baitute. Gazte elkarteko kideak ez du ulertzen nolatan erabaki duten “bat-batean” aldatzea “hain garrantzitsua” den ekitaldi bat; “informazio eta arrazoi gutxi emanda”, gainera.
España Elorrieta beldur da urteroko giroa egongo ez ote den: “Adin batetik aurrera jendeak beste erritmo bat du, eta ez dakit igande batean jai girorako hainbesteko gogorik izango den”. Paelletan egoten den giroa galtzeak pena emango lioke gazteari, bertan “haur txikiak nahiz aitona-amonak” batzen direlako. “Ospakizun ezberdina da, gazteak gurasoen kuadrillekin batzen dira bazkaltzeko. Normalean hori ez da ikusten”.
Gazte elkarteak ez du uste Frantziako Tourrak Loiuri ekarpen “zuzenik” egingo dionik. Are gehiago, España Elorrietak dio, oraingoz, “oztopoak” soilik ekarri dituela: “Jaiak birpentsatu behar izan ditugu denbora gutxirekin, eta ekintza batzuk kolokan geratu dira”. Igandean egiten zen herri bazkaria, esaterako. Gaztearen aburuz, igandeko bazkaria ez zegoen oso errotuta herrian, eta beldur da aurten egin ez izana aitzakia bezala hartu eta udalak berriz ez antolatzea erabakiko duen.
Tropela herri erditik
Loiuko jaiak ez dira Frantziako Tourra dela-eta eragozpenak izango dituzten bakarrak Bizkaian. Sopelan, sanpedroek “ia egun oso bat” galduko dute, Amets Legarra Sopelako Kuadrillen lehendakariaren arabera. Sanpedroak ostiraletik igandera ospatzen dira, eta, txirrindularien tropela larunbatean igaroko denez herritik, jaia ordu batzuk etetera behartuta ikusi dute euren burua, Loiun legez.
Ekitaldiak ostiraleko 21:00etan amaituko dira, eta jaia 15:30ean berrabiaraziko dute larunbatean. Txosna 22:00 arte egongo dira irekita. Baina tabernak bestelako kontu bat dira Sopelan. Legarrak adierazi duenez, “oraindik gauza asko daude airean”. Izan ere, Sopelako Udalak tabernei eskatu zien 22:00etan ixteko, baina ez dira ados agertu. “Tabernariak oso haserre daude neurriarekin. Jai batzordetik udalari eskatu diogu uzteko gauerdira arte zabalik izaten; gutxienez, afariak eman ahal izateko”, dio Legarrak. Hark ez daki jaiak hasi aurretik akordio batera helduko diren: “Neurriak elkarlanean hartu behar dira, guztion artean, ez bakarrik udalak edo aldundiak esaten duenari jarraituz”.
Tabernen itxiera ez da Sopelan egongo den aldaketa bakarra. Ostiralean ez da kontzerturik egongo, eta larunbat goizerako antolatu ohi dituzten umeentzako jolasak alde batera utzi behar izan dituzte. Bazkaria ere atzeratu egin beharko dute, Tourra bazkariko gunetik —eskolatik— gertu igaroko baita.