Amaia Igartua Aristondo
Bazuen haren berri, ikusia zuen hainbatetan Durangoko Andra Mari elizaren pean, han egoten baitzen “beti, goizez eta arratsaldez”, egun eguzkitsu zein goibeletan, mahai baten atzean, goxokiak eta jostailuak saltzen. Han egon zen Bonifacia Macarron Boni (Durango, 1924-2007), hamarkada luzez: 16 urterekin hasi zen elizpera joaten, eta 82 urtera arte jarraitu zuen horretan, amarekin aurreneko urteetan, semeetako batekin azkenetan; hori izan zuen bizibidea. Martxantera bat zen, eta bistaz bai, ezaguna zuen Marta Goikoetxea idazleak (Zornotza, 1983). Proiektu batek eman dio haren inguruan gehiago jakiteko hauspoa: Bizkaiko Foru Aldundiaren Ipuinak bildumako kontakizunen ardatz dira herrietako pertsonaia fikziozko edo errealak, eta elizpeko andre horiek hautatu dituzte ale berrirako: Martxanterak lanerako (2023). Goikoetxeak ondu du testua, eta Iñaki Landa Fuentesek (Portugalete, 1981) ilustrazioak.
Emakume horietan azkena izan zen Macarron: egon ziren gehiago —bospasei, orotara—, baina azken urteetan Boni baino ez zen geratu elizpean. Goikoetxeak bazituen haren oroitzapenak, baina dokumentazio lan bat abiatu zuen informazioa biltzeko. Helduleku gutxi izan ditu behar horretan, adierazi duenez: 2021ean, Durangoko Udalak omenaldi bat egin zien martxanterei, Macarronen margo bat kokatu zuten elizpean —Arantxa Orbegozo (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) artistak egindakoa—, eta emakumeon inguruko hainbat erreportaje argitaratu ziren, ekitaldiak akuilatuta. Horrez gain, ezer gutxi. “Liburu batzuetan aipatzen dira martxanterak, baina zeharka, zehaztasunik gabe”, Goikoetxearen berbetan.
Hori horrela, herritarren oroitzapenetara jo du. “Kontatu didate oso emakume maitatuak izan zirela, oso atseginak, irribarre batekin harrera egiten zietela umeei eta helduei”. Anekdotekin osatu du Macarronen soslaia. “Erreportaje batean, semeak esan zuen ume bat galtzen zenean udaltzainek Bonirengana eramaten zutela, bera baitzen erreferentzia puntua; gurasoak harengana joaten ziren galdutako umearen bila”.
Hala, Martxanterak-eko Boni samurra da, gizatasun handikoa: hala imajinatzen du Goikoetxeak, eta hala irudikatu du ipuinean. Narrazioaren protagonista Alaia gaztea da: amaren urtebetetzea da, pozik dago ospatuko dutelako, baina baita kezkatuta ere, ez baitu ez oparirik ez marrazkirik amarentzat. Alde Zaharreko Goienkalera joango dira eguna ospatzera, eta bidean Boniren postuan geldituko dira. “Diabolo bat ikusiko dute mahaian. Amak gogoratuko du txikitan harekin jolasten zela, baina alabak ez du jostailua ezagutzen, eta erakutsi egingo dio nola maneiatu”. Ahalegin horretan, Bonik hainbat “balio” erakutsiko dizkio neskatoari. “Hasieran, ez zaio ateratzen; korapilatu egiten da, eta zaila da erabiltzea. Bonik esango dio diaboloarekin jolasteko pazientzia behar dela, iraunkortasuna eta amore ez ematea”.
Kontrasteetan mamituta
Hitzen bidez soilik ez, irudien bidez ere islatu behar ziren Boni errealaren eta Alaia fikziozkoaren ezaugarriak. “Erronka nagusietako bat Alaia irudikatzea izan da, haren sentimenduak ondo azaltzea: pozik dago, urduri…”, adierazi du Landa Fuentesek. Eta, era berean, dokumentazioaren bidez taxutu du Boniren pertsonaia, argazkiei behatuta, jakiteko nolakoa zen Macarron fisikoki, eta nolakoa zen haren postua, halaber. Durangon bizi da ilustratzailea, eta Andra Mari elizako arkupeak eta ingurua ere oso presente izan ditu, ama-alaben ibilbidea egoki islatzeko.
Detailez josi ditu irudiak, baita kontrastez ere. Behin pertsonaiak eta agertokia marraztuta, orduan erabaki ohi ditu koloreak. “Kasu honetarako, paleta mugatu bat aukeratu nuen. Kontrastea sortzeko, tonu gorriak, urdinak eta zuriak aukeratu nituen, batez ere, objektuentzat, postuko goxoki eta jostailuentzat”. Kolore horixka ere erabili du, tonuak beste garai batera eramaten baitu, Landa Fuentesen irudiko, baina ez oso atzera: bide eman dio marrazkiak Boniren garaian kokatzeko.