Hizkuntza jagoteko tresnak

Hizkuntza jagoteko tresnak

Amaia Igartua Aristondo

Ekonomia zirkularraren adibide bat izan liteke: jada erabiliko ez duten material informatikoa jaso, doitu eta beste leku batean aprobetxatzea. Arroparekin egiten den antzera, norberari txiki geratutakoak balio diezaioke neba edo arreba gazteari; eta helburu baterako eskakizunak betetzen ez dituen ordenagailu bat aproposa izan daiteke beste xede batzuetarako. Elkartenet hezkuntza elkartearena da egitasmoa, eta Jabi Alfaro kidearena analogia. Iaz, Barakaldoko Agharas amazig elkartearekin batera, birgaitutako laurehun bat ordenagailu eraman zituzten Er-Raxidiara (Maroko). Aurten, material informatiko gehiago bidaliko dute hara: Bilboko Harrobia ikastolako ikasleek berregokitutako 50 ordenagailu eramangarri, mahai gaineko beste 32, sei arbel digital, eta pare bat inprimagailu. Atzo atera ziren Bilbotik.

Sorta horretan, hainbat berrikuntza daude. Izan ere, Txiki Linux sistema eragilearen bertsio berri bat garatu dute, amazigeraz, eta teklatu batzuk doitu dituzte, hizkuntza horren grafiarekin. Hango mintzamoldea da amazigera, berba egiten dute, baina ez dakite ez idazten ez irakurtzen, Alfarok azaldu duenez; ez helduek, ez gazteek. “Gaur egun, eskoletan amazigerazko hiztegia dute, baina hori baino ez. Material berriarekin, hizkuntza irakasteko aukera izango dute, gal ez dadin”. Horrez gain, sistema eragilea bestelako hezkuntza beharretara egokitu dute: adibidez, frantses literatura lantzeko aplikazioak gehitu dizkiote.

Era berean, iazko esperientziak balio izan die eskakizunak jasotzeko eta hutsuneak betetzeko. Esaterako, aurten bateria berriak bidaliko dituzte, horien premia baitute. Alfaroren arabera, jasotzen dituzten ordenagailuen bateriak nahiko gaizki egon ohi dira; hortaz, bateriarik ez bidaltzea erabaki zuten aurreko urtean, berehala hondatuko zirelakoan. Hori horrela, ordenagailuek une oro egon behar dute entxufatuta, baina, Er-Raxidiako ikastetxearen baliabideekin, ezinezkoa da denak batera erabiltzea. “Arazoak dituzte elektrizitatearekin. Ikasgela bakoitzean entxufe bakarra daukate. Orduan, edo gelak elektrifikatu behar dituzte, edo gela elektrifikatu bat sortu behar dute ordenagailuentzat. Bateriekin askoz errazago moldatuko dira”.

AGHARAS

Erosi ordez, berrerabili

Elkartenetek lau urte daramatza ordenagailuak berreskuratzen. Bilboko Arangoiti auzoko anbulatoriokoei erreparatu zieten aurrena. “Ikusi genuen ordenagailuak ordezkatzen ari zirela. Garbigunera botatzea zen haien asmoa. Baina justu ondoko ikastetxean ez zegoen ez ordenagailurik, ez informatika gelarik”. Baimena lortu ondoren —hasierakoez gain, laborategikoak ere eskuratu zituzten—, ordenagailuok lekualdatu zituzten, eta haiekin txoko teknologikoak sortu ziren Arangoitiko ikastetxean: gela bakoitzean bi jarri zituzten, ikasleek txandaka erabil zitzaten, informatikan trebatzeko.

Ugarituz joan dira esku hartzeak eta begiz jotako materiala. “Adibidez, institutuetan baja emandako ordenagailuak guztiz aproposak dira Lehen Hezkuntzako konpetentziak garatzeko”, esan du Alfarok. Beste adibide bat: posible da lanpara maiztuta daukaten proiektore batzuek gehiago irautea, baldin eta hondatutakoak beste lekuren batean botatzekoak diren proiektoreen lanparekin ordezkatzen badira. “Ez dugu material berririk nahi: daukaguna birgaitu nahi dugu”.

Alabaina, dirua behar da horretarako. Eta baliabideak. Gaur-gaurkoz, Elkartenetek Bilboko Udaletik baino ez du jasotzen diru laguntza, eta, Alfaroren arabera, lokala alokatzeko lain ere ez du ematen. “Eusko Jaurlaritzari zentro bat eskatu diogu materiala prestatzeko, ikastetxeetan baja emandako materiala pilatzeko, aztertzeko, ahal bada berrerabiltzeko, eta bestela birziklatzera eramateko”. Dirua behar dute, era berean, Er-Raxidiako ordenagailuetan beharrezko egokitzapenak egin eta amazigerazko sistema eragilea guztietan txertatzeko.