Artilearekin komeriak

Artilearekin komeriak

Z. Jainaga Larrinaga

Ardi latxen artile asko alferrik galtzen da Euskal Herrian: arazo handia dugu horrekin. 26 tona artile alferrik galtzen dira urtero”, Eduardo Loretoren hitzak dira. Hain zuzen ere, Gueñesen dagoen Basque Design Centerrek ikertzaile gisa kontratatu zuen diseinatzaile venezuelar gaztea, arazo horri irtenbideak bilatzeko. Ardi latxen artilearen inguruan ikertzen ari da egun: “Duela urte batzuk, lastairak betetzeko erabiltzen zen artilea, eta isolamendu termikoak egiteko, baina, material askoz merkeagoak sortu zirenez, erabiltzeari utzi zitzaion. Egun, arazoa ekonomikoa eta ingurumenari lotutakoa da”, azaldu du Loretok. Orain, artzainek artile hori erre egiten dute moztean, eta, ondorioz, ez dute etekinik ateratzen. Hala ere, ahal duten neurrian erretzen dute, kostatu egiten baitzaio su hartzea. “Arazo handia da artzainentzat eta ardi arrazarentzat; azkenean, ardia gazta egiteko bakarrik bada, ez da produktiboa”. Loretok gaineratu du balitekeela ardiek errentagarri izateari uzten diotenean latxa arraza arriskuan egotea.

Basque Design Centerren artilearekin sor daitezkeen gauzak ikertzen ari dira, ahalik eta gehien desegin ahal izateko. “26 tona artile asko da, artilea material arina delako eta kantitate handia delako”, zehaztu du Loretok. Proiektua prozesuan dago, eta, batik bat, xehetasunak fintzen ari direla azaldu du; hala, oraindik goiz da aurrerakuntzak azaltzeko. “Hitzarmen bat dugu EHUrekin, eta materialak ikuspegi zientifikotik aztertzen ari gara”. Hori horrela, guztiz biodegradagarriak, ekologikoak eta ingurumenerako onuragarriak diren bi material proposatu dituzte.

Batetik, artilez egindako egurra legoke. Zuhaitzetatik datorren zelulosa erabiliz, artilearekin elkartu eta zelulosa hori sendotzen dute, beste egur bat eta pasta bat sortu, eta askotariko formak eta aplikazioak lortu ahal izateko. “Egur bihurtzen den orea da, zehazki. Gauza askotan erabil daiteke: eraikuntzarako, panel akustikoak egiteko, eta, batez ere, barne diseinurako, baina baita eskulturarako ere. Modan, bestalde, zapata suediarrak eta betaurrekoak egiteko erabiltzen ari gara”. Bestetik, hormigoia sendotzeko ere baliatzen da. “Normalean, gaur egun erabiltzen den hormigoia polietilenoa da; guk planteatzen dugu ardi latxen artilea hormigoizko errefortzu gisa erabiltzea. Errefortzu horrek hormigoia pitzatzea eragozten du”. Halaber, zehaztu du horrela mikroplastikoak ez direla ingurumenean sartzen, eta energiaren ikuspuntutik askoz ere iraunkorragoa eta eraginkorragoa dela.

ARTILEA

Ehuna traba

Ardi latxen artilea maneiatzeko erraza dela adierazi du Loretok. “Erabiltzen ari garen eremuan nahiko erraza da maneiatzea. Nahasketak eta moldeak egiteko behar dugun luzeraren arabera mozten dugu”. Ehun gisa erabiltzean, baina, konplikatua da, ez du funtzionatzen, ardi latxen artilearen arazo nagusia baita latza, zakarra dela, izenak dioen bezala, eta garbitzeko orduan garbigailu konbentzional bat hondatu dezake. Marka batzuek erabiltzen dute artile hori, eta, azkura ematen badu ere, badira ardi latxen artile gainean emaitza onak lortu dituztenak. Loreto modan espezializatu zen arren, hasieratik argi izan zuen ez zuela ehun gisa erabiliko, nahiz eta jendeak pentsatu artilea jantzigintzan erabiltzen dela ohikoena. “Horrela ez diogu arazoari aurre egiten. Arazoa askoz handiagoa da. Artile asko da, eta ehunarekin oso gutxi aprobetxatzen da”.

Munduan ardi arraza asko daude, ardien kultura zabaldua dago, eta arazo bera dute artilearekin. “Ez da errentagarria, eta nekazariek artilea eramateko kobratu nahi dute; lehen saldu egiten zuten, eta diru sarrera bat zuten horrela”, azaldu du Loretok. Europan hainbat lekutan gertatzen ari da, eta Australian, Argentinan eta Zeelanda Berrian ere bai. Hori horrela, Basque Design Center gunean egiten ari diren proiektua beste hirietara estrapolatu ahal izatea pentsatzen ari dira. Laborategi xume bat dira, eta materiala sortzea eta probatzea da lehen urratsa. Ikerketaren hurrengo pausoa proiektua gauzatu ahal izatea litzateke, Gueñesen egoteari utzi eta ekoizpenari ekitea. Alferrik galtzen diren 26 tona artile horiek erabili, eta materialak diseinu eta arkitektura enpresei eskaini ahal izateko, besteak beste.