Material informatiko erabilia birgaitzeko, Elkartenetekoek Linux software librea erabiltzen dute, posible denean. Batetik, doakoa delako, eta, hala, edozeinek eskuragarri izan dezakeelako. Eta, bestetik, nahieran egokitu daitekeelako, Elkarteneteko kide Jabi Alfaroren berbetan. “Sistema eragile espezifikoak sor daitezke, edozein talderen beharrak betetzeko”. Ordainpekoek ere eskaintzen dute aukera hori, baina ordenagailu indartsuagoak behar dira gauzatzeko.
Software librearen bidez, erdietsi dute, besteak beste, ikusmen urritasuna duten ikasleentzako sistema eragile bat —probatzen ari dira oraindik—. Eta Linux erabiliko dute, orobat, Seaskako ikastoletako digitalizaziorako, haiek eskatutako aplikazio jakinekin; asmoa da Bilboko Udalak baztertu asmo dituen 650 bat ordenagailu birgaitzea ikastetxeontzat.