Amaia Igartua Aristondo
Orain dela 80 urte hil zen, baina egungo Bilbon agertu da Eulalia Abaitua argazkilaria (1853-1943), jantzi beltz dotore batekin, kapela buruan, eta bere garaiko argazki kamera bat eskuetan. Casilda Iturrizar parkean, tarteka-marteka eramaten du tresna begira: behin eta berriro, Bilbo ezezaguna harrapatzen du andreak. Orain dela hamarkada asko hil zen, baina bizirik jarraitzen du; oraingo honetan, Panpotx konpainiaren ekimenez. Bilboko Kalealdian berpiztuko da Abaitua: astelehenean, martitzenean eta eguaztenean, 17:00etatik aurrera, parkean ibiliko da lau bat orduz, bertaratzen direnei argazkiak ateratzen. Eta astelehenean bertan hasiko da, halaber, Bilboko kaleko ikuskizunen jaialdia, kaleko arteei propio eskainitako festa.
Sei egunez, 34 lan ikusi ahalko dira hirian, aire zabalean; guztira, 69 emanaldi eskainiko dituzte, denak doakoak. Casilda Iturrizar parkea izango da ardatza, han izango baitira emankizun gehienak —lau gune egongo dira, eta Pergolan, agertoki bat—, baina harago ere hedatuko da Kalealdia: zehazki, Arriaga antzokiko inguruetara, Zazpikaleetara —ikuskizunak egongo dira Plaza Barrian, Kapelagile kalean eta Posta kalean—, Areatzako aterpeetara, Bizikidetasun plazara eta Gas plazara helduko da jaialdia, askotariko egitarau batekin; besteak beste, antzerkia, dantza, koreografia, akrobazia, magia eta memoria historikoa izango dituzte hizpide ikuskizunek.
Miaketa baten emaitza da emanaldien zerrenda. Kalealdiko zuzendari Pedro Ormazabalek taxutu du, 2022ko jaialdietan ikusitakoarekin, gehienbat; era berean, jaialdiak hainbat lankidetza programatan parte hartzen du, eta ekinbide horietatik ere elikatu da aurtengo programazioa, Ormazabalek aletu zuenez, ekainaren 1ean, jaialdiaren aurkezpenean: Euskal Herrian hasi berriak diren kaleko arteen konpainien obrak sustatzeko eta hedatzeko Karrikan plataformaren eskutik batu da Piszifaktoria ideien laborategia; Eusko Jaurlaritzaren eta Aveiroko (Portugal) arte eszenikoen jaialdiaren arteko hitzarmenari esker egongo dira Bilbon hango Teatro do Mar eta Coraçao Nas Maos taldeak; Olatz Gorrotxategiren bitartekaritza kulturalaren ondorioz bildu da Etorkizuna Musikatan proiektua; eta Gasteizko Kaldearte egitasmoarekin batera ekoitzi dute Impulsos Cia Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko konpainiaren Lenguajes ikuskizuna, zeinak zirkua, antzerkia, mugimendua, musika eta poesia bisuala uztartzen dituen.
Hemengoak eta hangoak
Formatuetan ez ezik, jatorriei dagokienez ere askotarikoa izango da Kalealdia: hala nola Herrialde Katalanetako, Italiako, Frantziako, Belgikako, Portugalgo, Japoniako eta Mexikoko konpainiak arituko dira hirian. Baina tokiko artistekin ere josi dute egitaraua: 11 euskal konpainia izango dira, eta horietatik zortzi, Bilbokoak. “Azpimarratzekoa da, horrek esan nahi baitu hemen maila ona dagoela”, Ormazabalen berbetan.
Euskaraz mintzo dira lanotako hiru. Barsanti Cia taldearen Akabo! ikuskizunak suizidioaren gaiari heltzen dio, tragikomediara jota. Hiru pertsonaiak hamabi metroko garaiera batetik arituko dira, plataforma jasotzaile batean, jauzi egin edo ez erabaki bitartean, horretara eraman dituzten jazoerak aletzen dituztela; bizitzari aurre egin ezin izateaz dihardu antzezlanak. Eguaztenean izango da, 18:30ean, Casilda Iturrizar parkean, Arte Ederren Museoaren gunean.
Funanbulista baten berri emango du, bestalde, Estefania de Paz Asin artistak. Argako Erregina ikuskizunean, ezizen horrekin ezaguna zen Remigia Etxarren Iruñeko emakumearen nondik norakoak azalduko ditu eguaztenean, 17:30ean, Pergolako agertokian. Orain dela ehun urte hil zen Etxarren —orobat Mademoiselle Agustini eta La Reina de la Maroma goitizenduna—, eta sona handia izan zuen XIX. eta XX. mendeetako Iruñean. Figura horretara gerturatuko da De Paz Asin: Nor izan zen Etxarren? Zergatik erabaki zuen altueran ibiltzea, orduko hartan gutxi batzuek egiten zuten jarduera?
Iraganetik, etorkizunera. 2031. urtera, hain justu. Izan ere, espekulazio ariketa bat proposatzen du Piszifaktoria ideien laborategiak Asfaltoaren azpian, euria antzerkiarekin: COVID 19aren Omega aldaera dela-eta hamar urtez konfinatuta egon ondoren, kalera ateratzeko unea da, baina, zirrara baino gehiago, beldurra eragingo die horrek protagonistei. Esparru publikoko bizitzari buruzko hausnarketa bat da, teknologiarekin, adimen artifizialarekin eta zuzeneko musikarekin taxututako ikuskizun ibiltaria: Plaza Barritik abiatuko da ibilbide distopikoa, Kapelagile eta Posta kaleetatik igaroko da, eta Areatzan amaituko da. Zehazki, hiru emanaldi eskainiko dituzte: eguenean (20:00etatik aurrera), barikuan (19:30ean) eta zapatuan (22:30ean).
Mintzatuko dira ahotsarekin, mintzatuko dira gorputzeko mugimenduak baliatuta, eta mintzatuko dira, era berean, koloreen bitartez. Izan ere, ikuskizunek ez ezik, dekorazioak zeresana izango du jaialdian. Toño Valdivieso Bilboko artista arduratu da aurten Casilda Iturrizar parkea atontzeaz: kolore deigarridun oihal batzuekin estali ditu hainbat arbolaren enbor mardulak, zuhaitzak taxutu ditu hondakinekin, totem itxurako harri batzuk ipini ditu lurrean atseden hartzeko, eta bidoi batzuk aprobetxatu ditu gauzak utzi ahal izateko, beste esku hartze batzuen artean. “Ahalegindu naiz hain berdea den gune honek izan ditzala beste kolore batzuk ere: gorria, laranja…”. Materialak berrerabilita ondu du dekorazioa, azpimarratu duenez.